Luis Fernando: «Oso gogorra da zure futbolari ibilbidea amaitu dela onartzea»
Luis Fernando, Athletic Clubeko jokalari ohia
BINKE / 2024ko apirila
«Athleticek Kopa irabaztea nahi nuen batez ere jendearen ilusioarengatik»
· Luis Fernando Fernández
1964, Villafáfila (Zamora)
Zamoran jaio arren, oso txikia zela heldu zen Bilbora eta gaztea zenean aldiz, Galdakaora. Iturrigorrin hasi zen futbolera jolasten eta 14 urte zituela Athleticen jokatzeko deitu zuten. Lezaman hainbat urte eman ostean 1984ko irailean egin zuen debuta lehen taldearekin, Javier Clemente entrenatzailearen eskutik. Zortzi denboraldiz jantzi zuen kamiseta zurigorria eta txapelketarik irabazi ez zuen arren, finalak jokatu zituen. Bere ibilbidea ordea Burgosen eta azkenik Gernikan amaitu zuen.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Berrogei urteren ostean, gabarra berriz, edo lehenengoz, ikusteko aukera izan zuten zale zurigorriek duela egun batzuk. Hauetako bat izan zen Luis Fernando galdakoztarra, ume baten moduan bizi izan zuenak garaipena. Berezitasun batekin ordea, izan ere, zortzi denboralditan zehar Athleticen kamiseta jantzi zuen futbolari ohiak, 1984 eta 1992 artean. Jokalaria gehiago ezagutzeko hitz egin du BINKEk berarekin.
Ajearekin oraindik? Ez dakit oraindik ajea heldu den, uste dut gozatzen gabiltzala oraindik. Finala tentsio handiko partida izan zen eta horren ostean pisu handi bat gainetik kendu genuen guztiok. Urte asko izan dira irabazi barik.
Athleticen garaipena espero zenuen? Ez dakit espero nuen ala ez, baina gertatzea nahi nuen, batez ere jendearengatik. Zelaian ingurura begiratzen nuen eta zaleen aurpegiak begiratzean ikusten nuen aurten bai garaipena lortzeko esperantza zutela gehienek. Eskerrak gertatu zela! Emozio handiko uneak izan ziren, nire familiarentzat ere.
Garaipenaren ostean ospakizunak etorri dira. Nola bizi zenuen gabarra? Lasaitasunez bizi nuen, nire emaztearekin Basurto eta Zorroza artean. La Cartujan urduritasuna utzi ostean, gozatzeko uneak izan ziren, sentimenduz beterikoak jende guztiarentzat eta noski, niretzat ere.
Oso ezberdina izan zen 1984ko gabarrarekin alderatuz? Egia esan nahiko antzekoa izan zela gogoratzen dut. Bilbo jendez lepo zegoen ere eta testuingurua ezberdina izan arren, gozatzeko momentuak izan ziren duela berrogei urtekoak ere. Ilusioa mantentzen da zaleen artean.
Gabarra horren ostean, 1984ko irailean, heldu zinen Athletic Cluben lehen taldera. Nola bizi zenituen hasierako momentuak? Niretzat ametsa betetzea izan zen. Lezaman zauden bitartean egunero duzun ametsa da lehen taldera heltzea eta horretarako lan egiten duzu. Debuta bera ez nuen asko gozatu hodei baten modukoan nengoelako baina oso ilusio handia nuen.
Garai ilunak izan ziren Athleticentzat garaipenen ostean, aldaketa eta eztabaida askorekin. Jokalari talde oso atsegina zegoen, duela denbora luze elkar ezagutzen zirenak eta oso ondo jaso ninduten, babestuta sentitu nintzen. Horregatik hain zuzen, pena handiz bizi genituen aldaketak eta entrenatzaileekin bizi ziren liskarrak.
Hala ere, oroitzapen onak izango dituzu zurigorri moduan. Noski! Niretzat pribilegio handia izan da Athleticen kamiseta janztea eta hainbeste partida jokatu ahal izatea. Lezaman zauden bitartean handik igarotzen diren jokalari asko ikusten dituzu eta horietatik nik lehen taldean jokatzeko aukera izatea izugarria izan da. Gainera, izan nituen entrenatzaile guztiekin jokatu nuen, eta hori eskertzekoa da. Urte onak eta txarragoak izan genituen, baina esperientzia orokorra oso positiboa izan zen.
Lehen taldearen egungo entrenatzaile den Ernesto Valverderekin jokatu zenuen. Izugarri da, benetan. Oso atsegina da, lagun ona eta batez ere zintzoa. Pertsona ona bezala definituko nuke. Eta orain oso lan ona egiten ari da entrenatzaile moduan, hori azpimarratzeko da.
Athletic utzi eta Burgos eta Gernika izan ziren zure ibilbideko azken helmugak. Zelan moldatu zinen Bilbotik kanpo? Ba egia esan oso gaizki. Lezaman oso babestuta daude jokalariak eta zurigorri moduan oso ondo bizi zara, hori aitortu beharra dago. Burgosen adibidez arazo ekonomiko asko bizi genituen eta ilusioa galtzen hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka.
Lezaman asko ikasten dela diote han egon direnek. Hala da? Ni 14 urterekin heldu nintzen eta hara heltzean konturatzen zara leku ezberdina dela. Lezaman profesional izatera bideratzen dute dena eta horretarako lan egiten dute jokalariekin. Diziplina askoz handiagoa da han eta asko laguntzen dizute ere mentalitatea lantzen. Ez dakit orain, baina lehen salto itzela zen klub txiki batetik Lezamara heltzea.
Euskara ere han ikasten hasi zinen? Derioko euskaltegira joaten hasi ginen baina hainbatek izena eman genuenez azkenean Lezamara etortzen zen irakaslea. Nahiko ikasi genuen eta gaur egun ia dena ulertzen dut. Hitz egiteko ordea zailtasunak ditut, ez dudalako asko praktikatu urte hauetan zehar. Pena handia da, baina horrela da. Beti diodan moduan: ikasten ari naiz.
Futbolari moduan zure ibilbidea amaitu dela onartzea gogorra da? Erabat. Nire kasuan oso oso zaila izan zen. Erretiroa hartu nuen arte bizitza osoan zehar egin nuena futbolaria izatea izan zen eta hori amaitzen dela onartzea oso gogorra izan zen, benetan. Txikia zarenean hasten zara, Lezaman ematen dituzu pilo bat urte, gero profesional bihurtzen zara… eta bat-batean gaztea zara oraindik eta amaitu zaizu bizitza futbolari moduan. Ni esaterako, ezin nintzen San Mamesera joan hasieran. Nostalgia puntu hori sentitzen nuen eta gogorregia zen niretzat.
Zer egin duzu futbola utzi ostean? Bizkaiko Foru Aldundiaren enpresa batean egon nintzen hasieran eta ostean Forumen lan egiten egon nintzen denboraldi batean zehar. Ostean lagun on batekin batera garraio enpresa batekin hasi nintzen eta ordutik horretan nabil, futbolarekin zerikusi gutxi edo ezer ez duen sektore batean egia esan.
Hala ere, futbolean aritzen jarraitu duzu eta Athletic Cluben 125. urteurrenean egin zen legends partidan jokatu zenuen. Nola izan zen San Mamesen berriz jokatzeko esperientzia? Ikaragarria, oso polita eta batez ere berezia. Athleticen belaunaldi ezberdinetan jokatu duten kideekin izateko aukera izan nuen eta hori izan zen gehien gustatu zitzaidana. Eta noski, nire inguruan San Mames beteta berriz ikustea, hori oso hunkigarria izan zen.
Ekonomikoki, diferentzia handia dago zuok jokalari moduan zenuten soldata eta gaur egungo jokalariek dutenaren artean? Oso oso urrun ginen gaur egun duten bizitza erritmotik. Egia da gaur egun gertatzen den moduan beste ofizio batzuetan zutenaren baino soldata handiagoa genuela baina ez genuen bizitza osoan zehar diru horrekin egoteko hainbeste kobratzen. Gaur egun, edozeinek ikusi dezakeen moduan, beste guztion planetatik kanpo bizi dira futbolariak eta hori telebisten negozioa sartu zenetik gertatu da.
Jokatzeko modua ere ezberdina da? Bai, noski. Gure garaian ligan jokatzen genuen talde bakoitzaren zelaia ezberdina zen, klima ezberdina zelako. Iparraldean adibidez beti jakin izan dugu zelai heze eta bustietan jokatzen eta hegoaldeko zelaiak aldiz, nahiko lehorrak ziren. Horren ondorioz asteburu bakoitzean jokatzeko leku batera egokitu behar ginen, eta horrek oinarritzen zuen gure estiloa. Gaur egun ordea, teknologia aurrerapenei esker, asko zaintzen dira zelaiak eta errazagoa da talde batek estilo finko bat mantentzea beti, joko horizontalago batekin, zelaiak nahiko antzekoak direlako haien artean. Hala ere, nik joko bertikala nahiago dut, bai futbolari eta baita zale moduan.
Kaletik ezagutzen zintudan Athleticen jokatzen zenuenean? Bai, baina beti sentitu dut zaleen errespetua. Bilbon beti esan da oso babestuta gaudela eta egia da. Berotasuna eta ilusioa somatzen nuen kaletik norbaitek ezagutzen ninduenean baina esandakoa, bizitza normala egiteko aukera izan dugu beti, nik behintzat.
Galdakoztarren aldetik, babes hori sentitzen zenuen ere? Bai, orduan eta baita orain ere. Jende askok ezagutzen nau Galdakaon eta baita Usansolon ere, hasieran hona etortzean han bizi nintzelako. Niretzat oso garrantzitsua izan da beti familia eta betiko lagunak mantentzen ditut oraindik, hemengoak, betikoak. Oso herri politak eta giro onekoak dira Galdakao eta Usansolo eta hemendik ibiltzea gustatzen zait.
Egunerokotasunera bueltatuz, Athleticen aro berri baten hasiera ireki du Kopako garaipenak? Jendea ilusio handiarekin dago eta ulergarria da. Taldeak oso dinamika ona du urte hasieratik eta Kopako garaipen honek hegoak eman dizkigu zaleoi. Ez dakit garaipenen aro berri bat izango den, baina Athletic hau ere irabazteko gai dela erakutsi dute jokalariek, eta hau da bidea. •