«Haltza maiatzean», Manu Etxebarria
Gure berbaz
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko maiatza
Euskal Herrian zuhaitz mota asko daukaguz. Batzuk beresietako berezerneak dira eta beste batzuk, sabi edo mintegietan hazia erein eta ernarorik harako hazkai egokian landatutakoak. Gaur, haltza aipatuko dogu eta maiatzagaz lotu bere ebakialdia. Haltza, berez, zur edo egur biguneko zuhaitza da, berezernea, eta sano ugaria errekari zein leku ezoetan. Baina, maiatzeko ilargibarriko bitik hirura bitartean ebagi eta sikatu ezkero, gogortu egiten da eta altzari edo beste menester batzuetan erabili. Haltza, besteak beste, Euskal mitologian be dager. Samartintxikik jentilei garia ostu eutsien oinetakoetan eta galgarauak ehoteko errota be eraiki eban baina errotarriaren zurezko ardatza giraka hasi eta atoan, erre edo apurtu egiten zan, jentilena ez ostera. Orduan, Martintxikik jentilei badinotse: «gure errotak jo eta ke daragoio». Eta jentilen erantzuna: «ez dogu uste,haltzezko ardatza jarri ez badeutsazue errotarriari». Haltza, Bereterretxeren khantorian be badager Haltzak eztü bihotzik (ezkurrik, beste bertsio batean), esaeretan be bai: «haltzaren ondoan haltza erne». Haltza, zuhaitz mitikoa dogu eta geure herrikoa. Ezagutu eta jagon daiguzan gure zuhaitzak!