Julen Diez: «Egiten duzun hori ahalik eta ondoen egin behar da, parrandak barne!»
Julen Diez, triathloilaria
BINKE / 2017ko uztaila
«Egiten duzun hori ahalik eta ondoen egin behar da, parrandak barne!»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ander Arrieta
Ikasketak bere pasiora lotu ditu Julen Diez kirolari galdakoztarrak. Eta bere pasioa ari da bera profesionalizatzen, baina horrek ez du beldurtzen, eta parrandarako tarteak ere atera behar direla dio. Orain arte lortutako emaitzek agerian uzten dute zer esana emango duen herritarra dugula Diez, hamarrekoa! Udako egunak hemendik egin behar dituenaz baliatu gara bera eta tratloi mundua hurbilagotik ezagutzeko.
Nor da bizikletaren koadroan zuri begira daramazun argazkiko gizona? Aitite da. Dagoeneko bost urte dira hil zenetik eta bera joatea izan da bizitzan gehien markatu nauena. Izugarri gustatzen zitzaion txirrindularitza eta uda guztiak elkarrekin ematen genituen lasterketak ikusten.
Asko galdetzea ez bada, zergatik daramazu hortxe? Nire lehenengo erronka handirako jartzea erabaki nuen, iazko Ironman-a egiteko Lanzaroten, eta geroztik nirekin dator aitite. Errepidean zaintzen nauela eta zortea ematen didala sentitzen dut.
Zortea berez dator ala bilatu egin behar da? Kirol esparrutik ikusita behintzat, ez dut zortean sinisten. Are gehiago, nire kideei sekula ez diet zori onik opa. Lanean sinisten dut, entrenatuz eta lan eginez gero, emaitzak bakarrik iritsiko direlako.
Tira, gurpila zulatzea zorte txarra izatea ere bada… Eta hori izan daiteke akaso jokoan sartzen den zorte bakarra, gurpila zulatzea edo zure jardunarekin zerikusirik ez duen beste ezbeharren bat gertatzea errepidean. Baina bai, zorte ona bilatu egin behar da.
Bartzelonako Ironman Erdian behintzat, aurkitu zenuen ba zortea! Bartzelonara nekatuta iritsi nintzen, aurreko asteburuan Iruñean jokatutako Espainiako distantzia erdiko txapelketan aritu ostean. Baina nire onena ematera irten nintzen, hala ere, eta emaitza ona lortu nuen.
Zein izan zen emaitza? Itsasotik bederatzigarren irten nintzen nire kategorian eta bizikletan estutu behar nuen sailkapenean gora egiteko. Horrela egin nuen, bigarren jarri nintzen eta amaiera arte eutsi ahal izan nion postu horri. Helmuga 24. postu absolutuan zeharkatu nuen. Karrera oso gogorra, baina esfortzu ikaragarriarekin nire errekorra gainditzea ere lortu nuen maratoi erdian (ordu bete eta 21 minutu).
Emaitza ona, eta lehiakide onen artetik gainera, ezta? Bai, izen handiak zeuden tartean: Ironman distantzian bi bider munduko txapeldun eta kirolari olinpikoa den Jan Frodeno, edo Frederick Van Lierde, Ivan Raña… eta beste kirolari oso on nire adineko kategorian ere.
Eta bertan, Bartzelonan, Munduko 70.3 Triatloirako sailkatu zinela jakin zenuenean, zer da egin zenuen lehenengoa? Helmuga zeharkatu eta bost minutura enteratu nintzen, nire aurretik kokatu zen belgikarrarekin berba egin nuenean. Mundialera noala? Ezin nuen sinistu! Masaje bat jaso nuen —agian nire bizitzako onena; eta hori Patri, nire fisioa, oso ona dela, eh!— eta korrika «betikoengana» joan nintzen.
Nortzuk dira «betikoak»? Ezagutzen nautenek badakite nortzuk diren lasterketetara nirekin etortzen direnak: nire aita, osaba eta lehengusu txikia —zortzi urterekin badabilena triatloian gainera—. Eurengana joan eta eurek izan ziren berria jasotzen lehenak! Besarkada itzela elkarri eman eta hoteleko igerilekura joan ginen bainu goxo bat ematera. Bidean ama eta entrenatzailea deitu nituen.
Tragotxo bat hartzeko astirik ere ez zenuen izan? Bazkalostean eta sari banaketa amaituta ni ikusten ere joan zen Iker Leal lagunarekin joan nintzen zerbait edatera. Hori bai, gabaz ordu txikitan lokartu nintzen, proban zehar hartzen ditugun kafeinazko gel guztien eta bizitako emozion eraginez. Beraz, mugikorra hartu eta sare sozialen bidez jasotako zorion mezu guztiak erantzuten jarri nintzen!
Munduko 70.3 Triatloia Half Ironman bezala da ezaguna. Horrek ez zaitu kikiltzen? Ez. Badakit han munduko onenak egongo direla, sailkapen proben bitartez sailkatu direnak. Baina nik ere lortu badut, nibela dudalako izango da, ezta?
Irailaren 10ean jokatuko da Ironman Erdia Estatu Batuetan. Bizikleta eta ekipaje osoaz gain, nor izango duzu bidai-lagun? Betikoak! (barreka) Laurak joango gara hara ere, eta uste dut AEBtan bizi den lagunen bat ere hurbilduko dela lasterketa egunean. Animo guztiak dira ondo etorriak!
Baina ordura arte lan handia duzu aurretik. Laguntzarik izango duzu entrenamendu saioetan? Bai, espero! (irribarretsu) Igeriketa entrenamenduetarako Galdakao Igeriketa taldekoak espero ditut, GNG Master Team eta taldeko hainbat kide bizikletan iiltzeko eta lagunen bat edo beste korrikan aritzeko. Bakarrik ez naiz egongo!
Gaur egun Triathlon Galdakao klubean ari zara. Zelan hartu dituzte zure lorpenak taldeko kideek? Eurek diote ez ditudala ezustekoan harrapatu, baina uste dut ni bezala sinetsi ezin egon direla. Pozik daude. Gainera orain dela gutxira arte —taldean Asier sartu aurretik— taldeko txikitxoa izan naiz eta esango nuke kariño berezi batekin ere hartzen nautela!
Munduko 70.3 Triatloiaren izena probaren distantziatik dator, guztira 70.3 miliakoa delako (113 km.). Zenbat ordutan egiten dira, batez beste? Baldintza klimatikoen eta desnibelaren araberakoa da, baina ideia bat egin dezazuen, Bartzelonan lau ordu eta 31 minutu behar izan nituen. Gogorra izan zen, beroa eta 1.400 metroko desnibela bizikletan.
Tartean korrika, igerian eta bizikletan ibili behar da. Zein nahiago? Bizikleta. Indartsu sentitzen naiz eta berarekin entrenatzea asko gustatzen zait. Gainera paisaia eder eta berriak ikusten dituzu… Igerian ere gustuko dut, bereziki lagunartean egiten dudalako. Baina korrika aritzeko pixka bat alferra naiz…
Hainbeste orduko proba berean, behar izan fisiologiko eta naturalak zelan asetzen dira? Nik sekula ez nuen imajinatuko Lanzaroten Ironman Erdia egin nuen arte. Hantxe ohartu nintzen errealitateaz… Hain limitera zoaz, sarri txiza egiteko beharrik ere ez duzula, bakarrik irteten delako!
Proban bertan zaudela, soinean txiza egin? Bai, horrela da. Gogoratzen dut Lanzaroten korrika egiteko jaitsi nintzenean. Paseo guztia jendez lepo zegoen… eta nik txiza egin behar nuen! Korrika nindoala gura barik praketan egin eta, orain bai, zortea izan nuen hornidura postu bat zegoelako ondoan. Ur botila bat hartu eta gainetik bota nuen, disimulatzeko! (barreka)
Egoera deserosoa izan behar da, egia esan. Eta bestelako behar izanak egiteko asko bidean jartzen dizkiguten komunetan gelditzen dira. Baina inoiz Ironman proba bat ikusten baduzue, ez zaitezte harritu bidean triatloilariren batek soinean kaka egin duela ikusten baduzue!
Horrelakoak ez dira futbolean gertatzen gero! Ni ere futbolean ibili naiz txikitatik, eta horrelakorik ez dut egundo ikusi behintzat! Eskolan hasi nintzen jokatzen, bertako entrenatzaile batek Arenas taldera eraman ninduen arte. Bertan urte pare bat egin nituen kadete maila eta gero Galdakaora etorri nintzen. Hiru urte inguru hemen egin ostean, gazte mailan, utzi nuen futbola. Azken urtean triatloiarekin uztartzen nuen futbola, baina gehiegizkoa zen.
Eta zer dela eta utzi zenuen baloia bizikleta hartzeko? Udan asko gustatzen zitzaidan bizikletan ibiltzea Medina de Pomar aldean —bertan pasatzen ditut udak— eta futbolean nire kideek baino korrika gehiago egiten nuela ikusita, duatloi bat egitera animatu nintzen. Gernikan izan zen eta sailkapeneko azkena izan nintzen, baina esperientzia hainbeste gustatu zitzaidan, triatloi bat egitera animatu nintzela!
Zer du batak besteak ez duena? Futbola taldeko kirola da, eta ez dago dena zure esku. Eta triatloia zure lanean oinarritzen da. Ez duzu inoren beharrik behar. Entrenatzen baduzu, ondo joango zaizu. Bestela, ez zara helmugara iritsiko, eta iristen bazara ez zara pozik iritsiko.
Profesionalizatzen ari zara, Julen, baina gaztea zara. Parrandetarako aukerak agortzen hasi zaizkizu? Inondik inora ere! Denerako denbora dago eta! Agian ez naiz juergan irteten nire adinekoak bezain beste, egia da, baina irteten naizenean dena ematen dut! Egiten duzun hori ahalik eta ondoen egin behar dela uste duen horietakoa naiz, eta parrandan berdin… edo gehiago! —ia nire entrenatzaileak ez nauen irakurtzen…— (barreka). •