Julen Sagarminaga: «Minari buruz dakigun %90 gezurra dela esan daiteke»
Julen Sagarminaga, fisioterapeuta
BINKE / 2019ko ekaina
«Minari buruz dakigun %90 gezurra dela esan daiteke»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Ixone Muñiz Arana
Leioan egin zituen Julen Sagarminaga Loroñok (1994, Galdakao) fisioterapia ikasketak, eta harrezkeroztik, inguruko zenbait zentrotan ibili da lanean. Egun, Zornotzan dabil, eta lan hori Galdakaoko Ibaizabaleko Emakumezkoen Liga 2 txapelketan dagoen taldeko fisio izatearekin uztartzen du.
Denok izaten dugu mina, baina ez dakigu asko hari buruz. Zer da eta zergatik izaten dugu? Mina esperientzia emozional eta sentsitibo desatsegina da, ehunen kalte batek sortua egon ahal dena edo ez, eta kulturak, ingurugiroak eta sentimenduek baldintzatu dezaketena. Gorputzaren defentsa mekanismo bat da, eta kalte fisiko bat dagoenean ager daiteke zonaldea babesteko, edota kalterik ez dagoenean etorkizuneko kalte bat ekiditeko. Mina ez da txarra izatez, arazoa dago kronifikatu egiten denean.
Egia da hari buruz entzuten den guztia? Egun, esan ahal da minaren inguruan dakigun %90 gezurra dela; gehienak mito faltsuek osatuta, kulturalki onartuak, eta osasun profesionalok, farmazeutikek eta abarrek orain arte zabalduak, baina egungo ikerketek baztertu dituztenak.
Horren adibiderik? Ikusi da motxiletan pisua eramateak edo telefonoarekin egoteak ez duela erlaziorik bizkarreko eta lepoko minarekin; hotzak ez duela hezurretan mina ematen; hernia diskalek eta artrosiak ez dutela zertan minik eman; ez dagoela esertzeko postura perfektorik… Edo esango banizu emakumeek hilerokoarekin eta haurdunaldian jasaten dituzten minak ez liratekeela arruntak izan behar? Gorputzeko prozesu naturalak dira. Ikusi da ere kulturek, sinesmenek eta egoera emozionalek eragin zuzena dutela minaren pertzepzioan. Kulturalki oso zaila da sinesmen horiek alde batera utzi eta minaren inguruan ikuspegi berri bat sortzea, baina egun frogatuta dauden baieztapenak dira.
Zer egin dezakegu gure ikuspuntua aldatzeko? Gehienbat irakurri, informatu, eta batez ere kritikoak izan behar gara. Minak zelan funtzionatzen duen ulertzea ezinbestekoa da bere maneiu egokirako. Greg Lehman-en «Estrategias de Recuperación, guía del dolor» –doakoa, online– eta Arturo Goicoechea neurologo euskaldunaren «Migraña, una pesadilla cerebral» liburuak, adibidez, oso lagungarri egin zaizkit minari buruzko nire ideiak aldatzeko.