Grafitigile anonimoa: «Grafitia legala balitz, asko ez ginateke honetan arituko»
Kaleko artea
BINKE / 2022ko urtarrila
«Grafitia legala balitz, asko ez ginateke honetan arituko»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Binke
Arteak baditu hamaika kolore. Bere baitan kokatzen da pintura, eta oraindik barrurago grafitia. Askoren ustez hazkunde handia izan du azken honek azken aldi honetan Galdakaon eta Usansolon. Honen guztiaren inguruan gehiago jakiteko xedez, grafitigintzan diharduen galdakoztar batekin izan du hitzordua Binkek.
Norbere sinadurarekin estaltzen dituzte pareta grisak grafitigintzan dihardutenek. Gutxi dira hala ere pintaden atzean haien benetako azala bistaratzera ausartzen direnak. Gehienetan zigorren bat jaso dezaketenaren beldurrez, bestetan aldiz egindako obrari kutsu misteriotsu bat ematearen xedez, ez da ohikoa margoaren atzean ezkutatzen denaren aurpegia argitara eramatea. Ez da gutxiago izan elkarrizketa honetan parte hartu duen kidea, berak ere bere izena eta izana ezkutuan mantentzea erabaki baitu. Bere inguruan eta oro har Galdakaon grafitigintzak duen lekua izan du hizpide Binkerekin.
Noiz eta nola egiten du batek grafitigintzan hastearen hautua? Aspaldiko kontua da. Bai nire eta baita ezagutzen ditudan beste askoren kasuan, ohikoa izaten da marrazkiekiko zaletasuna. Batzuk arte eskolaren eraginez, beste batzuk aldiz norbere gogoz, ohikoa da 10-12 urteren bueltan lehen irudiekin hastea.
Eta ondoren? Noski, lehen hastapen hauek ez dira denok buruan ditugun espazio handietan egiten, lehen irudiak eskolako koaderno edo tankerakoetan egiten dira baizik. Baina, akaso beldurrarengatik, beti dago errespetu bat bigarren pauso bat emateari. Lagunak, haiek dira finean «spray eta paretaren mundu honetara» murgiltzera gonbidatzen zaituztenak.
Zer da zuretzat grafiti bat? Bakoitzarentzat objektu abstraktu bat da grafitia, moduren batean edo bestean ulertzen du hau dena bakoitzak. Batzuentzat, esaterako, bakea eta lasaitasunaren ikur izan daiteke. Niri, berriz, margozteak dakarren «adrenalinak» sortzen didan zirrarak erakartzen dit, ilegala den zerbait egiten ari zaren sentimendu horrek: nola egin inork zu ikus ez zaitzan, tuneletatik barrena ibili ezkutaketan, gustu berdineko jendea ezagutu,…
Hastapenek ba al dute epe luzera bilakaerarik? Teknikoki bai, beste edozein arlotan bezala. Egiteko era, zehaztasuna, materiala,… beti dago hobetzeko zerbait mundu honetan. Hala ere uste dut oso pertsonala dela, estilo kontu bat. Ez gara bata bestearen irudiak alderatzen ibiltzen, bakoitzak badaki zer hobetu eta nondik ikasi.
Zein mezu bidali nahi da irudi hauen bitartez? Beti dago mezu bat, ados, baina orokorrean zerbait inplizitua da, ikusten ez dena. Bakoitzak badaki zer helarazi nahi dion mundu honi: lasaitasunari gorazarre egitea dena arin mugitzen den garai honetan, adibidez. Edo alderantziz, kontrakultura ikur bat ordenaren gizarteari, ez dakit. Badaude ere kritika sozial bat egitera ausartzen diren horiek, baina uste dut orokorrean gutxi direla.
Hip-hop eszenan kokatu izan da beti mugimendua. Oraindik al da horrela? Nik eta nire inguruak egiten dugun irakurketan behintzat gaur egun ia bere osotasunean dago grafitigintza Hip-hop mugimendutik aldenduta. Jada ez dira skatea, grafitia, breakdance-a eta dj-a mugimendu uniformatu baten baitan kokatzen, asko desitxuratu da hau azken urteetan, salbuespenak egonda ere.
Galdakaoko eta Usansoloko paretetan geroz eta nabariagoak dira grafitiak. Komunitate sendoa osatu dugu Galdakon behintzat, etorkizun oparokoa. Asko dira hasiberriak, eta bakoitzean geroz eta gehiago hurbiltzen zaizkigu sortua dugun taldeko kide izateko interesa dutenak, nerabeak bereziki. Aipamen berezia egin nahi nioke Graffestari, halakoei esker komunitatea are sendoagoa egitea lortu dugulako.
Zeren arabera hartzen da toki batean edo beste batean margotzearen erabakia? Goiko lerroetan esandakoaren ildo beretik. Bakoitzak erabakiko du tokia, tamaina, forma, kolorea, nahia, dena. Batez ere behin eta berriro errepikatu dudan asmoa da honen gakoa. Esaterako, lasaitasunaren bila ari diren horiek abandonatutako fabriketan margotzen dute; nik aldiz, adrenalina hori bereganatzeko, tren, bistako toki edo halakoren batean.
Zeren arabera da grafitia ilegala? Kontraturik edo baimenik erditik ez dauden neurrian beti izango da grafitia ilegala. Askotan hitz egiten da jendartean honi buruz, ez aldiz mugimenduaren baitan. Denok dakigu ilegala dela, eta horregatik denbora xahutze bat da honi buruz hizketan aritzea. Eta, poliziak baten bat harrapatzekotan, honek erabakiko du zein ondorio ezarri. Badaude kasuak lausoago aritzen direla, batez ere abandonatutako edo bistakoak ez diren tokietan.
Uneoro zaudete beraz zigorren bat jasotzeko arriskuarekin, ezta? Hala da, bai. Kontu handiz ibiltzen gara honekin. Hala ere, uste dut legala izango balitz, gutako asko ez ginela honetan arituko, ez bailuke horrenbesteko adrenalinarik eragingo gugan.
Askoren ustez pintadek herria zikindu egiten dute, ez besterik. Tira, bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Niri hala ere bitxia iruditzen zait orokorrean jendarteak nola onartzen dituen soldatapeko langileek egiten dituzten mural oro, ez ordea gureak. Polemikak polemika, nire ikuspuntutik herria aberasten eta edertzen dute grafitiek, eta hala egiten jarraituko dugu!