«Marti-oilarra»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko martxoa
Euskaldunon etxalde edo baserrietako oilategietan, etxe-etxeko izan dogu oilarra eta batez be, marti-oilarra. «Ollar» izen zaharraren jatorrira bagoaz, Euskaltzaindiak «yeismoan» jausi ez egiteko, «-ll- il-» idazteko araua emon aurretik, «ollo+ar > ollar» daukagu, hau da «ollo» femeninoari «ar» erantsi maskulinoa adierazteko, beste kasu askotan legez, esaterako: asto/astar; katu/katar; uso/ usar; azkona/azkonar; sagu/satar; suge/suga(a)r; mando/mandar; ote/otar; erle/erlestar etab… nahiz eta hiztegietan euskerazko femeninoa maskulinoz itzuli, —kasurako, asto= burra, litzateke eta astar=burro, eta horrela beste guztiak—. Oilarrak era askotakoak dira eta danak beharrezkoak oiloen arrautzak oilalokeak ezarri eta txitak aterako badira. Baina oilarren artean, marti-oilarra da entzutetsuena. Izenak berak dinosku, martian jaiotako oilarrari deritxagu marti-oilarra. Egunsentiaren ostean, oilarraren «kukurrukua» dogu iratzargailurik zaharrena, harik eta eleizetako kanpaiotsa heldu arte. Euskal mitoetan be agertzen da marti-oilarra, deabru zein pertsonai mitologikoei gehiago egiteko, esaterako «Kastrejanako zubiaren» mitoan.