Izaskun Rekalde usansolotarra Legebiltzarrean izan da, Pantailak Euskaraz taldearen ordezkari
Ikus-entzunezkoak
BINKE / 2021eko azaroa
Izaskun Rekalde usansolotarra Legebiltzarrean izan da, Pantailak Euskaraz taldearen ordezkari
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Endika Portillo / Foku
Pantailak Euskaraz taldeak euskarak ikus-entzunezkoetan duen «larrialdi egoeraz» ohartarazi eta «pauso sendo eta handiak» eskatu zituen atzo Eusko Legebiltzarrean. Ekimenaren ordezkari Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde izan ziren, usansolotarra eta Binkeko batzordekidea, azken hau.
Pantailak Euskaraz taldea Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean izan zen atzo, azaroak 8, taldea osatzen duten guraso, euskaltzale eta ikus-entzunezkoen kontsumitzaile zein profesionalen kezka eta aldarrikapenen berri alderdi politikoei emateko. Bada, Alex Aginagalde donostiarrarekin batera, Izaskun Rekalde usansolotarra —eta Binkeko batzordekidea— izan zen taldearen ordezkari.
Taldearen aldarrikapen eta eskaerei ekin aurretik, azkeneko urteetan ikus-entzunezkoen kontsumoa asko aldatu dela esanez hasi zuten euren agerraldia: «Euskaldunon %57k kontsumitzen ditugu streaming bidezko plataformak, eta gazteen %75ek. Baina plataforma horietan euskaraz zenbat film daude? Netflixen, hiru. Disney Plusen, zero. HBO Maxen, zero. Eta Amazonen, bi». Horrela ba, «gazteen erreferenteak erdaldunak» direla ondorioztatu zuen taldeak politikarien aurrean. Eta ez bakarrik etxeko pantailetan, «zinema aretoetan ere emanaldien %1 baino ez direlako euskaraz», gehitu zuten taldeko ordezkariek.
Horregatik, euskarak pantailetan duen «egoeraren larritasunaz» ohartarazi zuten Rekaldek eta Aginagaldek Legebiltzarrean: «Larrialdi egoera batean gaude. Uste dugu lotuta dagoela egoera hori euskararen kale erabilerarekin. Puntu bat baino gehiago galdu da euskararen erabilera kalean. Benetan premiazkoa da aisialdian pausoak ematea». Egoera horri konponbidea ematen saiatzeko proposamen zehatzak egin zituzten. Laburtuz, hauexek dira Pantailak Euskaraz taldearen proposamen eta aldarrikapenak:
- Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea.
- EITB indartzea eta euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea.
- Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea.
- Streaming plataformetan euskararen presentzia legez bermatzea.
- Zinemaren Lege propioak sortzea.
- Bideojokoetan eta sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea.
- Ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea.
- Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea, lurralde-administrazio bakoitzean.
- Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea.
- Koordinazio-organoa sortzea, hiru lurralde administrazioetako ordezkariz osatua.
Pantailak Euskaraz taldea Disney Euskaraz, Zinemak Euskaraz, Game Erauntsia eta Netflix Euskaraz ekimen herritarrek osatzen dute, Tinko Euskara eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteekin batera. Netflix Euskaraz ekimena, gainera, zenbait usansolotarren eta galdakoztarren artean sortutakoa izan zen, eta horren ondotik etorri zen Pantailak Euskaraz ekimen integrala sortzearen erabakia, aipatutako beste indarrekin batera.