Horrelakoa izango da Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko hitzarmena
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
«Usansolon orain arte eskaini diren zerbitzuak mantentzeko helburuz», Usansoloko eta Galdakaoko udalek bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Gaur aurkeztu dituzte honen lehen pausoak Txapelena baserrian egindako agerraldian eta hemen batu ditugu xehetasunak.
Galdakaoko eta Usansoloko udalek bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak eta Galdakaoko udalbatzak bakoitzak bere aldetik aurreko asteetan horrela onartu ondoren.
Gaur, maiatzak 3, aurkeztu dituzte hitzarmenaren lehen pausoak Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak Txapelena baserrian egindako agerraldian. Honetan Galdakaoko Udal Gobernuko taldeetako bozeramaileak eta Usansoloko Kudeaketa Batzordeko ordezkaria ere izan dira.
«Usansolorentzat oso garrantzitsua da hitzarmen hau. Administratiboki independente izateko prozesua aurrera doa eta honetan Galdakaoren laguntza ezinbestekoa da», adierazi du Aizpuruk, helburu nagusia «Usansolon orain arte eskaini diren zerbitzuak mantentzea» dela azpimarratuz.
Hernandok azaldu duenez, akordioak bi adar nagusi ditu. Batetik, Usansolon zerbitzuak eskaintzen dituzten kontratuak mantentzea. «Bakoitzaren barruan Usansolon ematen den zerbitzuaren balioa kuantifikatu da. Guztira 3,5 mililoi euro dira eta kopuru hau ordainduko dio Usansolok Galdakaori urte amaieran egingo den likidazioan», adierazi du Galdakaoko alkateak.
Besteak beste, kale garbiketa, eraikinen garbiketa, olioaren bilketa eta ahalduntze eskolak Galdakaoko Udalak eskaintzen jarraituko ditu Usansolon.
Bestetik, Usansolo udalerri ofizial eratu zenetik Galdakaok ezin izan ditu zerbitzu batzuk eskaini. Orain ordea, hitzarmen honi esker, segurtasun juridikoa du adibidez Usansolon larrialdiko laguntzak eskaintzeko, hirigintza lizentziak emateko, edo espazio publikoak erabiltzeko baimenak emateko.
Bi adar hauetan Galdakaoko Udalako teknikariek eskaintzen duten laguntzak 500.000 euroko balioa du eta kopuru hau ere Usansolok Galdakaori ordainduko dio urte amaierako likidazioan. Hortaz, guztira 4 milioi inguru eman beharko dizkio.
Usansoloko Udala, pausoz pauso
Hitzarmen hau bidelagun duela, Usansoloko Udalak pauso txikiak ematen ari da administratiboki independente izateko. Horretarako 8 milioi euro inguruko gastuak onartu zituen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, eta hauek bi bidetik lortzen ditu.
Batetik, Usansolok Udalkutxaren likidazioaren zati bat jaso zuen lehen aldiz Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Bestetik, Galdakaoren diruzaintza gerakinaren 15,35% Usansolori dagokio, hau da, 4-5 milioi inguru. «Hori oraindik zehazteke dago», adierazi du Galdakaoko alkateak.
Diru hau kontuan izanda, urratsak ematen hasi da Usansoloko Udala, eta esaterako, udalekuak antolatuko ditu uda honetan, eta elkarte usansolotarrei laguntzak ematen hasiko da, Galdakaoko Udala ordezkatuz.
Bestalde, Usansoloko Udala akordio batera heldu da Ertzaintzarekin herrian segurtasuna bermatzeko, izan ere, Galdakaoko Udaltzaingoak ezin du Usansolon lan egin honezkero eta Usansolon ez dago oraindik eratuta.
Halaber, laster Usansoloko Udalak idazkari eta administratibo lanpostuak eratuko dituela azaldu du Aizpuruk eta baita udaleko langileak kokatzeko lokalak bilatzen ari direla. «Prozesu luzea da, urteetako bidea», nabarmendu du Usansoloko alkateak.