Gaueko hiri argiztapenari buruzko ‘Slowlight’ kongresua antolatuko da Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaueko hiri argiztapena uztartzen duen ‘Slowlight’ kongresuaren bigarren edizioa antolatuko da bihar Galdakaon. Euskal Herrian egingo den lehen aldia izango da eta mundu mailako adituek parte hartuko dute hitzorduan.
Jardunaldi aitzindaria hartuko du Galdakaok bihar, martxoak 24. Torrezabal Kultur Etxean ‘Slowlight’ kongresuaren bigarren edizioa antolatuko da, ‘Gaueko hiriari buruzko elkarrizketak’ izenburupean. Euskal Herrian antolatuko den lehen aldia izango da eta mundu mailako adituak batuko dira gaueko hiri argiztapenaren inguruan hausnartzeko.
Egun osoko egitaraua antolatu dute biharko. Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak zabalduko du topaketa 9:00etan eta 19:30 arte iraungo du hausnarketarako guneak. Irekieraren ostean Coque Alcázar ‘Slowlight’ ekimenaren sortzaileetako batek gaia kokatuko du.
Jarraian, hainbat adituk solasaldiak eskainiko dituzte eta hauek dira eskainiko dituzten saioak, besteak beste: ‘Gure zerua babestuz. Pyrenees la nuit’, ‘Gaueko paisaia berri baterantz’, ‘Argiaren basoa’, ‘Santiago de Compostela: Slowlight ikuspegi berria’, ‘Argiztapenaren hirigintza’, ‘Argiztapen emozional eta herritarra’ ‘Hirigintza genero ikuspegiarekin’, ‘Artea eta argiztapen iragankorra hiri esperientzien diseinuan’ eta ‘Hiri arduratsuak’.
Arratsaldean hiri argiztapen adimendua uztartuko dute, «norabide horretan prestatzen ari baita Galdakao», Udalaren hitzetan. Hiri inteligenteek zabaltzen dituzten aukerak ezagutzeko aukera izango da eta, energiarekin lotuta, Gorozibairako sortzen ari den autokontsumo proiektuaren berri emango du Ekiola enpresako zuzendari teknikoak. Galdakaoko Udaleko ordezkariek ere parte hartuko dute, eta baita beste udal, erakunde, entitate eta foro batzuetako ordezkariek.
«Etorkizun hobe bati begirako jardunaldia da eta aitzindaria», azpimarratu dute Udaletik. Bereziki adituei eta argiteriarekin lotutako lanak egiten dituzten inguruko enpresei bideratua egon arren, herritarrei zabalik egongo dela azaldu dute. «Galdakaoko Udalak bertaratzeko gonbidapena luzatzen die gaiaren inguruko hausnarketa berriak ezagutu nahi dituzten galdakoztar guztiei», adierazi du Udal Gobernuak.
Informazio gehiago ezagutu daiteke ekimenaren webgunean.