Hauspotu egitasmoa jaio da Galdakaon, hizkuntza-eskubideak bermatzeko helburuz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalak, BAGABIZ euskara elkarteak eta BINKEk Hauspotu ekimena jarri dute martxan elkarlanean. Hizkuntza-eskubideen inguruko defentsa eta zabalkunde positiboa dira egitasmoaren helburu nagusiak. Hemen batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Euskararen defentsan aurrera pauso bat eman du Galdakaok. Udalak, BAGABIZ euskara elkarteak eta BINKEk Hauspotu ekimena martxan jarri dute elkarlanean hiru helbururekin: galdakoztarren hizkuntza-eskubideen berri ematea, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketa, iradokizun edo esker ona bideratzea eta euskarari buruzko pertzepzio positiboa eta ikusgarritasuna udalerrian handitzea.
Ekimena abenduan jarri dute abian aipatutako hiru erakundeek, eta horretarako hitzarmena sinatu zuten, ezkerretik eskuinera, hurrenez hurren: BINKEren ordezkari Irati Alonsok, BAGABIZen ordezkari Karmele Arrietak eta Galdakaoko Udalaren ordezkari Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak.
Orain arte herritarren batek hizkuntza-eskubideen urraketa baten aurrean zerbait salatu edo iradoki nahi bazuen Elebide eta Behatokia zituen eskura eta aurrerantzean Hauspotu izango du ere. Protokoloak bi aukera eskaintzen ditu urreketak salatzeko:
- Norbaitek zerbait komunikatu nahi izanez gero 680743211 BINKEren telefonora idatzi edo audioa bidal dezake WhatsApp edo Telegram bidez. Bide hau anonimoa da eta ondorio informatibo hutsa izango du. Kontsultak, iradokizunak eta esker onak adierazteko bidea da hau.
- Kexa formala jartzeko gure webgunean ahalbidetu dugun formularioa bete beharko da (eskuorrian dago QR kodea). Ondoren Galdakaoko Udaleko Euskara Arlora bideratuko da, bertan izapidetu ahal izateko. Kexak, kontsultak, iradokizunak eta esker onak adierazi ahal izango dira bide honetatik.
Jasotako mezuekin protokoloa jarriko da martxan: eskabidea eta gertatutakoa aztertuko da, eman beharreko erantzuna adostuko da eta hirugarrenari erantzunaren berri emango zaio, «betiere modu eraikitzailean».
Galdakaoko Udalak, BAGABIZ euskara elkarteak eta BINKEk gogorarazi nahi dute herritar guztiek honako eskubideak dituztela:
- Euskara hitzez eta idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea
- Enpresa eta establezimenduekin euskara erabiltzeko eskubidea
- Ikasketak eta lana euskaraz egiteko eskubidea
- Erakunde publikoetan euskaraz artatua izateko eskubidea
- Edozein batzarretan euskaraz egiteko eskubidea, baita eremu pribatuan ere