GRAFIKOAK | Galdakao %14,5ean da euskaldun; Usansolo berriz, %20,7an
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Xabi Ealo
Urriaren hasierarekin aurkeztu zuen Soziolinguistika Klusterrak Galdakaoko eta Usansoloko euskararen kale erabileraren diagnosia. Duela urtebete egindako ikerketa baten emaitza da adierazitako ehunekoa, eta ez zen hori bakarrik adierazi bertan. Ondorengo lerroetan aurkezpen honen nondik eta norakoak bildu ditu Binkek.
Galdakaoko eta Usansoloko Euskaraldiaren aurkezpena aitzaki, honetaz baliatu ziren joan den urriaren 6an gure herrietako euskararen kale erabileraren diagnosia aurkezteko. Gandasegi eskolako areto nagusian egin zuten aurkezpena, bai Euskaraldiarena eta baita diagnosiarena ere, eta Soziolinguistika Klusterreko kide den Maialen Iñarra ibili zen aurkezle lanetan datuak plazaratzen.
Iñarrak adierazi zuen duela urtebete egindako ikerketa baten emaitzak izan zirela adierazitakoak. Hiru helburu nagusirekin egindako ikerketa izan zen: kaleetako hizkuntza erabilerari buruzko datu enpirikoak lortzea; euskararen kale erabilerari buruzko datuak interpretatzea; eta euskararen biziberritzearen bilakaera ezagutaraztea. Ez dago euskararen erabileraren inguruko aurretiazko ikerketarik gure herrietan, lehen aldia zen kale neurketa bat egiten zela hots, eta honek zera suposatzen zuen: aukerarik ez zegoela urte hauetan zehar Galdakao zein Usansolo euskaldunagoak egin diren ala ez jakiteko —ez badira EUSTATen datuak—.
Galdakaoko zein Usansoloko txoko desberdinetan 60 orduz ibili ziren orain urtebete kale neurketa egiten. «Diskrezio osoz» egin omen zuten ikerketa, jendeari inolako galderarik egin gabe, ezkutuan eta binaka. Honetarako, gailu elektroniko bateko aplikazio batez baliatuta, kaleetan zehar jendearen arteko elkarrizketak entzun eta lau izan ziren aintzat hartutako aldagai nagusiak: hizkuntza, adina, sexua eta haurren batek hitz eginez gero ea hiztun aktiboa zen ala ez.
Orotara ia 3.591 elkarrizketa jaso zituzten neurtzaileek 60 ordu horietan zehar. Hiru ibilbide finkatu ziren, besteak beste, neurketak egiteko: hauetako bat, herriaren erdialdetik, batez ere Gipuzkoa kalea, Agirre Lehendakariaren plaza edo Mugaburuko aldea barnebiltzen zituena batetik. Bigarrena berriz, Urreta, Bengoetxe eta Aperribai bezalako auzuneetan, zentrotik urrunduago. Eta hirugarrena, azkenik, Usansolo bere osotasunean, bide batez «azken hau Galdakaoko nukleoarekin alderatzeko». Datuak plazaratzerako orduan grafiko eta estatistikez baliatu zen Iñarra, eta hainbat izan ziren jasotako emaitza edo ateratako ondorioak. Auzoak alderatzerako orduan, esaterako, bata besteen arteko aldeak azpimarratu zituen, izan ere, erdialdeko joera datu orokorren oso antzekoa bada ere (%14,6), Usansolon joera handiagoa dago euskaraz aritzeko (%20,7), eta, Aperribai eta inguruetan, aurrekoaren kontrara joerak behera egiten du (%9,6).
Aldagai soziolinguistikoak behatu eta gure herrietako datuak Euskal Herriko (%12,6) beste hainbat txokorekin alderatzeaz gain, behin datuak aurkeztu eta gero sei izan ziren Galdakao mailan ateratako ondorio nagusiak:
- 10 lagunetatik 1 ari zen euskarazko elkarrizketetan.
- Usansolon jaso da euskararen erabilera altuena, auzuneetan berriz apalena.
- Haurrek eta heldu gazteen egiten dute gehien euskaraz. Usansolon aldiz, adinekoek.
- Adin talde ezberdinekoak direnen arteko elkarrizketetan gehiago egiten da euskaraz.
- Emakumezkoek gehixeago egiten dute euskaraz kaleetan; Usansolon bereziki.
- Adinkideen arteko harreman informaletako erabilera ahulagoa; bereziki, haurren artean.
Datuak bere osotasunean hemen.
Ondoko grafiko hauek dira Soziolinguistika Klusterrak argitaratutakoak: