«Lege zaharra, herriarena», Yayone Altuna
Meraki
Yayone Altuna Charterina
BINKE / 2023ko martxoa
Euskal tradizioak iraganetik jasotako ondare ukiezin gisa gauzaten badira ere, euskal gizartearen balio eta eskakizunetara egokitzen joan dira ezinbestean.
Esaterako, euskal zuzenbidea, jabetza zatiezinaren erregimen natural bezala, jabego kolektiboko lurraldetik abiatu zen, bertan finkatutako biztanle multzoek familia eta etxeak eratuz.
Baserriaren inguruko bizimoduak gaur egun ere indarrean dagoen beste euskal tradizio bat biltzen du; auzolana. Baserriak auzoetan antolatuta zeuden eta berauen arteko harremanak elkarri laguntzean oinarritzen ziren; baita adibidez bidezorren erabilera ere, forma naturalean eragindakoa; izan ere, komunitate hori osatzen zuten pertsonek ez ziren gizamultzo bat bakarrik, lotura moral bat zuten.
Gaur egun, EAEn dauden gobernuz kanpoko erakunde eta herri mugimendu kopuru altuek iraganeko elkarri laguntzeko sarearen irakurketa berritua izan daiteke.
Ohiturek gure herria definitzen lagundu izan dutela esan genezake. Beste garai bateko ohiturak badira ere, askok gaur arte biziraun dute, eta zenbait kasutan legea bera baino garrantzitsuago bihurtu herritarrentzat.
Azpimarratzekoa da ohiturak zuzenbide iturri gisa duen indarra Euskal Herrian, berau, askatasun zibil etengabea gauzatzearen ondorio baita, herriaren borondatearen islada. Begira bestela kalean alkohola edatea debekatu zuen legeak zenbat «iraun» zuen bere horretan… Nork kenduko digu poteoa euskaldunoi? Jauntxoa 0-Herria 1.