«Korrikarik ez, baina ibilbidea bai», Irati Bediaga
Neuretik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2021eko apirila
Korrikarik ez, baina ibilbidea bai
Aurten ez dugu hasiera batean martxorako iragarrita zegoen Korrikarik ospatu. Egia da euskarak kaleak, bizitza eta mugimendua behar dituela gizarte diglosiko honi buelta emateko. Baina aurten ere Covid-aren ondoriozko debekuetatik harago, badaukagu egin beharreko ibilbidea: inkontzientziatik kontzientziara, hortik ekintzetara eta helmuga: erabilera ohitura bihurtzea.
Beldurtuta dagoen euskaldun berri hori animatuko nuke lotsak alde batera uztera, erortzera eta zutuntzen ikastera. Euskara ez da kristalezko diamante delikatua, egunerokotasunean bidean lupetzarekin zikintzea zilegi den makulua baizik.
Euskaltegira lanean eskatzen dioten EGA titulua ateratzera soilik doan horri esango nioke gure hizkuntza ez dela azterketa bat perfektu egitea, kulturaren parte handia dela, bizimodu bat, euskal gizartean bizitzeko hautu bat.
Kamisetan Euskal Herriko mapa, jertsean arrano beltzaren irudia eta boltsoan «Euskal Herrian euskaraz» pina duen, baina koadrilan gazteleraz ari den gazte errebeldeari Anje Duhalderen abesti baten letra gogoraraziko nioke: «Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago».
Alabari euskaraz eta jarraian elkarren artean erdaraz aritzen diren guraso elebidunei kontatuko nieke beraien alabaren ardura izateaz gain, beraien buruaren ardura, bikotekidearen ardura, eta orohar euskal komunitate honen eta herri honen ardura ere badutela.
Poztuko nintzateke datorren udaberriko Korrikara bakoitza bere lanak eginda eta denok mingaina entrenatuago helduko bagina. Aurten ekimen honek eduki duen zauriarentzat sendagai ezin hobea izango litzateke.