Javi Arnaiz: «Gaur egun hiri guztiek nahi dute musika jaialdi propioa»
Javi Arnaiz, promotore musikala
BINKE / 2019ko uztaila
«Gaur egun hiri guztiek nahi dute musika jaialdi propioa»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Munduko musika talde handienen kontzertuak eta hauen nazioarteko birak antolatzen egiten du lan Javi Arnaizek. Baina gainera, Espainiako musika jaialdi handienaren sortzaile eta zuzendaria ere bada galdakoztarra, Madrileko Mad Cool-ena. London eta Madrilen artean egiten ditu asteko egunak, baina asteburuetan Galdakaora bueltatzen saiatzen da, eta horietako tarte batean harrapatu dugu munduko musika promotore handienetakoa.
Garai honetan, bereziki, musika jaialdi pila daude gure inguruan. Modan daudela esan daiteke? Egia da musika jaialdiak ekitaldi sozial oso garrantzitsuak bilakatu direla. Baina aldi berean, kulturaren garapenerako erreminta bilakatu dira, modu positiboan inguruko ekonomian eragiten. Horregatik gaur hiri guztiek izan nahi dute musika jaialdi propioa.
Lurralde guztietan beharko luke musika jaialdi batek? Horri erantzuteko inpaktu ekonomikoan zein irudian oinarrituko bagara, erantzuna baiezkoa da. Baina gero badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk musika jaialdi handi bat antolatzeko: jaialdia hartuko duen hiriak duen potentziala, azpiegiturak, inbertsio publikoak, landaguneak… Eta hortxe dator konplikatuena, horregatik negozio plan bat egin behar da, jaialdi hori antolatzea jasangarria eta den jakiteko.
Zu orain asko ari zara Madrilen, erakundeen laguntza hemengoen parekoa al da? Jaialdi handi bat izan nahi duten hiri guztiek badakite honen aurretik eta ostetik estudio bat egiten dela, tartean izandako emaitzak esperotakoak izan diren edo ez jakiteko. Nik ez nuke horrelako ekitaldi bat laguntzeko zalantzarik izango inbertitutako euro bakoitzagatik hiru jasoko banitu. Hori ulertu zuen ere Madrileko Udalak, eta lehenengo unetik babestu dute Mad Cool jaialdia. Emaitzak argiak dira: gure jaialdiak 53 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan zuen iazko edizioan, hau da, hiriak gugan inbertitutako euro bakoitzeko 41€ jaso ditu bueltan.
Zerk eraman zaitu Madrilera salto egitera? Urte batzuk lehenago beste bi bazkiderekin sortu nuen Last Tour International enpresa saltzeko aukera agertu zitzaidan 2015ean. Nire bazkidetza saltzearen kontratuan, enpresa honi bi urtez Euskal Herrian konpetentziarik egingo ez niola sinatu nuen.
Eta zuk geldirik egoten jakin ez! Hala da, bai! (barreka) Kontratu horrekin, edo geldirik nengoen bi urtez ala kanpora alde egin behar nuen. Eta horixe iruditu zitzaidan unerik egokiena Mad Cool sortzeko, buruan bueltaka aspaldi nenbilen proiektua baitzen. Baina gainera, une horretan bertan, mundu mailan musika eta ekitaldien esparruan liderra den Live Nation enpresak jaialdi eta biren arloa zuzentzeko proposamena egin zidan, eta ez nuen birritan pentsatu!
Bertan Mad Cool jaialdiko zuzendaria zara, 200.000 bisitari baino gehiago dituena urtero. Zelakoa izan da jaialdi honetan egin duzun ibilbidea? Nire hasierako proposamena Madrilen marka bat sortzea zen, eta bost urteko tartean maila internazionalera salto egitea. Laugarren edizioa ospatu berri dugu eta dagoeneko baditut proposamenak Mad Cool Dubain, AEBn, Mexikon, Txilen, Japonen edo Europako beste herrialde batzuetan egiteko. Horiek aztertzen ari naiz.
Bere garaian kritika nahikotxo izan zituen jaialdiak antolakuntza aldetik, ikasteko aukerarik izan duzue? Hazkunde esponentzial bat dagoenean hain tarte laburrean, gure kasuan gertatu den bezala, normala da edizio bat egotea kritikak jasoko dituena gauzak hain ondo irten ez direlako, baina beharrezkoak dira berbideratzen ikasi eta etorkizunera begira konpontzeko. Halaxe egin genuen Mad Cool-ekin ere. Aurten, gainera, gure jaialdiaren aldez aurreko beroketa moduan Metallicaren kontzertu bat antolatu genuen 70.000 pertsonarekin eta horrek balio izan digu jaialdirako egin ditugun aldaketek hoberako balio izan dutela konturatzeko.
Etorkizunera begira Javi Arnaizek duen proiekturen bat kontatzerik bai? Lehen aurreratu dizudan bezala, Mad Cool maila internazionalera hedatzeko proiektua badut martxan, eta laster jakingo dira horren inguruko datu gehiago. Bestetik, Euskal Herrira bueltatzeko proiektu zehatz bat ikertzen ari naiz, aspalditik gordeta izan dudana. Buruan dudan hirugarren proiektu bat ere inoiz abian jartzea gustatuko litzaidake: ongitzazko jaialdi bat, non etekinen %100 eta transparentzia osoz, kausa sozial batera bideratuko dugun. Bizitzak ez dit ezer oparitu, baina oso ondo tratatu nau, horregatik uste dut eskuzabala izan behar dudala gizarte honekin.
Musikarekin kontaktuan, batez ere, Bilboko Azkena aretoarekin hasi zinen? Bai, horiexek izan ziren nik musikarekin eman nituen lehenengo pausuak. Hortxe ekin nion abenturari, oso gaztetatik nuen amets bat errealitate bihurtuz: musikarekin lan egitea. Kafe Antzokiak zuen arrakasta ikusita eta Bilbon musika estilo konkretu bateko lokalik ez zegoela jakinda jarri nuen martxan Azkena aretoa.
Eta hortxe jarraitzen duzu! Bai horixe! Askok ez zuten ogerleko bat ere ematen gugatik, bereziki «mainstream» eta «radio formulako» abestiak nagusi ziren garai batean zabaldu genuelako lokala. Baina begira, hortxe jarraitzen dugu 18 urteren ostean! Izan ditugu negozioa saltzeko proposamenak, baina bertan hasi ginen, gure «haur txikia» da… eta pena ematen digu.
Pluralean ari zara, zergatik? Bai, dugun taldearekin batera, negozioaren kudeaketa guztia nire emazteak daramalako, Beatrizek. Berak zuzentzen du Azkena aretoa. Egia esan, orain arte egin dudan guztia ezin izango nuke bera gabe egin…
Eraginik izan al zuen Azkena aretoak Last Tour promotore musikala sortzean? Last Tour enpresaren hazia Azkena izan zen, bai. Beatrizek jarri ninduan kontaktuan bira txikiak antolatzen zituzten promotore batzuekin —Muskerra—, eurek egin zezaten Azkenaren programazioa, bai Bilbon zein urte batzuk beranduago zabaldu genuen Gasteizko Azkenan ere. Bertan jaio zen Azkena Rock Festival sortzearen ideia, lehenengo urtea gure Gasteizko aretoan egin zena. Bigarren ediziorako salto nabarmena eman eta Mendizabalan antolatu genuen, landa handi batean. Orduan iritsi zen sozietate bat sortzeko unea, gauza handiagoak egin ahal izateko, eta gure aretoetako programazioa eramaten zutenekin bazkidetu eta Last Tour International sortu genuen.
Tarte laburrean bide izugarria egin duzuena… Bide oso polita egin genuen, bai, beranduago gainera Polako ere batu zitzaigunean, Fitoren managerra. Bide horretatik sortu genituen Azkena Rock, BBK Live, BIME, Kobetasonik, Sonisphere, Electric Festival, Santander Summer, edo hainbat bira, esaterako, Fito & Fitipaldis, Extremoduro, M-Clan, El Drogas…
Bereziak dira zuretzat BBK Live eta Azkena Rock? Azkena Rock nire «ume kuttuna» da, formatu handiko gure lehen jaialdia izan delako. Proiektua, berez, Azkuna alkate zen garaian aurkeztu genion Bilboko Udalari, eta ezetz esan ziguten. Horregatik Gasteizen sortu genuen. Hortik hiru urtera, Azkenaren arrakasta ikusita, Bilbotik deitu gintuzten Bilbon ere antzeko jaialdi bat sortzeko. Eta Bilbon zerbait handiagoa egiteko aukera ikusi genuen. Horrela ba, BBK Live gure aktibo printzipala bilakatu zen. Zelan ez dira ba bereziak izango!
Zergatik aukeratu zenuen mundu hau? Zerbait berezia du musikak, eta beti gustatu izan zait mundu hau. Gaztetan, 15 urterekin, gitarra elektriko bat erosi nuen… baina ez nuen lortu patxadaz jotzea eta logelako izkina batean utzi nuen, elementu dekoratibo bezala —nire amak nik baino gehiago ukitzen zuen, berak gutxienez hautsa kentzen zion eta! (barreka)—. Eta horrela konturatu nintzen lekutxo bat egin behar nuela musikan, baina agertokietatik kanpo.
Ez dut David Broncanoren antzik hartu nahi, baina zenbat diru mugitu dezake musika jaialdi handi batek? Jaialdi bat beste edozein negozio bezalakoa da. Balantzea urtearen amaieran egin behar da, eta badira jaialdiak zein urteak ondo doazena, beste batzuk normal eta besteren bat txarto… Errentagarriak bilatzeko formula bilatzean dago gakoa.
Ez didazu zenbakirik eman… Publikatu egiten diren zenbakiak beti oso altuak izaten dira, baina etekin tarteak oso estuak izan ohi dira gure gain hartu behar ditugun arriskuak kontuan hartuta. Ziur Broncanori ez liokela erantzunak balioko, baina zuri espero baietz! (barreka)
Industria musikalean, %21eko BEZ-a «igarri» behar da, ezta? Ez dakit Espainiako Gobernua kontziente ote zen BEZ kulturala %21era igotzearekin egiten ari zenaz. Min handia egin zieten kultura arloan lan egiten zuten enpresa askori, sare kultural handi bat sortu eta aberastasuna planeta osora hedatzeko helburuz ari zirenei. Kulturak jakintza dakar, eta horrek gizarte aberats eta inteligenteagoa dakar atzetik. Imajinatzen dut azken hau ez zaiela politikari batzuei interesatzen…
Zenbaki handietatik, talde handietara pasa gaitezen: zeintzuk dira ezagutzen dituzun edo horiekin lan egin duzun handienak? Zorionez izen handiko talde askorekin egiten dut lan: AC/DC, Bruce Springsteen, Metallica, Coldplay, Bob Dylan, Radiohead, Green Day, U2, Red Hot Chili Peppers, REM, Lenny Kravitz, Guns N’ Roses, Muse, Iron Maiden, Police, Rammsteim, The Who, Placido Domingo, Silvio Rodriguez, Shakira, eta abar… Izen handiko horiekin; baina izen handi, lagun handi eta pertsona ezin handiago batekin gelditu behar banaiz, hori Fito Cabrales da. Tipo handia, letra larriz!
Agian aipatutako talde horietako batzuekin lan egiteko aukera Live Nation multinazionalak eman dizu? Last Tour-en nengoenean, dagoeneko lan egiten nuen aipatu ditudan talde askorekin, nik eramaten nuelako artisten «booking»-a. Baina egia da Live Nation-ek ate asko zabaldu dizkidala, azken finean mundu mailako enpresa liderra baita.
Zein da orduan Last Tour eta Live Nation enpresetan egiten duzunaren diferentzia? Last Tour-en nik lotzen nituen edozein bandaren datak, euren Bilboko kontzertuetarako. Live Nation-en, aldiz, aipatutako talde horien nazioarteko bira osoak ixten ditugu guk zuzenean. Orain, adibidez, hemendik urte batzuetarako U2ren bira internazionala antolatzen nabil.
Horregatik egiten duzu lan asko Londonen? Bai, han Live Nation enpresako bulego zentrala dagoelako eta bertatik «mugitzen» dugulako dena. Bertan daude nazioarteko agenteak eta «management» bulego guztiak, eta hara egiten ditudan bidaiak talde handiekin egiten ditudan biren akordioak negoziatu edo sinatzeko izaten da.
Maila horretan lanean ibilita, erraza al da oinak lurrean izatea? Betiko bera naiz, baina urte batzuk gehiago bizkarrean! (barreka) Nire betiko ideiak ditut, baina garatuagoak. Herrian nagoenean pintxoa leku berean jaten dut, etxe azpian, Kontxiren tabernan… Bizitzak aurrera jarraitzen duelako ezin daitezke ohiturak aldatu, ondo edo txarto ibili gaitezkeelako, baina oinak lurrean izan behar ditugulako.
Prentsa larroseko galdera bakarra, Javi: «farandula» munduan lagun asko egingo dituzu, ezta? Aisialdiarekin eta mundu mailan ezagunak diren pertsonekin lotutako sektore batean nabilenez, ohikoa da jende asko eta ezaguna ezagutzea. Baina ulertuko duzu denetarik dagoela… Jende jator eta eskuzabala badago, baina harropuzkeri handikoak ere…
Izenen bat esaterik? Lagun asko egin ditut oso ezagunak direnak, baina saiatzen naiz distantzia bat mantentzen, errealitatea beste ikuspuntu batetik ikusteko. Nire lagunak betikoak dira, nahiz eta orain agendan pertsona ezagunen kontaktuak izan. Saiatzen naiz horiekin dudan harremana eta eurekin bizitzen ditudanak «backstage»-ean uzten. Diskretoa izan behar…
Hitz egin dezagun beraz herriaz. Zuretzat Galdakao zer da, errutina ala deskonexioa? Deskonexio totala. Galdakao nire herria da, nire familia eta betiko lagunak dauden lekua, atseden hartu eta pilak kargatzeko erabiltzen dudana. Eta niretzako asteburuak Galdakaon sakratuak dira. Astebururo herrira bueltatzen saiatzen naiz, zerbait oso garrantzitsua ez badugu behintzat.
Aurreko Udal Gobernuarekin, Santakurtzetako talde handiak ekartzen laguntzen zenuela esaten zen. Horrela da? Bai, horrela da. Urte batean Ibon Uribek kontzertuen egitarauan laguntzeko eskatu zidan, eta nik musutruk lagundu nien. Herrian musika jaialdi bat egiteko asmoa ere izan zuen, hainbat espazio bisitatu genituen horretarako baina ez genuen leku egokiarekin eman eta egoera hoztu egin zen. Zentzu horretan Ibonek beti gura zituen gauzak egin eta herria haztea. Berarekin eta beste edozein alkaterekin egingo nuke, den alderdikoa dela. Nire herria da eta beti egongo naiz nire esparrutik Galdakao laguntzeko prest, jakin dezala hori ere Udal Gobernu berriak. •