Iguana & Los Jumiles, ibilbide labur bezain oneko musika taldea
Kultura
BINKE / 2022ko uztaila
Iguana & Los Jumiles, ibilbide labur bezain oneko musika taldea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Galdakaok Tucker taberna barik 25 urte daramatzala gogoratzeko eta Urkik 25 urte bete dituela ospatzeko, aipatutako lehenengo taberna hartan jaio zen Iguana & Los Jumiles taldeak kontzertua eskaini zuen uztailaren 2an Urkin, taldea desagertu eta 24 urtera. Baina, nortzuk ziren Iguanatarrak? Gorazarre egin die Binkek erreportaje honetan.
Musikalki (ere) askorako ematen du Galdakaok. Dozenaka dira atzo eta gaur zenbatu daitezkeen musika taldeak gurean: estilo guztietakoak, adin desberdinekoak, bakarka, bikotean ala talde handiagoetan aritzen direnak. Batzuek sona gehiago lortu dute beste batzuek baino, baina gutxi izango dira Iguana & Los Jumiles musika talde galdakoztarrak bezain ibilbide laburrean hainbeste lortu duenik.
Iguana & Los Jumiles taldea 1993. urteko Santakurtzetarako sortu zen, Txabi Roblesek —gaur egun Urki Kafearen jabeak— Zamakoa kale galdakoztarren zuen Tucker tabernan antolatu zuen jai mexikar batek bultzatuta. Roblesek bazekien bezero zituen Kepa Lazarok eta Dani Larak asko maite zutela musika mexikarra, eta jai horretarako amua bota zien: ezetz kantu batzuk prestatu egun berezi horretarako.
Esan eta egin. Dani Larak soinu txikia lagun eta Kepa Lazarok gitarra, gitarra elektrikoan Borja Gonzalez batu zitzaien, baxuan Txema Arana eta baterian berriz, Alain Mendez. Eta horrela sortu zituen boskoteak nazioartean ezaguna den Flaco Jimenez musikari handiaren lau bertsio, denak tex-mex estiloan, Tuckerren jairako propio moldatutakoak.
Kontzertuaren ostean, zer?
Arrakasta ikaragarria izan zuen boskote galdakoztarrak jai hartan —egin kontu, lau abesti horiek lau pase ezberdinetan jo zituzten— eta animoa bero zegoela, Txabik bigarren amu bat ere bota zien musikariei: ezetz Gabonetarako kontzertu oso bat eskaintzeko gai izan?
Gabonetan han zeuden Iguana & Los Jumiles taldeko bost musikariak, 15 abestiko kontzertu oso bat Tucker taberna jendetsuan eskaintzeko prest. Baina… auzokide batek udaltzainei deitu eta —tabernak kontzertuak antolatzeko baimenik ez zuela-eta— bertan behera utzi behar izan zuten kontzertu hura, instrumentuak eta agertokia bera ere oraindik prestatu barik zituztela. Denen pozak putzura, amets zoroen modura.
Talde jaio berriaren ametsa ordea ez zen bertan behera geratu. Kontrakoa. Behin entseguak egiten jarrita, eta publikoaren harrera ona ikusirik, ibilbidearekin jarraitzea erabaki zuten. Eta ondo hasi ere, lau urtetan dozenaka kontzertu eskaini baitzituzten han eta hemen, Galdakao eta inguruetako musika talderik ezagunena bilakatuz.
Lehenengo diska bat ere grabatu zuten 1995ean, euren entsegu lokalean bertan: Czestochowa Woman, YouTuben osorik entzungai dagoena. Horrek kontzertuekin jarraitzeko indar eta ospe are handiagoa eman zien. Gainera, Leioa eta Getxoren artean egin zen Ibilaldiaren kantua ere eurek sortu zuten 1997an, «Beti betiko euskara bizirik» lemapean kaleratutakoa:
Laugarren urtea zuen taldeak, eta dagoeneko euren amets zoragarri musikal horri amaiera jartzen hasi behar zutena igarri zuten, Kepa Lazarok Elizondora bizitzera alde egingo zuenaren ondorio —bere egungo bizitokira—. Bera gabe ez omen zuen jarraitu nahi taldeak.
Ordea, agurrerako beste ezer okurritu ez eta azken diska grabatzea erabaki zuen euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kantatzen zuen taldeak: The Rider, 1998an Tio Pete estudioetan ekoitzitakoa.
Eta horrela, laupabost urteko ibilbide labur bezain bizian gozatu zuten galdakoztarrek eta inguruko musikazaleek izena plater mexikar batean oinarritu zuen tex-mex taldeaz. Lau urtetan dozenaka kontzertu, diska bi eta Ibilaldirako abestia. Ez da ba zenbaki makala.
Tucker barik 25 urte
Txabi Robles ostalari ezaguna da Galdakaon, giro handiko hainbat taberna kudeatu dituena. Bere tabernarik ezagunenak ordea, Tucker eta Urki dira. Bada, iragan uztailaren 2an, zapatuz, Tucker barik 25 urte pasa direla gogoratzeko jaia egin zuen. Aitzakia polita zen Urkiren 25. urteurrena ospatzeko, bata utzi eta bestea ireki baitzuen izen bereko kalean.
Horrela ba, mende laurden bi horiek ospatzeko, tabernariak garaiko arropekin, alfonbra gorriz eta tarta erraldoi batekin girotu zuen jaia antolatu zuen hilaren lehenengo zapatuan, egun osoz.
Aitzitik, Tucker garaia bizi izan zuten guztiek bazekiten eguneko plater nagusia 21:00 aldera hasi behar zela, ordu horretan igo behar baitzen Urki tabernako agertokira —24 urteren ostean— Iguana & Los Jumiles talde galdakoztarra. Urki ez da ostatu txikia, baina tabernan sartu ezin ibili ziren bezeroak eta garai hartako musika taldeaz gozatzera gerturatu gura izan zuten musikazaleak.
Sartu zirenek ordea, «kontzertu ederraz» gozatu zutela onartu diote Binkeri, eta «askoren barnean betirako geratuko den horietarikoa» izango dela. Hala izan zen musikari protagonistentzat ere, «asko merezi izan zuen kontzertua izan zen, itzel gozatu genuen!».
Baina horrek ez du esan gura agertokietara itzultzeko asmoa dutenik. Hala kontatu dio Dani Larak hedabide honi: «Kontzertua amaitu ostean gure artean ere komentatu genuen, orain jendea pozik eta gogotsu utzi dugu, baina hobe dugu hemendik urte batzuetara berriz elkartu eta berriz uztailaren 2an bezala gozatzea».
Galdakaok itxaron beharko du beraz Iguana & Los Jumiles taldeaz berriz zuzenean gozatzeko. Espero dezagun, sikieran, horretarako beste 24 urte itxaron behar ez izatea.