Kortederrako zabortegira amiantoa eramaten dutela ziurtatzen duen fitxa bat agertu da
ESKLUSIBA
Hondakinak
BINKE / 2021eko maiatza
Kortederrako zabortegira amiantoa eramaten dutela ziurtatzen duen fitxa bat agertu da auzokide baten etxean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Kortederrako auzokide batek Binkeri bidalita
Bistibietako zabortegira zioan kamioi bati fitxa bat jausi zitzaion galdakoztar bizilagun batzuen etxe parean. Kamioiak garraitzen zituen hondakinetan amiantoa dagoela eta minbizia eragin dezakela irakur daiteke fitxa horretan. Binkek ikertu gura izan du hori legalki egiten den, eta horretarako Lemoako Udalarekin zein enpresa arduradunarekin hitz egin du.
Kortederrako auzokide batek ateratako argazkiak iritsi dira Binkeren telefonora: Bistibietako zabortegira sartzeko aginduaren zain kamioi bat geratu zen herrikide honen etxe aurrean, gidaria jaitsi eta kamioiaren kabinatik dokumentu bat erori zitzaion. Dokumentu hori kamioiak garraiatzen zuen zamaren fitxa teknikoa zen, eta bertan argi irakur daiteke gaztelaniaz: «minbizia eragin dezake» eta «amiantoa duten hondakinak» daramatza kamioiak.
Amiantoa XX. mendearen bigarren erdialdean hainbat material eraikitzeko lehengai gisa asko erabili zen mineral bat da. Baina oso arriskutsua da amiantoaren eraginpean dauden pertsonen osasunerako, eta horregatik debekatu zen honen erabilera. 2002. urteaz geroztik, espainiar estatuan debekatuta dago bai minetatik amiantoa ateratzea, bai inongo ekoizpen-prozesutan erabiltzea ere.
Argazkiak jaso eta berehala hasi zen Binke zegozkion deiak egiten, amiantoa Bistibietako zabortegira eramatea ohikoa zen edo ez jakiteko eta, hala izatekotan, Lemoako Udala horren jakitun den ziurtatzeko —Lemoako lurretan baitago Bistibietako zabortegia, nahiz eta bertako jardunak eta usain gogorrek Galdakaoko bizilagunengan eragin, 2020ko uztailean argitaratutako erreportajean azaldu bezala—.
Lemoako Udalaren ingurumen teknikariarekin fitxa honetan ageri diren kodeak alderatu ostean, aipatutako kamioiak uralita garraiatzen zuela egiaztatu dio udal-teknikariak hedabide honi. «Osagai hori bertara ekartzen dabizenaren barri bagenduan», adierazi dio langileak Binkeri, eta gaineratu: «Gaur egun zabortegi bakarrenetarikoa izango da Bistibietakoa, bakarra ez bada, amiantoa jasotzen dauana, baina legaltasunaren barruan egiten ari dira».
Uralita —eta beraz, amiantoa— eraikin zahar askoren barnealdean agertzen da behin eraikina eraitsita, eta minbizia eragin dezake arnastu egiten bada. Horregatik, «gu geu bertan izan ginan behin, garraiatzeko protokoloa ezagutzeko», zehaztu du Lemoako Udalaren ordezkariak: «Erabat estalita ekartzen dabe zabortegira, eta ez dau arazorik emon beharrik, ez bada apurtzen. Hori bai, langileek Norbera Babesteko Ekipamenduekin ekartzen dabe uralita, erabat estalita, eta ez dabe inor bertaratzerik uzten». Hala ere, ingurumen teknikariak «arduratzeko arrazoirik ez» dagoela adierazi du. Garraiatutakoa apurtzen ez den bitartean beti ere, noski.
FCC Ámbito da zabortegi honen enpresa arduraduna, eta udal-teknikariarekin hitz egin aurretik, Binke bere arduradunarekin hitz egiten saiatu da. Ez du erantzunik jaso —zabortegiko erreportajea egin zenean ere ez zuten parte hartu gura izan—. Bai aldiz, kamioiari jausitako fitxan agertzen den amiantoaren enpresa arduradunaren erantzuna.
Enpresa honetako arduradun batek Binkeri onartu dio: «Lehen Zaldibarko zabortegira eramaten genduan moduan, orain Bistibietakora eroaten dogu gure amiantoa». Honekin, Verter Recycling enpresak lehen Zaldibarrera amiantoa eramatea uzten ziotela esan gura du langile honek, eta hango hondamendia gertatu zenetik ezin izaten dutela eraman. Horregatik orain Galdakao parean dagoen zabortegira eramaten dute.
«Ez gabiltza ezer ilegalik egiten, FCC Ámbito enpresak normaltasun osoz uzten deuskulako bertara gure zaborrak eroaten», azpimarratu gura du enpresa arduradunak. Eta hala da, Binkek zabortegi honetako jardunaren ziurtagiriak egiaztatu ostean, Eusko Jaurlaritzak onartu egiten du Kortederra aurreko zabortegira amiantoa eramatea.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak baimen horiek aldatu ezean, Kortederrako bizilagunek pentsatzen jarraitu beharko dute Bistibietako zabortegira garraiatzen duten materiala inoiz ez dela apurtuko.