«Euskarak harilkatutako politika», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2023ko urtarrila
Maiatzaren 28rako deituta dauden foru eta udal-haustekundeetako herri-programetan, zenbateko garrantzia izango dute euskarak eta euskarazko kulturgintzak? Gutako zenbatek erabakitzen du botoa alderdi baten edo bestearen alde euskararen eta bere kulturgintzaren berreskurapenerako proposatzen dituenen arabera? Zerk bideratzen du gure bozka baten edo bestearen alde?
Urteak daroatzagu errepikatzen hizkuntza baten eta bere kulturgintzaren biziberritzea ezin direla lau urterik lau urterako hauteskunde logika baten menpe egon. Urteak dira euskararen berreskurapenerako akordio nazional baten beharra aldarrikatzen dugula. Urteak dira azpimarratzen ari garena ez atzera ez atzera dagoen egoeraren aterabidea ez dagoela soilik euskalgintza eta kulturgintza deritzogun eragileen esku, jendarte osoaren esku baino. Paradigma aldatu behar dugu, euskaltasun berri bat adostu. Hezkuntza arautuan euskal dimentsioa deritzoguna eskolatik kanpo zelan definitu adostu.
Intersekzionalitatea izan daiteke gakoa, borroka askoren konfluentzia, zapalduen internazionala, bizitzeko modu berri bat zeinetan feminismoak, ekologismoak, elikadura subirautzak, hezkuntza eredu propioak, ekonomia sozial eraldatzaileak, euskal esparru komunikatiboak, migrazio politika inklusiboek, adin guztietako herrikideen zaintzarako neurri publiko integralek, euskarak eta bere kulturgintzak bat egingo duten, besteak beste.
Begibistako hariez loturiko programa bat behar du Euskal Herriak, epe ertainean finkatu beharreko mugarriz eta epe luzerako helburu irmoz osatua. Eta euskara da begibistako hari guzti horiek elkartu ditzakeena. Zein bestela?