Izaro Andres: «Oso gertuko sentitu nituen galdakoztarrak»
Izaro Andres, kantaria
BINKE / 2018ko urria
«Oso gertuko sentitu nituen galdakoztarrak»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jon Etxezarraga
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusiak behean zein goian dituen eserlekuak bete zituen Izaro kantariak, urriko lehen zapatuan eskaini zuen kontzertuan. Mexikotik bira eman osteko lehenengo saioa izan zuen Euskal Herrian, non eta Galdakaon. Ez genuen berarekin solasalditxo bat izateko aukera galdu nahi.
Etxekoei berba egiten diogun bezala hitz egiten dio Izarok publikoari: natural, jator eta oso gertuko. Baina batez ere goxotasun handiz. Horixe da Izaro Andres (1993, Mallabia) kantari gazteak Torrezabalera gerturatu ziren ehunka entzuleei helarazi ziena. Kantu oso intimoak egiten ditu, baina horregatik ez ditu alaitasuna eta jendearen parte-hartzea alboratzen. Lasai-lasai eserita hasi, eta zutik amaitu zuen aretoak «La Felicidad» kantua dantzatzen.
Etxetik etorri zaizu kantugintza, ezta? Ez dakit. Amak eta amona biek betidanik abestu izan dute etxean, baina auskalo!
Eta Galdakaon izan zara lehenengoz. Etxean bezala sentitu zara? Udatik ez genuela Euskal Herrian jotzen, eta lehenengo aldi horiek beti izaten dira traketsagoak edo, noski, bere xarma dauka horrek. Zaila da lehenengo aldi batez etxean bezala sentitzea nonbait, gehiagotan joan beharko dut horretarako, baina oso eroso egon gara eta poz-pozik itzuli ginen etxera.
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia bete duzu eta, zoritxarrez, ez da ohikoa Galdakaon… Oso gustora egon ginen! Adin ezberdinetako jendea zegoen, hasieran lotsatu xamar, gu bezala, eta gero abesten, eta dantzan. Oso giro polita sortu zen eta oso gertuko sentitu nituen galdakoztarrak. Pena da aretoa sarriago ez betetzea. Egia esan, areto bete batek oso urduri jartzen du, jendea zain dagoelako, zuk zer egingo, eta horrek presioa eragiten du, ahal duzun onena eman nahi duzulako bertan. Baina areto huts batek sortzen duena okerragoa da askoz.
Denbora tarte laburrean kriston oihartzuna hartu du Izarok. Zein izan da gakoa? Ez dakit!
Torrezabal bezalako areto txikiak ala Heineken Jazzaldiko agertoki zabal eta handiak? Normalean erosoago nago leku itxietan, baina, askotan, ikusleak erabakitzen du nire erosotasuna lekuak baino gehiago. Jende jatorrarekin edonon.
Oso kantu intimoak entzun ditugu zure saioan, zer duzu helburu? Ez dut ezer helarazi nahi. Egiten dudana partekatu besterik ez dut egiten, konpromisorik gabe. Komunikazioa airean dago eta nahi duenak jasotzen du eta ez duenak nahi ez, drama gehiegirik gabe.
Helburuaz ari garela, egunen baten agertokira depilatu gabe irtetzera ausartuko zarela esan izan duzu. Uste dut garrantzitsua dela emakumeok egunero jasaten dugunaz hitz egitea, ikustaraztea eta, noski, konpontzea. Inposatutako lotsak, konplejoak eta beldurrak behingoz kentzeko! Eta ari naiz pixkanaka lortzen. Ia asko garen horri aurre egiteko gai.
Eredu bilakatzen ari zara, baita gazteen artean ere. Kontziente zara horretaz? Bai, eta askotan erantzukizun handia sentitzen dut hori horrela dela jakinda.
Zer da zuretzat naturaltasuna? Lasai izan ahal izatea zaren hori. Horixe da naturaltasuna.
Mallabiakoa izanda, asko zor omen diozu Donostiari… Oso maitatua sentitzen naizelako bertan. Lagun zoragarriak eman dizkit eta nire burua maitatzeko bakea.
Askok famarekin egiten dute amets. Hain zoragarria al da dena? Ez. Amesgaizto bilaka daiteke segundo bakarrean. Batez ere kultura, artea eta sormena errespetatzen eta zaintzen ez direnean, hemen gertatzen den bezala.
«Mendiaren zein etapatan» ikusten duzu zure burua? Mendi-kate bat da, gailur pare bat egin ditut jada eta orain beste gailur baten bila noala uste dut, astiro baina gelditu gabe.
Gitarra eta kantua ikasten ari zarela entzun dizugu. Horren beharrik al du Izarok? Ekarpenik egingo al diote klaseek zure kantuei? Gitarrako klaserik ez dut jasotzen, esperientziaz noa ikasten. Baina ahots klaseak hartzen ditut eta ezinbestekoak zaizkit. Ez banintz hasi izan, eta ez banu aurkitu daukadan irakasle hau, ezingo nituzke egiten ditugun birak egin. Gorputza ezagutu eta zaindu egin behar da iraun dezan.
Zeintzuk dira zure etorkizuneko erronkak? Etorkizunekoak auskalo. Gaurkoak asko, horien artean musikarion lan baldintza duinen aldeko borroka. •