Jaialdiaren erdia bete du Sormenek, Ines Osinaga eta Kamikazekin
Sormene
BINKE / 2021eko azaroa
Jaialdiaren erdia bete du Sormenek, Ines Osinaga eta Kamikazekin
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
BIDEOA: Binke
Gaur, osteguna, iritsi da Sormene jaialdiaren erdira. Goizean zehar Gose taldeko abeslari Ines Osinaga aritu da ikasleekin, eta musika tailerra eskaini die gerturatutakoei. Arratsaldean, aldiz, «Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi» izeneko antzezlana eskaini dute Kamikaz Kolektiboko kideek.
Bere azken etapa publiko eta musikalean Gose taldeko abeslari izan zen Ines Osinaga izan da gaurko egunean oholtzara igotzen lehena, eta batxilergoko ikasleei musika tailerra eskaini die.
Taula gainean maiz ikusi dugu soinuarekin batera Osinaga. Gaur, berriz, ez du soinua izan soilik lagun. Looperrak, sintetizadoreak, samplerrak edota musika elektronikoarekin estuki loturik dauden pareko beste hainbat aparatu erabili ditu trikitixaz gain.
Gaztea zela, inguruan zituen musikariak ez ei zituen bere erreferente, eta nerabezaroan aspertu egin zen garai batean ezagunak ziren R.I.P bezalako taldeez. Are, trikia maite bazuen ere, fandango eta arin-arinek ez zituzten bere barrenak asebetetzen.
Musika elektronikoa. Hogei urte zituela ezezaguna zuen mundu berri batera murgildu eta gustukoak zituen kantak bertsionatzeaz gain —berak esan bezala, «bertsionatzen den aldiro zerbait sortzen baita»— bere kanta propioak sortzen hasi zela esan die ikasleei Arrasateko musikariak, «denok omen baitugu zerbait esateko».
Ikasleek adi-adi jarraitu duten saioan zehar Maurizia Aldeiturriagaren kanta baten bertsioa egin du lehenik Osinagak, modu inprobisatuan, autotunearen, errepikapenen eta sanplerren laguntzaz. Hala nola, R.I.P. taldearen «Enamorado de la muerte» kanta bere gisara moldatu, Uxue Alberdiren poema bat errezitatu eta Miren Amurizak itzulitako eta Berrian argitaratutako zutabe bat abestu ditu Gose taldeko kideak.
Eskainitako emanaldian zehar behin baino gehiagotan azpimarratu du musikariak neska eta gazte izatearen, eta oholtzara igotzearen arteko loturaz eta honen beharraz, «espazio publikoa eta plaza ez baitira berak denontzako». Kasu honetan, plazetara salto egitean feminismoak berari emandako laguntza nabarmendu du. Hala, ukelelearekin batera abestutako kanta batekin eman dio amaiera tailerrari.
Egunaren bigarren atalean, aldiz, antzerkiak hartu du musikaren lekukoa.
Kamikaz Kolektiboko kide dira Iraia Elias, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga eta «Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi» du izena jaialdiaren baitan aurkeztu duten lanak. Obra hau, taldeko hiru kideek ikusi zuten telesail batetik sortutako ideia da.
Bridgerton, hala du izena obra berria gorpuzterako orduan erreferentzia nagusitzat izan zuten telesailak. Duela mende asko, Ingalaterrako goi-klaseko gizarteak ezkontzerako orduan izaten zituzten gorabeherak ditu hizpide telesail honek.
Antzinako auzi bat ardatz izanda ere, telesaila aktuala eta modernoa dela, fikzioak gugan duen eragina kuestionatzen duela, edota egun errepikatzen diren rolak bertan ikus daitezkela azpimarratzen dute taldeko hiru kideek: «Harrapatu egiten gintuen telesailak, ikusten ari zaren horren aurka borrokan ari zara uneoro, baina zaila da behin hasita honi uko egitea».
Berau ikusi orduan hirurengan izan zuen eraginak ekarri zuen obra hau egitearen erabakia hartzea. Besteak beste, emakumeei ezartzen zaizkien mugen inguruan edo genero honek izan beharko lukeen goxotasunari buruz hitz egiten du antzezlan honek. Ez hori bakarrik, Kamikaz Kolektiboaren lan honek sisteman horren orokortua dagoen maskulinitatea, eta baita fikzioak egun gizartean duen lekua bezalako gaiak ditu hizpide.
«Hiru emakume, mahai baten inguruan, gizonei buruz hitz egiten». Hala laburtu ahalko litzateke obra bere sinpletasunean, baina hori baino gehiago da. Fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu, «fikzioak berak mekanismo asko errepikatzen baititu gure gizartean», diote egileek. Horretarako, taldeko kideek argi adierazi dute beharrezkoa dela sormen prozesua norberarengandik hastea: «Zer? Nola? Noiz?». Galdera hauei erantzun, eta marko propio bat eraikitzea beharrezkoa izan zaie Kamikaz Kolektiboko kideei antzezlana sortu eta izan zuten ideia ero horri forma ematerako orduan.