Leire Apellanizek Euskadin filmatutako lehenengo film labur jasangarria zuzendu du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Maren Gonzalez, Leire Apellanizek Binkeri bidalitakoa
Estreinatu berri den ’La Concha’ film laburra aitzindaria da bi zentzutan: Leire Apellaniz galdakoztarrak zuzendu duen lehenengo film laburra delako, batetik, eta Euskadin filmatu den lehenengo lan jasangarria delako, bestetik.
Leire Apellaniz galdakoztarrak ‘La Concha’ aurkeztu du abuztuarekin batera, zuzendari gisa egin duen lehen fikziozko film laburra. Marta Bassols eta Marta Loza gidoilariek idatzitako lan hau ikusgai dago jada Veomac plataforman eta Eliren istorioa du protagonista.
Filmaren sinopsiari erreparatuz gero, «Eli emakume dibertigarria, sexuala eta lotsa gutxikoa da, baita zalantzaz betea eta apur bat hautsia ere». Udako istorio koloretsu honek ama gazte bat erretratatzen du, bere alaitasuna eta duintasuna mantentzeko borrokan, bere inguruko guztia hondatzen den bitartean.
Bada, Apellanizen lan hau ez da aitzindaria beretzako bakarrik —bere lehen film laburra izate hutsagatik—, Euskadin grabatutako lehenengo film laburra baita iraunkortasun ziurtagiri bat jaso duena.
Señor & Señora —Leire Apellanizen ekoizpen etxea— eta Sayaka produkzio-etxeen iraunkortasunarekiko konpromisoa errealitate bat da dagoeneko. Donostian bizi zen galdakoztarrak zuzendutako ‘La Concha’ film laburrak Albert zigilu berdea jaso du, ekoizpen jasangarria eta karbono-neutrokoa dela ziurtatzen duena.
Horretarako, hainbat ekintza egin zituzten egileek ingurumenaren gaineko eragina murrizteko, besteak beste, garraioa, energia, elikadura eta errodajean sortutako hondakinen murrizketa. Adibide batzuk jartzearren: garraio publikoa lehenetsi zen eta hegazkinez egin beharreko bidaiak minimizatu ziren; energia aurreztu zen argi naturala maximizatuz eta diesel sorgailuen erabilera ezabatuz; tokiko eta batez ere barazki-jatorriko janaria eskaini zen eta erabilera bakarreko ur-botilak kendu ziren.
‘La Concha’ Euskadin aintzatespen hori lortu duen ikus-entzunezko lehen ekoizpena da beraz, eta esperientzia horren ondoren, bi produkzio-etxeek zinema modu iraunkorrean ekoizten jarraitzeko erabakia hartu dutela adierazi zuen Apellanizek Kulturklik atarian.
Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizlea Binkeren 2018ko martxoko elkarrizketa nagusia izan zen, eta beraz, azaleko protagonista.