Izan genuen jolas-parke hura gogoratzen?
Bizkaiko Jolas Parkea Galdakaon
BINKE / 2022ko martxoa
Izan genuen jolas-parke hura gogoratzen?
TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIAK: Edu Madinaren artxibotik
Gazte askok ez du gogoratuko ezta jakingo ere, akaso, Galdakaok Europako jolas-parkerik onena eta modernoena izan zuenik. Milaka metro karratuko azalera zuen eta milaka lagun joaten ziren bertara. Aldiz, 15 urteko ibilbidea baino ez zuen izan amets utopiko hark. Zergatik? Edu Madina galdakoztarrak zehatz azaldu digu erreportaje honetan.
Dagoeneko 47 urte pasa dira Bizkaiko Jolas Parkea Galdakaon inauguratu zenetik, Ganguren mendiaren magalean, Bengoetxetik Elorritxuetara igotzen den bidearen parean. Jende gazte askok akaso ez du jakingo… Baina 70eko hamarkadaren hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak deialdi publikoa egin zuen, Galdakaon Bizkaiko Jolas Parkea eraikitzeko. Garai hartan Bizkaian oso urriak ziren aisi- eta jolas-eremuak hobetzeko asmoz egin zen. Espazio ireki, garbiago eta naturalago batean, adin guztietako jendearentzako aisialdirako leku bat sortzea izan zen helburua, eta guztiek ondo hartu zuten ekimena.
Hura gauzatzeko baldintzak 1972ko maiatzean argitaratu ziren. Bankunion, Bilboko Aurrezki Kutxa eta Bizkaiko Aurrezki Kutxa interesatu ziren. Uztailaren 28an, Foru Aldundiak obra horiek Parque de Atracciones de Vizcaya S.A. sozietateari eman zizkion. Sozietate hau aipatutako hiru finantza-entitateek eta Parque de Atracciones de Madrid enpresak osatu zuten, berariaz, proiektu hori egiteko helburuz.
Proiektua Bilboko bi arkitektura-estudiori eskatu zitzaien, alde batetik, José Luis eta Mariano Ortega anaiei —Bankunion-ek proposatutakoei— eta, bestetik, Ricardo del Campo, José Luis Burgos eta Juan Manuel Pazosek osatutakoari. 1973ko uztailaren 9an hasi ziren eraikuntza-lanak. Esleipena Edificio y Obras S.A.-k izan zuen, eta 270 langile inguru erabili zituen eraikitze lanetarako. Obrak 14 hilabeteko epe ezin arinagoan amaitu ziren.
Parkeak 10 hektarea inguru hartu zituen, eta 13 tona dinamita behar izan ziren 300.000 metro kubiko lur egokitzeko. Nabarmendu beharreko beste datu batzuk hauek izan ziren: 250 metroko luzera eta 20 metroko zabalera izan zuen parkearen etorbide nagusiak, errusiar mendiaren 75 tonako pisua, sarreraren 2.000 metro karratuak, instalazio elektrikorako lurpeko kablearen 22 kilometroak edo ur hornidurarako eta saneamendurako hodiaren 11 kilometroak.
Lanen kostua 450 milioi pezetakoa izan zen. Beste batzuen arabera aldiz 515 milioikoa, hasierako aurreikuspenaren bikoitza baino gehiago. Egun berean 15.000 pertsona inguru dibertitzeko prestatu zuten, 130 langileri eman zien lana eta garai hartako atrakzio aurreratuenak izan zituen. Orduan, Europako jolas-parkerik onena eta modernoena zela esaten zuten.
Lehenengo pausoak. Egin ziren lehen eraikuntzak tutu-formako zortzi piramideak izan ziren, kolore gorrikoak, erpinean linterna zabal bat zutenak. Tubularra zirenez, beharren arabera handitzeko edo murrizteko aukerak ematen zituzten. Bertan atrakzio batzuk jarri ziren, euria ari zuenean pertsonak babesteko balio zutenak. Garai hartan eraiki zen beste eraikin bat hormigoizko dorre bat izan zen, aireportuetako kontrol-dorreen itxurakoa, eta handik instalazio guztiak ikusten ziren; bertan, langileen, administrarien eta abarren bulegoak jarri ziren, eta handik kudeatzen zen jolas-parkerako behar zen guztia.
Instalazioen inaugurazioa, ekitaldi zoragarririk gabe, 1974ko irailaren 14an, zapatuz, arratsaldeko seietan egin zen, Santakurtz jaietako egun nagusian. Anfiteatroko lehen emanaldia berriz Juan Pardok egin zuen hilaren 15ean.
Lehen urteetan, martxoaren hasieratik irailaren bukaera arte irekitzen zen, asteko egun guztietan. Urteko gainerako egunetan, leku bakartuan egoteak eta bertako meteorologiak neguan itxita edukitzea gomendatzen zuten, zapatu, domeka eta jaiegunetan izan ezik. Urteak joan ahala, ordutegiak aldatuz joan ziren.
Parkera nahitaez iritsi behar zen ibilgailuetan, eta garraio ohikoena autobus publikoa zen, hasieran 13 pezetako tiketa zuena helduentzat eta 10 pezeta umeentzat. Conde Aresti kaletik irteten zen, Bilbon, Begoñako basilikan geldialdia eginez Artxandaraino, eta, ondoren, errepide estu eta bihurri batetik parkera iristen zen, nahiz eta gazte batzuek oinez egiten zuten ibilbidea Galdakaotik Elorritxuetara arte.
Punta-puntako azpiegiturak. Atrakzioak erabiltzeko prezioak asko aldatu ziren urteetan zehar. Inaugurazioan, haurrentzako sarrerak 10 pezeta kobratzen zituzten eta helduenak 20 pezeta. Baina parkera sartzeko bakarrik ordaindu behar zen hori, atrakzioak aparte ordainduta. Geroago, sarrera bakarra sortu zen, 500 pezetako prezioan.
Doako hiru aparkaleku zituen eremuak, 1.000 ibilgailu inguru hartzen zituztenak, eta beste bat autobusentzat. Beraz, parkea bera eta haren ingurua asko nabarmentzen ziren. Lorategi eta txalupa ugari zituen urmaelean, jolasak eta megafonia bidezko girotze-musikal etengabea ere bazegoen 80ko hamarkadako Michael Jackson, Dire Straits, La Union, Boney M, Supertramp eta Miguel Boséren azken arrakastekin… Alaitasunez eta ilusioz betetako lekua zen jolas-parke bizkaitarra. Denboraren poderioz, esparrua handituz joan zen gainera, berdeguneak, iturri zibernetiko oso modernoak, ura, musika eta argiarekin… benetako artelanak gehitu ziren.
Auditorioa 1975aren hasieran inauguratu zen, 5.000 lagunentzako lekua zuela, eserleku eta guzti; Bizkaiko handiena zen. Agertokiari probaleku bat ere gehitu zitzaion herri kiroleko lehiaketetarako. Eszenatokian, Bizkaiko taldeen kontzertu garrantzitsuenetako batzuk izan ziren, baina baita estatuko eta nazioarteko hainbat musikari ere: Orquesta Mondragón, Hombres G, Mocedades, Alaska y Dinarama, Víctor Manuel eta Ana Belén, Chiquetete, Radio Futura eta Gwendal, esaterako.
Urte berean, zoo txiki bat ere inauguratu zen, akuario eta guzti, hegaztiekin eta animalia bizi zein disekatuentzako beste gela batzuekin. Hiru urte geroago, 1978an, igerilekua jarri zuten, Bizkaiko igerilekurik onena izan zena luzaroan.
Publizitate-kanpaina izugarria izan zuen jolas-parke honek: iragarkiak jarri ziren prentsan ia egunero, irratietan, publizitatea hesietan, propaganda eskuan… Parkeak txoritxo bat hartu zuen hasieran maskotatzat, Txinbo izenekoa, eta 1981etik aurrera Basajaun, parketik oinez bueltaka ibiltzen zena inguruko haurrak agurtuz eta tarteka opariak eginez.
Sarrerako panfletoaren arabera, parkeak honako zerbitzu hauek zituen: bi jatetxe —luxuzko bat erakusketa-aretoarekin—, jokoen aretoa, diskoteka bat, autozerbitzuko buffeta, kafetegia, askaldegia, txurro-denda, zine-kabina, bi anfiteatro, herri-kiroletarako gunea, ur-jauziak, igerilekua, haur-parkea, zooa… Eta atrakzio ikusgarriak zituen: ispiluen labirintoa, ispilu groteskoak, talka-autoak, etxe magnetikoa, tonbola, tiro-etxolak, etxe sorgindua, amerikar gotorlekua, kanpaleku indiarra, labirintoa, ohe elastikoak, tren fantasma, 8 Formulako pista, Ford T, fantasiaren etxetxoa, baby urtarra, baby mistoa, gusano zoroa, karts-ak, errusiar mendia…
Zergatik itxi zuten? Jolas-parke zoragarria zen Galdakaon genuena, leku idilikoa, ikuspegi ikusgarriak zituena. Natura garbia arnasten zen, askaldegi handiak zituena zure janaria eramateko, egungo musikari onenen emanaldiez gozatzeko…
Hain ona eta bitxia bazen… Orduan, itxiera ofiziala 1990eko otsailaren 9an jakinarazi bazen ere, zer gertatu zen edo zerk eragin zuen Jolas Parkea 1989ko udaldia bukatzean ixtea, eta atrakzio gehienak ezin saldu geratu behar izatea?
Eragozpen asko izan ziren. Espero zen amaiera bat zen, urtean milioi bat bisitari izatea aurreikusten zen, baina kopuru horiek ez ziren bete, eta inoiz ez ziren 500.000 pertsona baino gehiago izan: 1975ean, 447.000 pertsona izan ziren, 1988an 120.000 lagun baino ez ziren izan, aurreko urtean baino 46.000 gutxiago…
Parkearen itxiera ulertzeko arrazoi bi hartu behar ditugu kontuan: batetik, bertara gerturatzeko edozein lekutatik zegoen distantzia handia, eta, bestetik, inguruaren meteorologia —inoiz, gainera, Hombres G eta Mocedades artisten emanaldiei eragin zien, euria egin baitzuen kontzertuetan—. Horri gehitu behar zaizkio sarbidearen baldintza txarrak, batzuetan ibilgailuen ilarak sortzen zirela —bereziki parkearen itxiera orduetan— eta atrakzioetako prezio garesti samarrak.
Krisi horren aurrean, Aldundiak erabaki zuen jolas-parkea «gizarte-zerbitzu bat» izan zitekela bizkaitarrentzat, eta horregatik 1981ean parkearen %78 erosi zuen erakunde publikoak —oso ondo etorri zitzaiena bankuei, portzierto—. Parkeari estilo berria ematea proposatu zuen orduan Aldundiak: 150 milioi pezetako aurrekontuarekin, instalazioak birmoldatu zituen, jolas berriak sartu zituen eta guztientzako moduko prezio-politika gehitu zuen. Sarrera bakarreko sistema sartzen Europako lehen jolas-parkea izan zen. Sarbide txarrak konpontzen saiatu ziren, autobus zerbitzua handituz eta doan jarrita. Bisitarien beharrak asetzeko asmoz, janaria kanpotik eramaten ere utzi zuten.
Amaiera polemikoa. 1981etik Foru Aldundiak egiten zituen etengabeko injekzio ekonomikoak zalantzan jartzen hasi ziren herritarren artean, ez baitzuten justifikatzen esparruaren errentagarritasun soziala. Porrot horien aurrean, Jolas Parkearen bideragarritasunari buruzko hainbat azterketa egin ziren. Txostenetako batean, parkea modernizatzeko 1.178 milioi pezetako inbertsioa egin beharra zegoela ikusi zen. Kopuru handi hori amortizatzeko urtean milioi bat bisitari izatea eskatzen zen. Bigarren txostenak, apalagoak, 347 milioi pezetako inbertsioak aurreikusten zituen, eta 640.000 bisitari urtean, parkea errentagarri bihurtzeko. Ikusitakoa ikusita, pentsaezina zen jende hori bertara joatea.
Hori gutxi ez eta azken errematea —itxaropenak ezabatu eta Jolas Parkearekin amaitu zuena— parkeko langileek Lan Magistraturan Bizkaiko Foru Aldundia auzitara eraman izana izan zen. Parkearen irekiera bi hilabete atzeratu izana leporatu zioten langileek Aldundiari. Gauzak horrela, lan-gatazka luze baten aurrean eta 15 urteko jardueraren ondoren, Jolas Parkeak behin betiko itxi zituen bere ateak 1989ko udako denboraldia amaitzean, nahiz eta itxiera ofiziala ez zen izan 1990eko otsailaren 9ra arte, garai hartan Iñigo Urkulluk —orduan Gazteriako Foru Zuzendariak— instalazioen behin betiko itxieraren berri eman zuenean.
Ordura arte, 586 milioi pezeta gastatu ziren 1981az geroztik, eta atrakzio gehienak ezin izan ziren saldu: Portugalgo enpresa bati 50 milioi pezeta pasatxoren truke atrakzio nagusiak saldu zitzaizkion. Besterik ezin izan zen berreskuratu. Botere ekonomikoaren erakustaldi tristea izan zen, eta jolas-parkeen arlo honetan esperientzia falta handia erakutsi zen.
Itxi zenetik, Jolas Parkearen mantentze- eta zaintze-kostuak 200.000 eurokoak izan dira urtean. Odol-jario hori onartezina zen. Eta, beraz, 2002. urtean Aldundia eremu guzti hori 2,4 milioi euroren truke saltzen eta zentzurik gabeko gastu horri amaiera ematen saiatu zen. Baina ez zuen eroslerik aurkitu.
Instalazio zahar horien hondarrek sortzen zuten arrisku handiagatik eta haiek mantentzeak sortzen zituen gastu handiengatik, azpiegitura guztiak eraistea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Obra horiek egiteko lehiaketara bederatzi enpresa aurkeztu ziren. Construcciones Intxausti-Lezama izan zen esleipen-hartzailea, eta 800.000 euroko kostua izan zuten Bizkaiko Jolas Parkea eraisteko lanek. Lanak 2018ko otsailaren 7an hasi ziren eta urte bereko uztailaren 7an bukatu. Bilbao Arquitectos S.L. Profesional enpresa arduratu zen obren zuzendaritzaz, beste 56.000 euroren truke.
Hauxe da Galdakaon izan genuen jolas-parke handiaren historia laburra, amets utopiko bat leku pribilegiatu batean eta 15 urtez bakarrik gozatu genuena; baina, horrela ikusi zenez eta askok esaten dutenez, guztion patriketan inperio bateko gastua ekarri zuena.