Kingsley Chukwudi: «Familia atzean utzi behar izana zaila egin zitzaidan»
Kingsley Chukwudi, Nigeriatik etorria
BINKE / 2021eko iraila
«Familia atzean utzi behar izana zaila egin zitzaidan»
Kingsley Chukwudi Benin Cityn jaio zen (1976, Nigeria). Duela 15 urte jaioterria atzean utzi eta Europatik zehar aukera berriak bilatzen hasi zen. Familiarekin egonkortzeko helburua zela medio Euskal Herrira etorri zen duela pare bat urte eta gurean bizi da geroztik.
Noiz heldu zinen Galdakaora eta zergatik? Hasiera batean Nigeriatik Holandara joan nintzen, geroago Austriara, geroago Valentzian egon nintzen bizitzen eta azkenik Euskal Herrira etorri nintzen. Europan bizitzea oso zaila egin zitzaidan hasieran atzerritarrentzat bertan bizitzeko behar diren dokumentuak lortzea oso zaila delako. Hori dela eta niretzat eta familiarentzat hoberena dela bilatu izan dut beti eta Euskal Herrian oso gustura bizi naiz.
Bakarrik, lagunekin edota familiarekin etorri zinen Euskal Herrira? Nigeriatik Europara bakarrik etorri nintzen. Bertan bizitzen hainbat urte egon ondoren, Valentzian nituen lagun batzuk aipatu zidaten Espainian bizitzeko aukera nuela eta horren berri izan nuenean bertara hurbildu nintzen, duela 12 urte. Bertan nire emaztea ezagutu nuen eta geroztik familia osatzen joan gara, lau seme-alaba izan arte.
Bertara heldu zinenean zer izan zen zailena? Gauzarik zailena familia atzean uztea izan zen. Etxetik duela hamabost urte joan nintzen eta geroztik ez naiz bertara bueltatu. Familiako kide asko ezin ikustea oso gogorra egiten zait, urteak daramatzat aita, ama, anai-arrebak… ikusi gabe eta gainera, bertara bidaiatzeko aukerak ere oso eskasak dira. Hala ere, beraiekin telefonoz hitz egiten dut eta daukagun harremanak asko pozten nau.
Zer da gure herritik gehien gustatzen zaizuna? Galdakaotik gehien gustatzen zaidana bertako jendea da. Herriko jende asko ezagutzen dut eta bihotz-bihotzez eskertzen dut jendeak niganako erakusten duen hurbiltasuna. Bestalde, ondoko herriekin alderatuz oso jendetsua da herria eta gainera, bertan dagoen giroa asko gustatzen zait jendea gauera arte kaletik ibiltzen delako.
Euskaraz badakizu? Egia esan ez dakit askorik. Gainera nire bizitzan zehar leku askotan egon naiz eta bertako hizkuntzak ikasi behar izan ditut. Berrogeita sei urterekin eta hiru hizkuntza ikasi ostean ahaleginak egin ditut euskara ikasteko, baina oraindik ez dut hizkuntza ondo menperatzen. Hala ere, askotan jendea euskaraz agurtzen dut «egun on» edota «zelan zaude» batekin, horrelako gauzak nire seme-alabek irakasten dizkidatelako, haiekin noizean behin euskaraz hitz egiten saiatzen naizelako.