Herri-basoen lehenengo kudeaketa planari ekiteko diagnosia egin du Galdakaok
Ingurumena
BINKE / 2021eko iraila
Herri-basoen lehenengo kudeaketa planari ekiteko diagnosia egin du Galdakaok
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Erabilera publikoko bederatzi herri-baso ditu Galdakaoko Udalak. Hauen lehenengo kudeaketa planari ekin gura dio erakundeak; baina lehenago bederatzi eremuak ezagutzeko diagnosia eskatu dio Udalak Gorka Menendez etnobotanikan doktorea den galdakoztarrari.
Bederatzi herri-baso ditu Galdakaoko Udalak bere jabetzan, udalerriaren eremu osoaren %20 inguru —504 hektarea—. Berez Bizkaiko Foru Aldundia da, 1991. urtetik, erabilera publikoko mendi, landa eta baso guztien kudeaketaren arduraduna, baina eremu horretatik bederatzi hauen jabetza Udalarena da:
- Azpuru-Ergoien.
- Santa Marina-Ganguren.
- Uraburu.
- Askarri-Padrola.
- Artola-Txispamendi.
- Burutoetzagana.
- Seata —Bedian—.
- Upo-Lekubaso.
- Arrialtadua.
Bederatzi herri-baso hauen jabetza bakarrik ez dagokio Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiak baso hauen ustiaketatik ateratzen dituen etekinen zati bat ere herriko erakundeari dagokiolako. Aldiz, «Udalak 18.000€ daukaz fondoetan azken urteetan diru-partida honetatik etorritakoak», adierazi du Nerea Orozko Ingurumen zinegotziak gaurko prentsaurrekoan, «eta gure asmoa herri-basoak herriari itzultzea da, zentzu guztietan».
Horretarako, eremuen ekoizpenetik ateratako etekina bakarrik ez, honen kudeaketa eta berreskuratzea «herriak kontrolatzea» gura du Udalak, Orozkok medioen aurrean adierazi duen bezala, «nahiz eta egingo dogun planak Aldundiaren oniritzia beharko dauan».
Prentsaurreko hori Gorka Menendez galdakoztarrarekin eskaini du zinegotziak. Menendez etnobotanikan doktorea da, eta berari eskatu zion Udalak martxoa aldera herri-basoen diagnosi bat egin zezan. Diagnosi hori Udal Gobernu Planean batuta dago, eta adituak esan du azterketa hori egin gura izan dutela kudeaketa planari ekin aurretik: «Gure baso, zuhaizti eta landaredia ezagutu barik ezin dogu kudeaketa plan bat diseinatu, hau da, ezin dogu erabaki non, zelan eta zer egin gure basoekaz, zelakoak diran ez badakigu».
Orain arte Galdakaok ez du basoen kudeaketa planik izan, eta lehenengo hau abian jartzeko diagnosia «bioaniztasunaren ikuspegitik» egin dutela adierazi du zinegotziak, eta horren xehetasunak doktoreak eman: «Gure herri-basoak ezagutzeko basoaren egoera biologikoa ezagutu gura izan dogu lehenengo, inbentario basometriko bat egin dogu bigarrenik, eta basoek esparru sozioekonomikoan edo aisian daukien indarra ikertu dogu azkenik».
Ondorio orokorretan labur aipatuta, «herriak aberastasun eta baliabide handia» duela azpimarratu du Gorkak Menendezek: «Zuhaitz zaharrak dagoz, 60 urtetik gorakoak, birsortze gaitasun handia daukie gure basoek —agian urteetan abandonatuta egon diralako—, pinuak eta aritzak dira nagusi, landare inbaditzaile eta eukalipto askorik ez dago herri-basoetan…». «Baina baliabide eta aberastasun hori kudeatzen hasi behar garela» helarazi dute prentsaurrekoa eskaini duten bi kideek. Eta zentzu horretan, aberastasuna etekin ekonomikoak jasotzera bakarrik bideratu ezin daitekela esan du zinegotziak. Horregatik etnobotanikan adituak baieztapen horri zera gehitu dio: «Gure lur eta basoak aisira, nekazaritza zein abeltzaintzara eta bioaniztasuna sustatzera bideratu behar doguz».
Aipatutako diagnosi hori amaituta, urrian herritarrei horren berri emateko hitzaldi bat antolatuko dute Galdakaoko Udalak eta Gorka Menendezek —horren berri aurrera emango du bai Udalak zein Binkek ere—. Eta horren aurretik hasiko dira Galdakaok izango duen herri-basoen lehenengo kudeaketa planari ekiten, legegintzaldia amaitu aurretik amaitzeko esperantzan.