Josi Sierra galdakoztarrak ‘GalateaBot’ dokumentala aurkeztu zuen Sorian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Rakel Karo
EHUko Hezkuntza fakultatean ikertzen dabiltzan bi emakumeren arteko elkarrizketa bat du oinarri ‘GalateaBot’ dokumentalak. Pasa den astelehenean Sorian aurkeztu zuten, mujerDOC jaialdian, eta sortzaileetako bat den Josi Sierra galdakoztarrarekin hitz egin du Binkek.
Urtebeteko lana du atzean ‘Galateabot’ dokumentalak, Josi Sierra galdakoztarrak sortutakoa Andrea Abalia eta Noelia Maesorekin elkarlanean. Pasa den urteko otsailan grabatu, udaberrian editatu eta uda garaian zenbait zinemalditan aurkeztu zuten, besteak beste, Zinebi64an.
Santakurtzak hastear zirela Sorian mujerDOC generoari buruzko nazioarteko festibalean izena eman zuten eta lehiaketarako onartuta zegoela erantzun zieten udazken aldera. Produkzioaren azken ukituak eman eta gabonak aldera bertsio «estreinagarri» bat lortu zuten. Ondoren, FestHome plataformara igo zuten eta antolatzaileei helarazi zieten proiektatzeko kopia bat.
Pasa den astelehenean, martxoak 6, egin zuten estreinaldia Soriako mujerDOC jaialdian eta txalo zaparrada jaso zuten hiru egileek. «Kasualitate hutsa izan zen, baina aurtengo ekimenaren barruan estreinatu ahal izatea aukera paregabe bat bihurtu da, emakume zinemagile eta zinemazale potente askoren lanen artean plazaratu delako», azaldu dio Binkeri Josi Sierrak.
«Gurea doku xume bat da, baina aurreko egunetan eta aste osoan programatuta dauen filmak interesgarriak bezain konprometituak dira, feminismoaren alde eta guztion giza eskubideekin», azpimarratu du galdakoztarrak.
Elkarrizketa bat oinarri
Hamabi minutuko iraupena du ‘GalateaBot’ dokumentalak eta EHUko Leioako Hezkuntza fakultatean ikertzen dabiltzan bi emakumeren arteko elkarrizketa bat du oinarri. Zehazki, Andrea Abalia eta Noelia Maeso euren elkarlanaren ibilbidea, gorabeherak, emaitzak eta etorkizuneko erronkak kontatzen ditu.
«Emakume bion artean sortutako robot hack-feminista bat da: publikoki agertzen den iruditik hasita esaten edo idazten dituen mezuetara iritsi arte», azaldu du Sierrak. Sortzailearen hitzetan, bot honek adimen artifiziala erabiliz, «fakultateko ikasleek idatzi dituzten heziketa kritiko baten aldeko mezuak konbinatzen ditu, berdintasuna, hezkidetza eta feminismoaren aldeko txio jarioa sortuz».
Dozena erdi zinemalditan izena eman dute: giza eskubideak, emakumeen egoera eta dokumental laburrak onartzen dituztenetan, baina oraindik erantzunen zain daude. Halaber, berdintasun arloko arduradunei Galdakaon edo Usansolon proiekzioa eta eztabaida antolatzeko proposamen bat helarazi dietela adierazi du Sierrak.
Bitartean, Sorian egindako aurkezpena ikusi daiteke Youtuben.