La Palmako El Paso herriak GBGE elkartea omendu du, euren herriko egunik handienean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Hiru urterik behin La Palmako El Paso herriak antolatzen duen jai handian Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea omendu zuten, sei hilabetez elkarteak koordinatutako 416 boluntarioek sumendiaren kalteak arintzeko eskainitako laguntzagatik.
Kanariar uharteetako La Palma irla ezaguna egin zen 2021eko irailaren 19an, bertako Cumbre Vieja inguruko sumendietariko batek leher egin eta 85 egunez 1.600 eraikin inguru suntsitu eta beste horrenbeste hektarea kiskali zituenean. Bada, sumendiak eztanda egin eta aste batera Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGEk) La Palmara bidaiatu zuen, ezbeharra sortzen ari zen kalteak arintzen laguntzera.
Guztira 416 boluntario «bidali» eta koordinatu zituen La Palman GBGEk, bereziki sumendiaren erupzioaren ondorio teilatuetako eta errepideetako errautsak garbitzeko. Garrantzitsua zen teilatuetako errautsak arin kentzea, ondoratzea saihesteko, eta baita errepideak garbitzea ere, bertako bizilagunak eta langileak mugitu ahal izateko.
Sumendiak eragin zuzena herri askotan izan zuen. Todoque, El Paraíso, Las Manchas, Tajuya, Tacande, La Laguna, Bombilla edota Las Norias herriak guztiz edo ia guztiz desagerrarazi zituen sumendi ezagunak, eta desagerrarazi ez baina ondorio lazgarriak beste askotan utzi zituen. Euretariko bat El Paso herria izan zen, eta azken honetan igaro zituen sei hilabete GBGE elkarteak, bertako Udalarekin koordinatuta sumendia eragindako kalteak arintzen laguntzeko.
Laguntza hori ez zen edonolakoa izan, esaterako: boluntarioen elkarte bakarra izan zen bertan lanean ibili zena, eta horregatik, boluntario joan gura zuten asko Galdakaoko elkarte honekin jarri ziren harremanetan; GBGEk Gurutze Gorriak eta militarrek baino gehiago garbitzen zuten —Gurutze Gorriak kanpamentuak baino ez zituelako jartzen boluntario edo auzokideren bat artatu behar izatekotan, eta militarrek bideak moztu eta airearen kalitatea baino ez zuten egiten, El Pasoko bizilagunen ahotan—; eta garbiketa lanez gain, animaliak zaintzeko gune handi bat ere gaitu zuten eta bertan zaintzen zituzten GBGEko kideek.
Lan horietan 186 egun eman zituzten, bataz beste 34 urteko 416 boluntarioek. Ehun inguru galdakoztarrak izan ziren, baina bost herrialde desberdinetatik etorritako kideak zeuden guztira, denak GBGEk koordinatuta eta honen materialarekin.
Horregatik, El Paso herriak Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea omendu gura izan zuen bere udal eta alkatearen bitartez. Omenaldi hori egiteko aipatutako udalak ez zuen edozein egun aukeratu: hiru urterik behin mendiko ermita batetik herriko elizara jaisten duten Virgen del Pino amabirjinaren erromeria baliatu gura izan zuelako El Pasoko herriak. Jai honek adin guztietako milaka gazte batzen ditu aldiro. Aurten 40.000 lagun inguru batu zituen abuztuaren 20an.
Amabirjina honek bere ibilbidearen hasieran, zuhaizti baten parean, geldialdia egin zuen aurten; bertan El Pasoko Udalak «Galdakaoko boluntarioen omenez» kokatu duen plaka bat inauguratu eta elkartearen ordezkari beste hiru boluntariorekin batera joan ziren Alvaro Saiz eta Ainhoa Crespo omentzeko. Gainera, elkarte galdakoztarrari Ohorezko Agurra dantzatzeko txistulari eta dantzaria ere gonbidatu zituen El Pasok Galdakaotik.
Emozioz jaso zuten omenaldia galdakoztarrek, eta esker onez gerturatu zitzaizkien egun osoan zehar dozenaka hedabide —Kanariar uharteetako telebista publikoak bere albistegietan ere eman zuen horren berri— eta El Pasoko herritar. Ez dute Galdakao erraz ahaztuko, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak La Palma ahaztuko ez duen moduan.