«Izotzetan islatuak» bilduma aurkeztu dute gaur Leire Alonso, Aroa Elortza, Kattalin Urrengoetxea eta Idoia Ugaldek Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Izotzetan islatuak» bilduma aurkeztu dute gaur Leire Alonso, Aroa Elortza, Kattalin Urrengoetxea eta Idoia Ugaldek Sormenen
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Torrezabalen Mikel Begoña eta Iñaki Agirreren aurkezpenaz gozatu ondoren, Leire Alonso, Aroa Elortza, Kattalin Urrengoetxea eta Idoia Ugalde izan dira aurten beste hainbat gazterekin argitaratutako liburua ezagutzera ematen hurrengoak.
Sormeneren arratsaldeko hirugarren obra protagonista, «Izotzetan islatuak», 17 eta 29 urte bitarteko 24 euskal idazle gazteen testuen bilduma da. Liburua hartu eta lehen begiradan antzeman daitekenez, «Izotzetan islatuak » aniztasunean oinarritzen dela ondoriozta daiteke. Hasteko, Euskal Herriko txoko eta adin ezberdinetako neskek egin dute liburua. Hori dela eta, askotarikoak dira bertan lantzen diren genero literarioak, eta baita gaiak ere. Horrekin lotuta, idazle bakoitzak bere euskalkian egokitu ditu pasarteetako hitzak, eta horregatik, hainbat euskalki aurki daitezke bilduman zehar.
Lana osatu duten idazleetako askok ibilbide emankorra izan dute euskal literaturan, baina beste batzuen kasuan, beren idatziak argitaratzen duten lehen aldia izan da. Sormenen Aroa Elortza, Idoia Ugalde, Kattalin Urrengoetxea idazleak eta Leire Alonso editorea egon dira askoren artean egindako lana aurkezten. Alonsoren esanetan «bildumaren helburu nagusia autore gazteei eta batez ere poesia emakume idazle gazteei argitaratzeko aukera ematea izan da». Bilduman jorratu diren gai nagusiak hasieratik lortu nahi zituzten helburuekin lotura estua daukate, testuan jorratzen diren bi ildo nagusiak feminismoa eta aniztasuna baitira.
Bestalde, 2019ko maiatzean liburuan parte hartzeko deialdia zabaldu zuten idazleek, eta baldintza batzuk zehaztu zituzten idazleek obrak aurkez zitzaten. Hasteko, deialdiaren hasieratik azpimarratu zen berrikuntza bilatzen ari zirela bildumarekin eta horrekin batera hiru baldintza ezarri zituzten: idazleak 30 urtetik beherakoak izatea, lanen luzera hiru orrialdekoa baino gutxiagokoa izatea eta testua euskarazkoa izatea. Idazleek Sormenen aipatu dutenez, oso harrera ona izan zuen deialdiak, hainbat mediotan gonbitearen berri eman ondoren, Euskal Herriko neska gazte askok euren burua aurkeztu zutelako. Eskertzekoa da neska guzti horien laguntzarekin lortu izan den lana, ikusleek gaur esku artean duten bilduma haiei esker argitaratu baita.
Gazteek aurkeztu berri duten literatur solasaldia eguneko zazpigarrena izan da. Hurrengo saioko protagonista Asel Luzarraga izango da, eta «Bahiketa» lana aurkeztuko du. Gogoratu Sormeneko saio guztiak gure webuneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango direla streaming bidez.