Jone Gartzia: «Euskal Herrira joateko beharra sentitzen dugu oraindik»
Jone Gartzia, Lanzaroteko galdakoztarra
BINKE / 2024ko uztaila
Jaiotzez: Zabalgane
Gaur egun: Lanzaroten
Jaiotza urtea: 1983
Ikasketak: Fisoterapian diplomatua
Zertan dabil: Lanzaroteko osasun zerbitzu publikoan lanean
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Lehenik eta behin, klima. Hemen betiereko udaberria daukagu. Hori dela eta, urte osoan zehar kirola kanpoan egin dezakegu. Argi dago, ez dagoela Euskal Herriko hezetasuna, ez kolore berderik, ez zuhaitzik ezta mendirik ere. Kolore marroi-horixka eta baltza daukagu edonon, desertuko marroi-horixka eta sumendiaren baltza. Zer esanik ez, familia eta lagunak. Faltan botatzen da familia, baita kuadrila ere.
Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? ? Itsasoa eta hondartza. Urte osoan txankletetan egoteko aukera. Baita bizitzeko erritmoa ere, bizitza lasaiagoa dela esan genezake, estres gutxiagorekin. Argi dago, hemen kuadrila ez daukagula, baina umea dela eta, herriko parkean gure kuadrila egin dugu. Beste ume batzuen gurasoak batzen gara ia arratsaldero parkean edo hondartzan.
Zeren falta somatzen duzu han? Hasiera batean falta gehiago genuen, familia, lagunak, juergak, janaria… gaur egun ez horrenbeste. Hala ere, Euskal Herrira joateko beharra orandik sentitzen dugu. Dagoeneko, bertara eginda gaude, umea ere bertokoa da. Baliteke, agian, pena handiena hori izatea, umeak Euskal Herriarekiko sentimendu estua ez izatea. Hizkuntza behintzat badauka, dudarik gabe.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Ibilaldi eder bat hondartzan egitea eta bainu zoragarria hartzea hondartzaren amaieran, Riscoaren azpian hain zuzen. Kirola dela eta, leku paregabea da kitesurfa, surfa, bizikleta zein korrika praktikatzeko. Hain zuzen ere, lagun batzuk ditugu urtero hona datozenak azkeneko 9 urteetan, sumendien arteko lasterketak egitera.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Lagunak eta herriko jaiak. Iturriko uda edan daitekeela (barrezka) eta denetariko zerbitzuak ditugula herritik mugitu gabe.
Zer dakite gure herriaz? Galdakaori buruz ezer ez. Dana Bilbo barruan sartzen dute, bertokoentzako dena Bilbo da. Batzuek agian Donostia ere aipatu dezakete, besterik ez. Athletic da ezagutzen duten bakarra, bueno, parkatu, Athletic ez, «el Bilbao» (iñor ez mindu nahirik), baizik.
Zer zenekien zu hangoaz? Egia esan, askorik ez. Alde batetik, haizetxua zela, hori da hamen gaudenaren arrazoietako bat, kitesurfa egiten dugulako. Eta bestetik, Lanzarote kanariar irletako irlarik zainduena dela ingurumenari dagokionez. Biosfera erreserba da, Urdaibai bezala.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Auskalo! Batek daki! Oraingoz, oraingoa bizi, ez daukagu etorkizunerako asmorik. Hala ere, esperimentu txiki bat daukagu. Erleen munduan barneratzen hasiak gara, erlauntza batzuk ditugu, hemen, Lanzaroten ohiz koanpokoa den gauza bat. Oraingoz, ikasten gaude eta guretzako eta lagunentzako bakarrik eztia daukagu. Ikusiko dugu zelan garatzen den kontua.