«Haurren ahotsa», Yayone Altuna
Meraki
Yayone Altuna Charterina
BINKE / 2022ko apirila
Haurren ahotsa
Eta haurrei galdetuko bagenie zer nolako jolas parkea nahi duten? Galdetuko bagenie zer nolako jaiak nahi dituzten? Zer nolako herria nahi duten? Zer duten intereseko? Azken finean, entzungo bagenie?
Erreza ematen duen arren, helduok ohituago gaude haurren hobe beharrez jardutera —noski haien iritzirik eskatu gabe—, kontrakora baino; hala ere, gero eta gehiago dira, aldaketa sozial eta politikoa planteatzen dutenak, haurrak eragile aktibo gisara onartzen dituztenak; Eurentzat beharrean, eurekin lan egitearen garrantziaz jabetu direnak; zergatik haurrekin? 1 – Eskubidea delako: Ahaztu egiten zaigu, haurrak, pertsona diren heinean eskubide eta betebeharrak dituztela, eta besteak beste haiengan eragina duten gaietan parte hartzeko eskubidea dutela; ez dira etorkizuneko herritarrak, oraingo herritarrak baizik; eta honek, haurra, pareko gisa tratatzea suposatzen du; 2 – Gaitasuna dutelako: Pertsona oro bezala, gai dira iritzia eman eta ekimenak sustatzeko; 3 – Beharra dugulako: Gizartea helduei begira dago antolatua, umeak alde batera utziz; haurren begiradatik ikusteko momentua heldu da, bizi ikuspegi berri bat behar dugu, «aurreak erakusten du atzea nola dantzatu» leloa zaharkitua geratu da; helduen ohiko ereduek alternatibak behar dituzte.
Azken finean, haurrak ikusgai bihurtu behar ditugu, entzun egin behar ditugu; gizartearen eraldaketarako HITZ-EKIN, baina haiekin!