«Kereizak», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko ekaina
Bagileko San Juanetaraz gero, goizetiko kereizak gorritu eta heltzen hasten dira. Kereiza berbea mailegua da. Grekoz ‘késaros’, latin klasikoan ‘cesarum’ eta latín arrunteko ‘ceresia’-tik dator gure kereiza. Lehen gure baserrietan etxeko frutak jaten ziran eta goizetiko kereizak estimadu geunkazan. Lehenengo kereizak probatzeko adia alazokoa izaten zan batez be umeen artean. Kereizak ondo heldu barik jateak tripalak, enpatxuak eta kolikoak ekarzan, batezbe jarraian ura edanez gero. Horregaitik, nagusiek bildurra sartzen euskuen umeoi, kereiza erdi-elduak jan ezkero tripetan sapoak-eta sortzen zirala adieraziz. Goizetiko kereizondo bat eukanak sorots egiten eutsan zein umeak edo txoriak hurreratu. Kereizak dirala-eta, esaera polit eta esanguratsu bat daukagu. Aiko. Gurean baten batek borondatez beteko mesede, laguntza edo opariren bat egiten deuskunean eta horren ordez zer emongo deutsagun itandu, erantzuna hauxe izaten da: «Gabonetan kereizak», hau da, ezebez, hemen Gabonetan ez dagoalako kereizarik kereizondoetan. Baina gaur egun, esaera hori atzean geratu jaku, inportazioari esker Gabonetan be kereizak daukaguzalako fruta-dendetan.