Gaur sei urte bete dira Galdakaoko pentsiodunak batzen hasi zirenetik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Astelenehero moduan, Kurtzeko plazan batu dira Galdakaoko pentsiodunak «1.080 euroko gutxieneko pentsio duina» eskatzeko. Gaur sei urte bete dira batzen hasi zirenetik eta «lortutakoa ospatzen eta falta dena eskatzen» jarraituko dutela aldarrikatu dute. Hemen batu dugu pentsiodunek egindako adierazpena, hitzez hitz.
Sei urte bete dira honezkero pentsiodunak plazetan batzen hasi zirenetik, «pentsio duinak eta gutxienekoak» eskatzeko. Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du denbora luze honetan aldarrikapenekin eta seigarren urteurren honetan Kurtzeko plazan batu dira gaur, astelehenero moduan.
Hitzorduan, duela hilabete batzuk Manu Rodriguez Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak BINKEri aitortu moduan, orain arte egindako «nahikoak ez direla» nabarmendu dute eta 1.080 euroko «gutxieneko pentsio duina» eskatu dute.
Mugimenduko lau pertsonek hartu dute hitza Kurtzeko plazako kioskoan eta hau da egin duten adierazpena, hitzez hitz:
«Urteetan pentsiodunak era txarrean tratatuak izan ondoren, Fatima Bazañezek pentsioetan %0,25eko igoera aginduz eskutitza bidali zigun. Honek bazterrak arrotu zituen eta milaka pentsiodun kalera irten ginen borrokatzera. Sei urte geroago hala jarraitzen dugu.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukoek lortutakoa ospatu egiten dugu; 2013ko PPren erreformaren IRP (0,25) indargabetzea, Pentsio Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta gure pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea. Izan ere, aurten izango dugun % 3,8eko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du. HPMkoek euria ari zein eguzkia izan, 275 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan.
Harro gaude bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz. Baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika
publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere.
Osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartzen jarraitzen dugu; langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi diegu. Euskal Herrian gizarte mobilizaziorako erreferente izatea lortu izana eta Estatuko beste Herri eta Erkidego batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizazioak partekatzea ospatzen dugu.
Mila arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko. Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak.
Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari.
Horregatik guztiagatik, azken sei urtean eskatzen ari garen premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzen jarraituko dugu.
Banatu nahi gaituenaren aurka: gazteak eta adinekoak, jarduneko langileak, pentsiodunak, gizonak eta emakumeak, eskakizun bera dugu, aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko
ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea. Hala egin genuen 2023ko martxoko
Itxialdi-Baraualdiarekin, 2023ko ekaineko Ibilaldiarekin, eta mobilizazio orokorrean edo 2023ko mobilizazioan: Madrilen urriak 28an, Iruñean azaroak 11an eta Gasteizen azaroak 16an eta Irailaren 28an Legebiltzarrean 1080 Ponentziakin eta borrokan jarraituko dugu geratzen zaizkigun aldarrikapenak lortu arte, batez ere Gutxienenko Pentsio Duina eta nahikoa lortu arte. Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu!»
Galdakaoko Udalari eskertu diote ere azken urte hauetan emandako laguntzagatik eta Iñigo Hernando alkatearen babesa ere eskertu dute, kioskora igotzera gonbidatuz. Alkateak herrian horrelako mugimendua izatea «eredugarria» dela nabarmendu du: «Beste herrietara noanean esaten didate, Galdakaoko pentsiodunen egiten dutena erreferentea dela».
«Borroka haien egoera hobetzeko helburu nagusia du baina aldarrikapena eskertzeko da ere datozen belaunaldientzat borroka hau ezinbestekoa delako», adierazi du Hernandok.