Leire Apellaniz: «Handiaren arrakastari esker hobeto entzungo gaituzte kanpoan»
Leire Apellaniz, zinemagilea eta ekoizlea
BINKE / 2018ko martxoa
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Maren Gonzalez
Azken asteotan zeresan handia eman du hamar Goya sari irabazi dituen Handia filmak. Sariak irabazi izanagatik eta, irabazi gabe ere, lanak berak duen handitasunagatik. Handitasuna, berbaren zentzu guztietan, proiektu honen atzetik egon den lan-taldea deskubritzen hasi eta, euren artean, galdakoztar bat ere dagoela deskubritu dugulako. Hilabeteko protagonistaren ekoizpen etxeak Handiaren thrillerra eta making off-a egin ditu, baina zinemagintzako proiektu potoloagoak dituela ere jakin dugu.
Berlinale Nazioarteko Zinemalditik iritsi berri harrapatu zaitugu Donostian. Pozik igartzen zaitugu! Pozez zoratzen gaude! Bertara gure proiektuek zelako harrera duten ikustera joan gara eta anbizio handiko langileak garena badakite. Ondo lan egiten dugula eta sektorean eskarmentua dugun pertsonak garela ere esan digute.
Zuen enpresaren inguruan ari zara ala euskal ekoizleen inguruan? Gure enpresaren inguruan ari gara, baina euskal ekoizle eta proiektuek orokorrean fama handia dutela bistakoa da. Berlinalen horretaz ere jabetu gara. Oso ondo lan egiten dugu euskaldunok ikus-entzunezkoen munduan, eta sortzen diren lanak ikustea baino ez dago.
Berlinalera zertara joan zarete zehazki? Berlinaleko Koprodukzio Merkatura joan gara, zinemagintzako ekoizleen arteko elkarlanak eta banaketa enpresen arteko harremanak sustatzen dituen merkatura, orain hiru proiektu ditugulako esku artean: lehenengoa Aritz Moreno nire bazkideak lehenengoz zuzenduko duen «Ventajas de viajar en tren» film luzea, bigarrena laster jaialdi garrantzitsu batean estreinatuko dugun «Mudar la piel» pelikula —euskal gatazka oinarri duen espioien lana— eta hirugarrena, Maider Fernandez zuzendariarentzat ere ekoizten ari garen bere lehenengo filma.
Eta zer egin gura zenuten hiru proiektu horiekin nazioarteko jaialdi honetan? «Ventajas de viajar en tren» oso pelikula potentea izango da eta bi milioi euroko aurrekontua du, horregatik Europa eta mundu mailako ekoizleekin harremanetan jarri gura izan dugu, proiektua diruz lagunduko duen ekoizlearen bila. «Mudar la piel» lanarentzat aldiz banatzaile internazionala bilatu gura genuen. Gure hirugarren proiektua ere balioan jarri gura genuen, eta Maider Fernandezen neurriko emakume zinemagile bat ezagutzera eman.
Txoritxo batek kontatu digu Berlinalera joateko aurtengo edizioan 326 proposamen izan direla eta 21 baino ez dituztela hautatu, tartean zuena! Hori bai ez genuela espero! Jaialdi horretan izena eman ahal izateko zure proiektuen %30 gutxienez finantzatuta izan behar duzu, bestela izena ematen ere ez dizute uzten. Eta guzti horien artean gure izena aukeratu zuten! Loteria tokatzea baino hobea da hori! Mundu mailako 50 ekoizleren bilera-eskaerak jaso genituen! Orduantxe hasi ginen bertan egotearen garrantziaz jabetzen.
Baina hiru egunerako ez zenituzten ba bilera denak onartuko! Ez, noski! Guzti horietatik 33 bilera aukeratu genituen, eta zinez pozik bueltatu gara. Bertan elkar ezagutzeko eskaera egiten dizuten ekoizpen etxeek benetako interesa dutelako zure lanetan.
Behin Euskal Herrira bueltan, orain nor aukeratuko duzue zuen lanak diruz lagundu eta koproduzitzeko? Horixe aztertzen ari gara, «Ventajas de viajar en tren» pelikularen filmaziorako, esaterako, denborak oso garrantzitsuak izango direlako. Espainia mailan gizonezko aktore ezagunenetako bi izango dira protagonista, eta oso lanpetuta dabiltzanez, filmatzea bera azaroa eta abenduan egin behar dugu nahitaez. Beraz, markatuta ditugun denborak errespetatuko dituen ekoizlea behar dugu.
Eta zuen filma diruz laguntzeko gai izango dena, ezta? Duda barik, esan gabe doa hori ere badela ezinbesteko baldintza, edonork ez duelako guk zehaztutako epeetan 500.000 euro inbertitzeko gaitasuna!
Zuen nibelean, derrigorrezkoa al da Europako ekoizle eta banatzaileekin elkartzea? Derrigorrezkoa ez, baina kasu honetan interesa dugu, batetik pelikulak berak Europarekin zentzua izango duelako eta bestetik, Europako Kontseiluak Eurimages ikus-entzunezkoak laguntzeko ekimenaren bitartez eskaintzen dituen diru-laguntzak neurrikoak izaten direlako. Egin kontu, Eurimages-ek 300.000€ gehiago eman diezazkio ekoizle bati. Horrek asko handitu eta lagundu dezake proiektua. Hala ere, ekoizteko ez dago derrigor elkartu beharrik, nik ekoizpen txikiak bakarrik egiten ditudalako, adibidez, bertako erakundeen laguntzaz.
Gainera horrelako laguntzak beharrezko izango dituzue, telebista-kateek egiten dutenaren kontrara, filmak egiteko ezin dituzuelako iragarkiak sartu… Hor dago gakoa, filmetan ez dagoenez iragarkietarako tarterik, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, pizgarri-fiskal pribatu ala Netflix eta antzeko kateen laguntzarekin egiten dugu aurrera.
Handia filmaren arrakasta izan daiteke euskal ekoizle eta zinemari bide egiteko modua? Handiaren arrakastak ez du esan gura orain arte ez denik bide bikaina egin, edo gainontzeko ekoizpen etxeek ez dituztenik lan onak kaleratu. Kontrakoa, Handia urte askotan euskaldunok egin dugun lan onaren emaitza baino ez da, eta etorriko dira arrakasta gehiago atzetik! Hortxe daude Amama, Loreak, Aupa Etxebeste, Urte berri on Amona… Arrakasta izan badute, lan ona egin dutenaren seinale da, eta Handiak lan zoragarria egin du.
Findu dezagun galdera gehiago: besteen arrakastak gainontzekoei mesede egingo dizue ala ez? Noski mesede egingo digula! Hala ere, ez gaitu ezustekoan harrapatu, Moriartik —Handia filmaren ekoizpen etxeak— egiten duen lan ona ezagutzen dugulako aspalditik eta merezitako sariak izan direlako. Baina noski mesede egingo digula. Handiaren arrakastari esker hobeto entzungo gaituzte.
Maitasun handiarekin hitz egiten duzu Handiako lan-taldearen inguruan! Ez dut hitz egingo ba! Lagunak gara. Denaren gainetik lagunak gara. Euskal Herriko ekoizle gehienon artean oso «rollo» ona dago, elkar ezagutzen dugu, maila pertsonalean ere harreman handia dugu askoren artean eta harreman horiek euskaldunon ikus-entzunezko emaitza onak ekarriko dituzte!
Maila pertsonalean bakarrik ez, zu zeu ere ibili izan zarelako Handiarentzat lanean, ezta? Film honetan zehazki promozio lanak egin ditugu, making off eta thrillerra. Baina hori gure eguneroko lanaren zati txikitxo bat baino ez da!
Handian lan egin duen taldearekin sarri egiten duzue lan eta tartean izango zen Goya sarietarako hautagairik. Bai, Handiaren soinuan aritu diren Alazne Ameztoi, Iñaki Diez eta Santi Salvador Goya irabazteko hautagaiak izan ziren, eta gure ohiko lankideak dira. Ile-apaintzailea den Olga Cruzek Goya bat irabazi zuen eta gure film labur guztietako lankidea da, Gorka Agirre makillatzaile bereziak, Raul Lopez montajeko arduradunak eta Javi Agirre argazki-zuzendariak ere Goya bana irabazi zuten eta gurekin aritzen dira.
Ordea, kiderik onena Aritz Moreno izango duzu, ezta? Bai horixe! Aritzen azken hiru film laburretan ni produktore eta filmazioko laguntzaile ibili nintzen, eta orduantxe konturatu ginen elkarrekin oso ondo egiten dugula lan. Ikuskera antzekoa dugu. Horrela ba, bazkide egin eta elkarrekin lan egiten hasi ginen.
Eta zuek zarete «Señor y Señora». Bazkide 2013an egin ginen, eta urte horretan sortu genuen «Señor y Señora» ekoizpen etxea, film labur zein luzeak, iragarkiak, thrillerrak… eta ikus-entzunezkoen munduko edozein lan egiteko! Baina bereziki, benetan guk gura genituen lanak egiteko batu ginen, eta pozik gaude «Señor y Señora»-rekin, pixkanaka taldea handitzen ari garelako!
Baina izen horrekin edonork pentsatu dezake adineko bi pertsona zaretela!… Eta bagara! (barreka) Kuadrillarekin elkartzen naizen bakoitzean baten batek beti eskatzen du esertzeko, «dagoeneko andra batzuk gara eta». Eta horren harira bidaia baten antzeko esaldi baten inguruan berbaz hasi eta enpresari izen hori jartzea erabaki genuen.
Orain Donostian bizi zara. Zer du Donostiak zinemarentzat Bilbok ez duena? Hona etorri nintzen ikastera eta bizitzera, eta horren ondotik etorri ziren lehen lanak… Gainera, ekoizpen etxearekin egiten dugunaz gain 19 urte daramatzat Donostiako Zinemaldian lanean, eta gaur egun Tabakalerako proiekzioen arduraduna ere banaiz. Horregatik bizi naiz hemen, baina Bilbon berdina egin daiteke. Tira, berdina ez, nahi dudanean ezin naitekelako hiritik irten gabe hondartzan bainatu eta! (barreka)
Donostia eta Bilbo aipatu ditugu, baina zu galdakoztarra zara, ezta? Harrotasunez gainera! Hemeretzi urterekin Donostiara bizitzen etorri arren, familia eta lagun gehienak bertan ditut oraindik ere. Galdakaoren «oso fana» naiz! (irribarretsu)
Herrian piztu zitzaizun akaso ikus-entzunezkoen munduarekiko zaletasuna? Izan daiteke, bai. Plazakoetxetik, hain justu. Bertakoa da aita. Oso zinemazalea gainera! Txikitatik transmititu dit maitasun hori, eta berari esker nago orain hemen.
Izan duzu aukerarik herrira bueltatzeko? Ez dut izango ba! Ahal dudan guztietan, banoa! Lagunak eta senideak ez dira ahaztu behar. Eta zelan ez zaizkit gustatuko ba «Somera» inguruko poteoak… Gabonak ere etxean igarotzen ditut urtero.
Zure lanen bat ekarri zuten ere Galdakaora. Bai, «El último verano» pelikula Torrezabalen eskaini zuten, aurreko aurkezpentxo batekin eta osteko mahai-inguruarekin egin genuen gainera. Baina agian lanketa edo promozio nahikorik egin ez zelako-edo 25 pertsona inguru baino ez ziren gerturatu areto handira. Eta gehienak nire lagunak izan ziren —denak ez esateagatik—.
Zelan hobetu zitekeen harrera hori? Ez nabil egotik berba egiten, eredutasunetik baizik. Zenbat zine zuzendari daude Galdakaon? Are gehiago, zenbat emakume zuzendari daude zuen inguruan? Uste dut erakundeetatik, bereziki, ez direla erreferente berriak sortzen ari. Kirolari edo kirol-talderen batek garaipenen bat lortuz gero, atoan egingo zaio harrera eta omenaldia udaletxean. Honekin ez dut esan nahi niri inongo omenaldirik egin behar zaidanik, eh! Inondik inora ere! Baina gainontzeko esparruei, eta arteari bereziki, uste dut ez zaiola merezitako tratua ematen. Eta arte munduari emakume izatea gehitzen badiozu, zer esanik ez…
Non dago emakumearen papera ikus-entzunezkoen esparruan? Bigarren plano batean oraindik. Emakumeoi ez zaizkigu aukera berdinak ematen, nahiz eta eskerrak elkarri ematen dizkiogun! Eta ematen bazaizkigu ere, gizonek baino askoz gehiago erakutsi behar dugu. Horregatik nire kontzientzia feminista nire eguneroko lanean aplikatzen saiatzen naiz. Nik adibidez, ezin ditut iristen zaizkidan proiektu guztiak ekoitzi, horregatik lehentasuna ematen diet emakumeen lanei.
Donostiako Zinemaldiko arduradun teknikoa zara, bertan ere berdina egiten duzu? Begira, Zinemaldikoa oso bitxia da. Berrogei pertsonako taldea gidatzen dut, eta %70 emakumeak dira. Lan horretarako egia da langileen generoari ez diodala erreparatzen, baina aukeratu nituen langile gehienak emakumeak izan ziren. Zergatik? Lana egiteko pertsonak duen gaitasunari baino ez badiogu erreparatzen, lan asko egiteko emakumeak hobeak garela konturatuko garelako. •