Lanzadera jarriko dute Usansoloko erdigunearen eta ospitaleko Metro geltokiaren artean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Auzokideen kexei erantzuna emateko asmoz, Metroaren 5. linearen proiektuan aldaketak egingo dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Usansoloko ospitalearen Metro geltokia eta herriaren erdigunea batuko ditu batetik lanzadera baten bitartez, eta bestetik irteera luze batekin.
Eusko Jaurlaritzak Metroaren 5. linearen proiektua ezagutzera eman zuenetik, honen kontra agertu dira Usansoloko auzokideak. Usansolotarrek herriaren erdigunea geltokirik gabe utziko dutela salatu dute eta kexei erantzunez, proiektuan aldaketak egitea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.
El Correo egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, azterketa bat egin eta beste hiru aukera baztertu ostean, Usansoloko ospitaleko Metro geltokia eta herriaren erdigunea batuko dituen lanzadera bat jartzea erabaki dute arduradunek. Autobusak ibilbide zirkularra egingo du zortzi minuturo, hiru geltokirekin: Metro geltokia, Pertxin Bidea eta N-240 errepidea, Gorosibain.
Bestalde, ospitaleko geltokiaren irteera Laminarrieta Bidetik luzatu eta hortik erdigunera arte oinez joateko aukera izango dute ere usansolotarrek, proiektuaren azken aldaketa honen baita erabakitakoaren arabera.
Aldaketa hauek 5,7 milioi euro gehitu dituzte Metroaren 5. linearen aurrekontura, eta 2029tik aurrera martxan egotea aurreikusi dute, Galdakaoko geltokiak baino urtebete beranduago.
Usansolo Herria plataformatik Eusko Jaurlaritzaren erabaki hau kritikatu dute: «Duela hilabete batzuk Metroko obretako agente eskudunekin eskatutako bilera noiz deituko duten zain jarraitzen dugu. Gure eskaera gutziak atzeratu egin dira, oraindik proposamen irmorik ez dagoelako aitzakiarik. Alde horretatik, desleialtzat jotzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Trenbide Sarearen jarduteko modua».
Plataformaren esanetan, proiektuak «Usansoloren egungo egoera okertzen du eta ez ditu eratzuten herritarren beharrak. Lanzadera ez da alternatiba bat, eta konponbide orok herriaren erdigunean bertan metro sarbidea behar du».
«UHk ez du inola ere erraztuko baldintza horietan deskribatutako obrak hastea, eta dei egite die usansolotarrei parte hartu eta bultza ditzaten proiektu honen aurka antola daitezkeen neurri guztietan», adierazi du taldeak.