Marian Bilbao: «Euskaldunok ez daukagu gure traje tradizional nazionalik»
Marian Bilbao, jantzi zaharretan aditua
BINKE / 2019ko maiatza
«Euskaldunok ez daukagu gure traje tradizional nazionalik»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Usansolotar askori nor elkarrizketatu galdetzean, hainbatek aipatzen zuten «Nena» delako emakume bat, asko omen dakiena arropa zaharrei buruz. Ikertzen hasi eta, hara! Bai Usansolon zein Galdakaon ezaguna den Marian Bilbaoren inguruan ari ziren. Eta Bilbaok hainbatean lagundu izan duen Oinarin dantza taldearen egoitzan batu gara berarekin, dantzarako arropen artean.
Usansolokoa, betikoa, eta «Nena» ezizena. Bitxia, ezta? Bitxia ez, nire denboran gehiena erderaz egiten zalako nahiz eta kanpoko giroa euskalduna izan. Dana dala, «Nena» ezizenez gero eta jende gitxiagok ezagutzen nau —eskerrak!—… Oletxen bizi zan auzokide faxista batek jarri eustan ezizena… akaso hamar neba-arrabako txikerrena nintzalako-edo.
Hamar neba-arreba esan duzu? Bai! Aita eta ama Igorrekoak ziran. Aita sindikalistea —horregaitik be kartzelan egondakoa— eta ama joskilea zan, etxerik etxe josteko makinea besapean eroaten ebana… eta «panorama» horregaz atara ebezan hamar seme-alaba aurrera.
Kalean ordu asko egindakoa izango zara zu beraz… Usansolon, danak eta gehiago! Txikitan egun osoa batetik bestera emoten genduan olgetan, kalea zan gure jolastokia… baina gaztetxu egiten hasi orduko amak beti ardurak emoten euskuzan eskolatik bueltan: esnea erostera joan, mendira egur bila, iturrira ur bila… beti egoan zeregina.
Gaur egun badago kalean hainbeste ordu emateko denbora eta espaziorik? Diru falta igartzen da. Lehen askatasun eta bizi gehiago ikusten zan kalean, baina egia da bizi hori guk mugatu dogula apropos, batetik mobilari begira pasatzen doguzan orduakaitik eta bestetik gure seme-alaben aisialdia guztiz okupatuta programatzen dogulako, nire ustez. Eta hori Usansolon askoz errazagoa dala umeak kalean haztea Galdakaon baino, baina…
Aldatu da Usansolo… Asko. Lar. Errezagoa da umeak kalean haztea Usansolon, bai, txikerragoa dalako eta giro gertukoagoa dagoalako… baina gero eta joera uritarragoa daroagu hamen be. Usansolon ez da baserri bat bera be zutik gelditzen! Gure herriko ondare guztia Legorburu alkate zan denboran botatzen hasi zirala gogoratzen dot, eta Usansoloko jaietan aldarrikapen umoretsuak egiten genduazala, botatzen ebezan baserri guztien irudiak ezabatuz pankarta handietan.
Eta zelan hartzen zuen alkateak aldarrikapen hori? Ondo ez! (barreka) Alkate frankistea zan, eta herriko pankarta eta karroza asko nire lokalean egiten ziranez, egun batean bai eta bestean be munizipalak edo goardia zibilak agintzen ebazan nire etxera, udaletxera joateko agindua emotera! Hantxe eukiten ninduan bere zain, nahiz eta sarritan —bera itxaroteaz aspertuta— udaletxetik be alde egiten neban bere mehatxuak entzun barik!
Hain ekintzailea izatetik etorri zitzaizun gaur duzun afizioa? Aita kartzelaratu ebenean hasi jatan jendearenganako eta gure kulturarenganako kontzientzia pizten. Ni oso gaztetxoa nintzan, ez neban ulertzen zergaitik sartu eben aite kartzelan, eta orduantxe inguruko hainbat lagun nagusi nazionalistari esker hasi nintzan gauza asko ulertzen. Orduan hasi nintzan politikaren garrantziaz konturatzen eta gizarte kontuetan interesatzen.
Eta zer egin zenuen kontu horietan hasteko ba? Begira, gaur egun lelokeria bat emongo dau, baina solfeoa ikasten hasi nintzan, gero txistua jo ahal izateko. Orduan instrumentu nazionalista bat moduan ikusten zan txistua, eta gure herriaren alde egiteko modu bat iruditu jatan. Eta egia da askori molestatu egiten eutsiela; nire auzokide frankista batzuek etxean ensaiatzeagaitik be salatu ninduen!
Baina zuk jarraitu? Zelan ez ba! Txistua jo neban lehenengo aldia lehen Usansolon ospatzen zan Corpus eguneko prozesioan izan zan. Prozesioko aldarea Oletxen —nire auzoan— edo estazioan jartzen eben, eta normalean elizak estazioan jartzea erabakitzen eban, Oletxekoak euskaldunagoak ginalako baina estaziokoek diru gehiago eukiten ebelako. Horregaitik be «pike» ederra izaten genduan bi auzoen artean, baina gure jaiak askoz hobeak ziran! (barreka)
Baina zuk estazioko prozesioan jo… Corpus eguneko prozesioa bera herri osoan egiten zan, aldarea zan leku batean edo bestean jartzen zana. Baina bai, nik be han jo neban lehenengoz txistua, Agur Jaunak. Eta horregaitik be, euskal kantu bat zalako, Legorburu alkatearen deia jaso neban! (barreka)
Gizarte kontuetan interesatzen hasi zinela esan duzu, eta horixe izan zenuen ogibide, ezta? Bai. Galdakoko San Agustin akademiara ikastera joaten nintzan —gaur egun Barandiaran AEK dagoan lekuan— eta handik ur ingeniaritzatik deitu eustien 18 urtegaz, baina ez jatan bape gustatu bertako lana, eta Zaldibarren psikiatria ikasketak egin nebazanean konturatu nintzan nire lana horixe zala, beste batzuk ulertu eta laguntzea. Holan ba, Igorren hasi nintzan desgaitasunen bat daukien pertsonakaz lanean, eta geroztik horixe izan da nire lanbidea.
Zer eman dizu hainbeste urtetan lan horrek? Guk lan handia egiten genduan gaixotasun funtzionalak daukiezan pertsonak lan mundura gizarteratzearren, eta horrek betetzen zaituena izugarria da. Zure bizitza profesionala pertsonalki betetzen zaituen hori egitea oso berezia da…
Berezitasunez ari garela, Dimako Oba ere berezia omen da zuretzat… Oba nire bizitzako esperientzia zoragarria izan da. Mundu barri bat zabaldu jatan bertan. Bertara bizitzera joan ginan senarra eta biok —senarra bertakoa dalako—, bere baserri zahar batera… eta harritu egin ninduan baserri munduko jende nagusiak daukan mentalidade zabalak! Uste danaren kontrakoa da, guztiz! Gero familiaren beharrizan barriak behartu gintuan Usansolora bueltatzen. Eta gaur egun Galdakon bizi gara.
Zure alabek esan digute maitasun handiarekin gogoratzen dutela Oban antolatu zenuen herri antzerkia… Bai! Neuk be holan gogoratzen dot! (irribarre zabalaz) Gure arropa, dantza, musika, kantu eta historiagaz interes eta lotura handia izan dodanez beti, Oban guzti horregaz lotutako herri antzerki bat antolatu neban. Oba oso-osoak hartu eban parte, eta ez dakizu zelako talentua eta lotsabakokeria —berbaren zentzurik onenean— daukien bertakoek, txiki zein nagusiek!
Zer egin zenuten zehazki? Gure herrien historiak Nafarroagaz daukan zentzua ahaztu ez daigun, Nafarroako erregea Obara etorri zanaren antzerkia egin genduan, garai hartako arropa zahar, musika eta dantzakaz. Arrakastatsua izan zan oso, harik eta Bilboko Kafe Antzokitik be deitu euskuen arte, bertan interpretatzeko! Baina ez, ez neban onartu… Gauza bat da herri antzerkia, horrek dakarren naturaltasunagaz, eta beste bat ikuskizun bat agertokian antolatzea, horrek dakarren exijentziagaz.
Gaur egun ezaguna zara bereziki arropa zaharrekin egin duzun lanagatik. Hortik etorri zen zure afizioa, akaso? Ez, lehenago. Galdakora bizitzen joan eta Andra Mari Dantza Taldean hasi nintzanean. Hasieran txistua bakarrik jotzen neban, orain dala gutxi joan jakun Isidrogaz batera, baina hortik gitxira Andra Mari Euskal Herriko dantza, ohitura eta musika zaharrak ikertzen hasi zanez, horregaz batera ni be arropen ikerketan espezializatzen hasi nintzan. Eta holan konturatu nintzan euskaldunok ez daukagula traje tradizional nazionalik beste herrialde askotan legez. Guk erabiltzen doguzanak janzkerak edo «indumentariak» dira, lan edo zeregin konkretu batzuetarako erabili izan diran arropak eta dantzen bidez plazaratu diranak.
Barkatu, txistua jotzen hasi zinela esan duzu, ez zen ba ohikoa izango emakume bat txistulari ikustea… Ez, baina gidatzen bez, eta horrek niri bost! «La txistulari» deitzen eustien askok, aparteko zeozer balitz lez, baina Usansolon be bakarrenetarikoa nintzan kotxea gidatzen ebana, eta zer? Garai batean Andra Marin ez egoan txistularirik, eta nik jo behar izaten neban bakarrik —ordukoak bai urduritasunak…—, eta zer egingo neutsan, ba jo behar bazan, jo! Emakume izateagaitik ez neutsan hori egiteari itxiko!
Baina urduri jartzen zinela onartu duzu… Ez dakizu zeinbat ganera! Lorik be ez neban egiten hurrengo egunean txistua nik bakarrik jo behar izaten nebanean… Eta are lo gutxiago egin neban Legorburu alkateak —barriro aipatu behar Legorburu— Andra Mari Espainiako Erregearen aurrean dantzan egitera derrigortu ebanean. Berak gobernadorearen agindua «gusto handiz» bete behar ebala eta hara bialdu ginduzan.
Hara, hara… Nork esango lizueke zuei… Ez da gogoratzeko kontu samurra. Krisi handia izan genduan taldean, eta kritika asko jaso genduzan, baina egin behar izan genduan, alkate faxista hark deserriratuko ginduzala esanez mehatxatzen ginduzanean… Eta ostean be jaso dodaz horren ondorioak.
Zelako ondorioak? «Diez minutos» bihotzeko prentsan nire argazki bat agertu zan Juan Carlos errege emerituaren ondoan txistua jotzen, eta ezkontzera joan nintzan egunean bertan nire etxeko postontzian topatu neban argazki hori, «ezezagun» batek bialduta, «egin genduan hori gogorarazteko»…
Arropen gaira bueltatuko gara, hobeto? Bai! Txistua jotzeari baino denbora gehiago eskaini deutsat horri-eta… Zenbat bidaia, zenbat ordu etxetik kanpo, etxerik etxe arropa zaharren bila hainbat eta hainbat berreskuratu guran, kotxean hamaika ordu lo eginda Euskal Herriko bazter guztietatik… Zenbat diru gastatzen genduan gure poltsikotik batetik bestera! Baina ze gustura! Eta zeinbat ikasten genduan!
Urretako eskoletan ordu guzti horien emaitza izan zena erakutsi zenuten, ezta? Bai, 1975. urtearen bueltan Galdakon inoz egin dan erakusketa etnografiko handiena egin genduan! Zoragarria izan zan hainbat eta hainbat pertsonak hor egin eben edo genduan lana! Zelako aberastasuna daukagun arropatan… eta ze gitxi baloratzen dogun…
Tira, Oinarin eta Andra Mari dantza taldeek behintzat baloratzen dute… Nik bai baloratzen dodala eurek egiten daben lana. Niretzako gure folklorea mantentzeko pieza ezinbestekoak dira, eta gaur egun horrek jarraitzen dau izaten gu garenaren sinbolo fuerte bat. Gauzak kulturalki dagozan moduan ikusita, beharrezkoak izaten jarraitzen dabe… Eta horregatik behar daben guztietan lagunduko dodaz.
Oinarineko lokalean gaudela aprobetxatuta… Euskal Ezkontza aipatzen badizut, zer datorkizu burura? Lan handiaren emaitza oso polita atara ebela kalera Oinarineko partaideek lehenengo Euskal Ezkontza interpretatzeko. Euskal Ezkontza bakotxean erakusten dabe gure aurreko belaunaldiek arropakaz egin dabena: lanetik eta beharrizanetik artea sortzea, janzkera ederrak eginez. Oinarinek be horixe egiten dau ekitaldi honegaz, eta nik arropa horreik lortzen, atontzen, janzten edo aukeratzen baino ez neutsien lagundu.
Baina ez zen erraza izango hainbeste pertsonako segizioa janztea! Meritua, duda barik, Oinarinena da. Nik arropen munduan baino ez nebazan murgildu, nondik atara arropa zaharrak, zelan jantzi… eta batez be kolorea bermatzen ahalegindu nintzan, uste dogulako euskal janzkerak ilun-ilunak baino ez zirala, eta ez da holan.
Amaitzeko, usansolotar bati ezin galdera hau egitea saihestu: zein iritzi duzu segregazioari buruz? Gaur egun Galdakon bizi naz, eta ez daukat ezer Galdakoren kontra, asko emon eta emoten deustalako herri honek. Baina egia da txikitan Usansolotik oso urrun sentitzen nebala Galdako, eta inoz ez dot esan galdakoztarra nazenik.
Orduan, segregazioaren alde ala kontra? Usansolok beti jarraituko dau hor eta beti jarraituko dogu alkarren barri izaten. Segregatzeak ez dau esan gura harresi bat eraiki behar danik, baina uste dot administrazio propioa izateak mesede egingo deutsala Usansolori. •