June Ramos: «Esperientzia berriak bizitzeko gogoak ekarri ninduen Perura»
June Ramos del Hoyo, Peruko galdakoztarra
BINKE / 2020ko ekaina
«Esperientzia berriak bizitzeko gogoak ekarri ninduen Perura»
Sortzez: Galdakaokoa, Kurtzea ingurukoa.
Gaur egun: Huaraz-en, Perun.
Jaiotza urtea: 1996.
Ikasketak: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak eta Lehen Hezkuntza.
Zertan dabil: Semillas de Vida eskola alternatiboan lanean.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Esperientzia berriak bizitzeko gogoak! Egia esan ikasketak amaitzean lan egin nahi nuen, eta posiblea bazen etxetik urrun. Beraz, Huaraz-en lan egiteko aukera ikustean, ez nuen birritan pentsatu.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Familia eta lagunak urrun izatea eta erosketak egiteko uneak. Hemen guztia merkatuetan erosten da, kalean bertan. Nekazari asko dago inguru honetan eta igarri dugu guztia oso naturala eta ekologikoa dela.
Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Esnatu eta 5.000 metro baino gehiagoko mendiak ikusteko aukera. Nire logelatik Huascaran, Ranrapalpa edo Huandoy bezalako mendi-tontorren paisaiaz gozatzeko aukera daukat. Hala ere, ez dago Somera bezalako gunerik, tabernak badaude, baina hangoak bezalakorik ez.
Zeren falta somatzen duzu han? Hemen ez dira gazteen kuadrilak kaletik ikusten, jende nagusiagoarekin ibiltzen gara, gehien bat kirolean: eskalatzen, mendian… Kultura ezberdina da. Juergarako momentuak ere badaude, batez ere etxeetan, nahiz eta konfinamenduak aukerak asko murriztu.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Lehenik eta behin, ingurunea ezagutzeko denbora beharko duela. 3.000 metrotara bizi naiz orain eta pertsonaren arabera bakoitzak egun batzuk behar izaten ditu honetara ohitzeko. Behin ohiturik, ingurunean dagoen edozer bisitatzeko gomendatuko nioke, Laguna Paron esaterako.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Egia esan sarritan jorratu dugun gaia da hau. Gehienbat gazteon artean dagoen giro osasuntsuaz hitz egin dugu, baita inguruko paisaiaz ere. Arraroa bada ere, noizbait Binke aldizkaria ere aipatu dugu! (barreka)
Zer dakite gure herriaz? Asko dakite gure herriaz. Ingurune menditsua da eta euskaldun asko etortzen dira eskalada, alpinismoa eta bestelakoak praktikatzera. Fama oso ona dugu euskaldunok hemen, egia esan, gure hizkuntzaz, musikaz, kulturaz… badakite eta zorte handia daukagula diote.
Zer zenekien zuk hangoaz? Bertan egondako zenbaitekin hizketan aritu nintzen etorri baino lehen, eta entzundako guztia positiboa izan zen. Gehienek paisaiak eta inguruak aipatzen zituzten, hemengoa imajina ezina zela esanez. Azken finean, orain 3.000 metrotara bizi naiz eta mendiren bat igotzen hasi orduko 1.000 metro gehiago igo ditzakezu.
Zeintzuk dira zure etorkizuneko asmoak? Printzipioz irailera arte hemen egongo naiz, ez dakit egonaldia luzatuko dudan, denborak esango du hori. Horrez gain, bertako hezkuntza eredua ikasten jarraitzeko asmoa dut.