Laresgoiti eta Navarro: «Emakumeen pilota taldea sortu gura dugu Usansolon»
Oihana Laresgoiti eta Ainara Navarro, esku-pilotariak
BINKE / 2021eko apirila
«Emakumeen pilota taldea sortu gura dugu Usansolon»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Esku-pilotan, eta nerabezarotik aurrera, Usansolon emakumeek taldean entrenatzeko aukerarik ez dutelakoan, Oihanak eta Ainarak emakumeen pilota taldea sortu gura dute; horrela, alabentzako ere eredu izango dira.
Duela hilabete helarazi zioten Oihana Laresgoitik (Bilbo, 1980) eta Ainara Navarrok (Bilbo, 1986) Binkeri emakume pilotarien taldea sortu nahi zutela Usansolon. Hilabete beranduago, haiekin bildu gara.
Nortzuk zarete eta zer dakarzue esku artean? Ainara Navarro eta Oihana Laresgoiti gara, Usansolon bizi garen bi emakume. Zaletasun desberdinak baditugu ere, komunean dugu pilota. Orain dela hiru urte Larrabetzun ezagutu genuen elkar, hango emakumeen pilota taldean. Gure alabak Usansoloko pilota taldean jokatzen hasi dira aurten, guk aldiz ez dugu herrian bertan entrenatzeko aukerarik, eta horregatik, emakumeen pilota taldea sortu nahi dugu.
Nori eskainitako klaseak izango ziren hauek? Pilotan jokatu nahi duen emakume orori. Jakin badakigu, maila eta adin desberdineko jendea batuko garela: txikitan pilotan jokatutakoak zein kirol honetan hasi nahi dutenak. Mailak berdin du, jokatzea eta gozatzea da kontua. Elkarrekin ikastea, guretzako tartetxo bat izatea, eta gustuko dugun kirolean aritzea.
Pentsatu duzue jada non egingo dituzuen entrenamenduak? Kirol-degian jokatzea zen gure lehentasuna, eta horregatik Usansoloko Pilota Taldera jo genuen, laguntza eske. Esku zabalik hartu gintuzten hauek, eta era berean frontoiko ordu libreak eskaini. Kontuak horrela, astearte eta ostegunetan frontoia libre dagoenez, hor jokatuko genuke. Ordutegia zehaztu gabe egon arren, aurrerapen bezala esan nahi dugu arratsaldeko bostetatik aurrera izango direla, eta ordubeteren bueltan iraungo dutela saioek, baina hau denon artean erabakitzea da gure asmoa.
Taldea sortzekotan, zuek hartuko zenuten entrenatzaile papera? Ez, edo ez dugu horretarako asmorik behintzat. Hasi berriak gara pilotan, hiru urte baino ez daramatzagu honetan, eta horregatik ez dugu nahi entrenatzaile gisa jardun. Taldearen parte izan nahi dugu, baina jokalari gisa. Zorionez, Usansoloko Pilota Taldekoek entrenatzaile baten bermea izango dugula esan digute.
Kirol arloan, Usansolon, emakumeek ba al dute gizonek besteko bermerik edozein kiroletan aritzeko? Orokorrean, ez. Salbuespenak salbuespen, gu, emakumeok gara edozein kiroletan aukera urrienak edota oztoporik handienak izaten dugunak. Baina ez da Usansoloren arazoa, gizarte osoak erroturik duen ezaugarria da hau: honek guztiak zuzenean eragiten die gure haurrei, txikitatik aurreiritziz betez haiek. Horregatik, kirol eskaintza zabalagoa eta emakumeen presentzia handiagoa behar dugu.
Kirol esparruan eta berdintasunaren bidean, zeintzuk lirateke herriaren erronkak? Emakumeen kirola bultzatzea eta parte hartzea ahalik eta gehien handitzea, kirol eskaintza zabala eskainiz. Era berean, haurren motibazioa indartuko duten egitasmoak aurkeztea: izan erakustaldiak, egun bakarreko parte-hartzeak edo halako besteren bat, haurrek kirol desberdinak frogatu eta gustuko dutena zer den haien kabuz ikusteko. Amok paper garrantzitsua dugu hemen, kirol arloan ere eredu izan behar baitugu haurrentzat, frontoian, zelaian zein mendian gure presentzia bermatuz. Aurreiritziekin bukatu nahi badugu, nahitaezkoa da orain arte eskainitakoa indartu eta beste planteamendu bat aurkeztea.