Zapatuan zendu zen 85 urterekin Luis Mari Bizkarra, Usansoloko Bizkarra okindegi eta gozotegi ezagunen sortzailea. Negozioa 1957an hasi zuen Usansolon eta urteekin Bizkaia osora arrakastaz eraman zuen.
Luis Mari Bizkarra Usansoloko okindegi historiko eta ezagunetako sortzailea zendu zen zapatuan, abenduak 20, 85 urterekin.
Abadiñoko Muntzarazen jaioa baina gaztetxotatik Usansolon errotua, 2020ko azaroan BINKEko portada izandakoak Usansolon hasi zuen negozioa 1957an, bere aita Estebanek transmititutako ogibide baten ostean. Aintzindaria izan zen Bizkarra, ogia dendetan egiteko Espainiar Estatuko lehenengo labea Usansolora ekarriz.
Urteekin, negozioa Galdakaon handitu eta Bizkaia osora arrakastaz eraman zuen Bizkarra okindegi eta gozotegien katea, eta erreferente bihurtu zuen sektorean.
Bere ibilbideak eta ekinak hainbat sari eman dizkio Bizkarrari, besteak beste: 2007an Ibarretxe lehendakariak Euskal Merkataritzako Berrikuntza Saria eman zion, 2015ean Urkullu lehendakariak Ibilbide Profesionalaren Saria eta 2017an Bilbao Dendak elkarteak Denda Enblematikoaren Saria.
Aurtengo ekainean itxi zituen denda guztiak Bizkarra okindegiak —tartean Usansolokoak eta Galdakaokoak— «bizitza oso baten ostean».
Luis Mari Bizkarra agurtzeko hileta-elizkizun publikoa gaur, abenduak 22, Usansoloko San Andres parrokian 18:00etan egingo da. Gugan bego.




