Haurren Kontseilua osatu da lehenengoz Galdakaon
Politika
BINKE / 2022ko martxoa
Haurren Kontseilua osatu da lehenengoz Galdakaon, gazteen parte-hartzea sustatzeko
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaok Haurren Kontseilua du lehenbiziko aldiz, 25 ikaslez osatutako Udalaren organo berria. Hilean behin batuko dira Kontseiluko kideak eta Udalari proposamenak egiteko aukera izango dute bi orduko saioetan. Atzo, martitzena, eratu zen lehenengo Haurren Kontseilua.
«Esperientzian parte hartuko duten haurrentzat pertsona eta herritar gisa trebatzen lagunduko dien ahalduntzeko» eta Udalak «bere jardueretan haurren begirada txertatzeko» aukerak eskainiko ditu atzo, martxoak 29, Galdakaon osatu zen Haurren Kontseiluak.
Lehenengoz osatu da ekimen hau Galdakaon, Derrigorrezko Lehenengo Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailatako ikasleekin. Galdakao eta Usansoloko ikastetxe guztietako haurrek osatuko dute taldea, gehienez 25 pertsonek, eta hilean behin elkartuko dira bi orduko saioetan eta eskola orduetan —Udala arduratuko da gainera ikasleak ikastetxetik hartu eta bueltan itzultzeaz—. Udala ezagutzeaz gain, Osoko Bilkura batek zelan funtzionatzen duen, alkatearen eta zinegotzien zereginak zeintzuk diren… eta neurri horretako beste hamaika kontu ikasiko dituzte ikasturtean zehar.
Saio hauek haurren esparruan esperientzia duten profesionalek dinamizatuko dituzte. Lehenengo saioan, hala ere, Iñigo Hernando alkateak eta Olaia Parra zinegotziak «Udalaren zereginen eta funtzionamenduen berri eman diete, eta herrirako nahi luketenari buruzko adostasunak lantzen jarri dituzte» organo berri honetako kideak, Udalaren esanetan.
Ikasle hauen aukeraketa prozesuaz hauxe argitu du Udalak: «Urte bakoitzeko irailean aukeratuko dira kontseiluko kide izango diren neska-mutilak». Dena dela, aurtengo jarduna salbuespena izango dela argitu du erakundeak: «Hautaketa prozesua otsailean egin zen, eta, LH 5. mailakoak diren haurrak ekaina arte egongo dira Kontseiluan; gazteenek, LH 4. mailakoek, taldean beste urtebete egiteko aukera izango dute, 2023ko ekaina arte». Modu honetan, datorren urtetik aurrera, talde erdia berria izango da eta beste erdia dagoeneko urtebetez aritutakoa.
Bai ikasleentzat zein Udalarentzat ere «esperientzia positiboa» izango dela baieztatu du gaur ohar bidez Galdakaoko Udalak, ikasleek asko ikasiko dutelako eta Udalak haurren begiradatik ekarpen onak jaso ditzakelako.