Hamabi Futbol Kluba: «Futbola da eragin gehien daukan kirola»
Hamabi Futbol Klub euskalduna
BINKE / 2019ko uztaila
«Futbola da eragin gehien daukan kirola»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Futbola da gurean gehien praktikatzen den kirola. Baina hizkuntzari dagokionez, zelan praktikatzen da? Praktikatu, ikusi eta entzun, ia beti gaztelaniaz. Horrekin amaitzeko sortu berri da Bilboko Hamabi Futbol Kluba, eta bertan badira hainbat galdakoztar.
Txikitatik jarraitu ohi dugu kirola, dena delakoa ere, eta txikitatik jolastu ere herriko plazan, jolastetik jokatzera igarotzen garen arte. Oharkabean pasatzen dira aisialdian batekin eta bestearekin egiten ditugun orduak, sarritan ohartu gabe jolasten edo jokatzen ari garen bitartean erabiltzen dugun lanerako erremintek zenbaterako garrantzia duten. Lanerako erreminta nagusietarikoa da, bai behintzat taldeko kirolean, hizkuntza bera. Futbolean gauza bera gertatzen da, eta futbolari lotutako estimulu gehienak erderazkoak jasotzen ditugu. Horri buelta emateko, euskaldunez osatutako eta euren lan-erreminta euskara izango duten Hamabi Futbol Kluba aurkeztu berri da Bilbon. Tartean badira, gutxienez, bi galdakoztar: Jon Esparta jokalaria (irudian, ezkerrean) eta Christian Arean sortzaile eta juntakidea (eskuin).
Euskaraz ez dakienak ezingo du klubean jokatu? Gure klubean jokatu ahal izateko ez dogu exijituko gutxieneko maila edo ezagutza. Hamabi Futbol Klubaren ateak zabalik egongo dira euskaraz adierazteko gaitasunik izan ez arren, komunikatzeko konpromisoa adierazten dauan edozein pertsonarentzat. Beraz, eskatzen dogun gauza bakarra hori da, euskeraz adierazteko konpromisoa.
Zer egingo duzue euskaraz ondo moldatzen ez denarekin? Egoera hori jada emoten dabil gure taldeetan. Errealitate desbardineko jokalariak daukaguz: ama-hizkuntza euskerea dabenek, ama-hizkuntza erdera dabenek, Euskal Herrian urte gitxi batzuk bizitzen daroazenak… Eta momentuz, zentzu horretan oso pozik gagoz. Batzuetan itzulpen lanak egin behar izaten dira jokalariren bategaz, baina euren partetik lehen aipatutako konpromisoa dagoanez, ez dago inolako oztoporik!
Zergatik jarri duzue abian klub hau? Jendea euskarara hurbiltzeko futbola medio egokia izan leikeela ikusten dogulako, non eta askotan gure hizkuntza ikusezina dan eremu batean.
Zuen inguruan hutsune nabarmenik igarri duzue? Gure esperientziatik bizitako bi adibidegaz erantzungo deutsugu galdera horri. Bizkaiko Futbol Federakundearen Epaileen Batzordeari lotuta, urtean zehar Batzordeak azterketak egiten dauz mailaz igo gura daben epaileentzako. Test moduko galderak izaten dira. Eta badakizue zein hizkuntzatan egiten diran galdera horreek? Gaztelaniaz eta ingelesez; euskerearen arrastorik ez… Eta bestetik, Futbol Eskolari jagokona, gure ustez are larriagoa dana, kontuan hartuta adinez oso gaztetxoak diran jokalariak dagozala, gure begiekaz ikusi dogu Txorierri, Urdaibai eta Uribe Kostako taldeak egozan multzo batean, oso gazteak eta inguru euskaldunetakoak izan arren, 11 taldetik bi entrenatzaile baino ez dagozala gure jokalariei euskaraz zuzentzen diranak. Hori aldatu beharra dago…
Norgehiagoka batean, aurrean duzuen taldea erdalduna bada, zelan egingo diozue berba? Guk ez doguz beste taldeetako jokalariak euskaraz berba egitera behartuko, besteak gu erderaz egitera behartzera espero ez dogun bezala. Zoritxarrez, gure errealitate sozionlinguistikoa ezagututa, eta gehiago futbolarena, bigarren aukera hori emon leikela badakigu. Baina guk anbizioz jardun behar dogu. Gure helburua ezin da mugatu bakarrik gure klubeko jokalarien hizkuntza-ohituretan eragitera; eta harago joango gara.
Zergatik futbola eta ez beste edozein kirol? Bi arrazoigatik, batez be: batetik, gehien gustatzen jakun eta ondo ezagutzen dogun kirola dalako; eta bestetik, zalantza barik futbola dalako onerako eta txarrerako gure gizartean eragin gehien daukan kirola.
Zein adinetan arituko zarete? Gizon zein emakume? Hori da, gizon zein emakumezko bi talde izango doguz. Emakumeei jagokonez, 16 urtetik aurrera, eta 18 urtetik aurrera gizonen kasuan. Beraz, gugaz jokatzeko gonbitea luzatzen deutsiegu bereziki emakumeei, Galdakao eta Usansoloko gazteei. Baita, bazkide, abonatu edo babesle gisa gure proiektuagaz bat egin gura dauan edozein galdakaoztar zein usansolotarri be.
Zeintzuk dira zuen helburu edo erronkak kirol ikuspegitik? Gure kirol erronkak epe motzera mugatuta dagoz. Eta epe motzean gure helburu nagusia emakumezko zein gizonezko taldeak martxan jartzeko jokalari nahikoa izatea da. Gizonei jagokonez, ez da inolako arazorik egongo, baina emakumezko taldeari jagokonez, eratzeko talde erdia falta jaku oraindik.
Eta non arituko zarete? Gure taldea bilbotarra da, eta beraz, gure asmoa Bilboko zelairen batean jokatzea da. Azkenaldian hainbat bilera izan doguz Bilboko Udalagaz, akordio batera heltzeko borondateagaz. Baina zentzu honetan, eta Bilboko futbol zelaiak gainezka dagozala ezagututa, Lauro Ikastolak bere ateak zabaldu deuskuz, Hamabi Futbol Klubare entrenamenduak bertan eskuzabaltasunez egin ahal izateko. Eskaintza egin deutsagu Udalari, behintzat, asteburuetan partiduak Bilbon berton jokatu ahal izateko. Laster Bilboko Udalaren erantzun bat izango dogu, baina ulergaitza litzake euskararen sustapena helburu daukan Bilboko talde bat kanpora jokatzera behartuko baleu. •
Jarraitu Hamabi kluba!
E-maila: 12@hamabifk.eus
Twitter eta Instagram: @HamabiFK
www.hamabifk.eus