«Gilead etxean», Ainara G. Goitiandia
Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
BINKE / 2023ko uztaila
Egun hauetan gure lurraldean zenbait kongresu berezi ospatzen ari dira. Bereziak esaten dotenean, kezkagarriak esan beharko nuke, gizakien salerosketa zabaltzen dituzten kongresuak baitira. Eta gizakiak esaten dotenean, emakume eta umetxoen salerosketaz ari naiz. Beraz, kongresu hauek ez dute bestelako gizarte alarma sortu behar. Lasai, emakume eta umetxoetaz arituko gara, ez esklabu arruntetaz. Pasadan ekainean, Bilboko hotel batean, XVI. Anacer kongresua ospatu zen, farmazia eta laborategiak babestua, non «ordezkapen bidezko haurdunaldiari» buruzko ponentzia egin zen, horrela deitzen diotelako ugalketa-ustiapenari. Orain, eta kongresu honen arrakasta eta gero, asteburu honetan, Alhondigan eta Bilboko Udalaren dirulaguntza eta babesarekin, espazio publiko honetan, Emakumeen eta Ordezkapen Bidezko Haurdunaldiaren Nazioarteko I. Kongresua ospatuko da.
Emakumearen ugalketa-ustiapenari buruzko bi kongresu, bi hilabetetan, hiri berean. Komunikabideetan punta-puntan pasatu den fenomeno hau ez da kasualitatea. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa dira gizakien merkataritza gehien erabiltzen dutenak. Espainiako estatu osoan, gu gara ugaltze-ustiapena gehien erabiltzen dugunak haurtxoekin merkataritzan aritzeko. Atzerrian erositako haurren herenak Euskadin ematen du izena, batez ere Bizkaian, 250 haur urtean. Kontuan hartu beharreko zifra da hau. Izan ere, EITB, Deia eta El Correo bezalako komunikabideetan dagoeneko zuritzen eta iragartzen ari dira kongresu hau, emakumeen eta haien haurren merkataritza mota
honen publizitatea eginez.
Nork ez du ezagutzen bere auzoan, familian, eskolan, herrian, haur bat erosi ez duen familiaren bat? Amodioa eta altruismoa argudiatuz, emakume pobreen sabelak alokatzen dituzte haurrekin merkataritzan aritzeko. Estatu espainiarrean legez kanpokoa dan praktika bat egiten dute euren guraso izateko ustezko eskubidea asetzeko. Eta latzena dena, bertako langileriaren partetik egiten den emakumeen kontrako explotazio mota da hau.
Hala ere, klase politikotik bidaltzen diguten mezua argia da: «feminismo adiskidetzailea behar dogula, sexuen arteko gerrako feminismotik kanpo». Badakizue zen esan zuen Pedro Sanchezek, «gizon batzuk deseroso sentitzen dira feminismoarekin». Gezurra badirudi ere, emakumeok, salduak, erosiak, erahilak, erasotuak, bortxatuak izaten ari gara eta termino hauetan egiten dute berba agintariek. Emakumeak eta haurtxoak ez daude salgai.