Juan Karlos Irizar hil da, Galdakaoko Musika Bandako zuzendari ohia
Heriotza
BINKE / 2021eko apirila
Juan Karlos Irizar hil da, Galdakaoko Musika Bandako zuzendari ohia
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Goiena.eus
Hogei urtetik gora Galdakaoko Udal Musika Bandako eta Zaletasuna abesbatzako zuzendari izandako Juan Karlos Irizar oñatiarra gaur zendu da Aizarnazabalen, bere etxean. Albiste honetan bere ibilbide izugarriaren errepaso arina egin dugu.
Euskadi Irratiak gaur arratsaldean eman du berria: Juan Karlos Irizar musikagile eta musika-zuzendaria hil egin da. Berria entzun eta berehala jarri da Binke notizia eman duen kazetariarekin, berria baieztatzeko, eta honek konfirmatu egin dio aldizkari honi. Gertukoek jakinarazi dute Irizar hilik aurkitu dutela gaur, eguena, 15:30 aldera bere etxean. Heriotzaren zergatia ez dute oraindik argitu.
Juan Karlos Irizar (1951-2021) Oñatin jaio zen, eta musika ikasketak Donostiako, Madrilgo, Pabeko eta Erromako Santa Zezilia Goi-Eskolatan egin zituen. Bere ibilbide profesionalean hainbat orkestratako zuzendaria izan da, hala nola, Bartzelonako Lizeoko Orkestra Sinfonikoan, Pabeko Kontserbatorioko Orkestran, Erromako Santa Zezilia Akademiako Orkestran edo Donostiako Schola Cantorum abesbatzan. Azken urteak Arrasateko Aita Menni ospitaleko abesbatzako zuzendaria eman ditu, bertan musikoterapia saioak ere eskaintzen.
Hala ere, Irizarrek albiste honetan sartu ezin daitekeen ibilbidea egin du: atera dituen 30 diskak, dozenaka partituren liburuak, filme eta dokumentaletako soinu bandak, antzerkietarako musika piezak, Donostiako Iradier baleta, Gasteizko Samaniego baletetako musika, Zinemaldiako ereserkia…
Baina Galdakaok beste arrazoi gertukoago bategatik gogoratuko du beti oñatiarra: hogei urtetik gora eman zituen Galdakaoko Udal Musika Bandako zuzendari, baita aurretik Zaletasuna abesbatzako zuzendari ere. Eta lotura handia zuen gure herriarekin Irizarrek. Horren erakusle dira, besteak beste, Galdakao inspirazio iturri hartuta argitaratu zituen piano-diskak —«La memoria histórica de un pueblo llamado Galdakao» (2012) eta «Galdakao eta bere auzoak» (2014)—, Galdakaorentzat 1988an eta 2010ean egin zituen ereserkiak, baita Galdakaoko Udalaren Euskara Arloak sustatutako «Zuztarretatik ahora» proiekturako sortu zuen «Orbelak airez aire» kantua ere.
Galdakaoko kulturak eta, musikak oro har, asko zor dio Juan Karlos Irizarri. Gugan bego, maisu.
Getariako Musika Bandak grabatu zuen Juan Carlos Irizarren «Bekea» pieza, Galdakaoko auzoari eskainitakoa.