Musika Bizian jaialdia urriaren 28 eta 29an antolatuko da zortzigarrenez Galdakaon

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Artisten sareetatik

Estaturik gabeko herrialdeen musika jaialdia urriko azken asteburuan antolatuko du zortzigarren urtez Andra Mari Dantza Taldeak Iturrondo plazan, besteak beste, festibalean inoiz egon bako Transilvaniako eta Groenlandiako taldeekin eta Niko Etxart zein Liher euskal taldeekin. Hemen batu du Binkek egitarau osoa eta taldeen berri!

Zortzigarren urtez jarraian dator Andra Mari Dantza Taldeak, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, antolatutako Musika Bizian jaialdia: urriaren 28 eta 29an Galdakaon. Ez da edozein jaialdi Andra Marik antolatzen duen hau, gure inguruko bakarra baita estatu propiorik gabeko herrialdeen taldeak batzen dituena.

Administratiboki edota politikoki Euskal Herriaren egoera parekoan edo antzekoan dauden kulturak musikaren bitartez ekarriko ditu beste urte batez herriko dantza taldeak Galdakaoko Iturrondo plazan jarriko den karpa handira. Aurten Transilvania, Groenlandia, Sardinia, Gaskoina, Galizia eta Kataluniako taldeak izango dira oholtzan.

Baina gainera, azken urteetan jaialdi honetako ohitura bilakatu den legez, kontzertuak hasi aurreko orduetan kaleko animazioa izango da eta zapatu eguerdian artisauen azoka eta tailerrak ere izango dira. Hori gutxi ez, eta karparen epeltasunak emango du jateko eta edatekoa ere.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrean Unai Zabala, Oiana Telleria eta Jon Eguskiza dantza taldeko kideek jarraian batutako egitaraua, Iñigo Hernando alkatea eta Lorea Bilbao Euskara, Kirol eta Kultura diputatuarekin batera:

Urriak 28, barikua

19:00 Taberna Ibiltaria, Iturrondo plazako karpan.
21:00 Kontzertuak, Iturrondo plazako karpan:

Xabier Diaz & Adufeiras de Salitre (Galiza)
Niko Etxart eta Hapa Hapa (Euskal Herria)

Urriak 29, zapatua

12:00 Luthierrak eta instrumentuen erakusketa, Iturrondo plazako karpan.
19:00 Elektrokela elektrotxaranga (Sakana, Euskal Herria), Iturrondo inguruetatik.
21:00 Kontzertuak, Iturrondo plazako karpan:

Fanfara Transilvania (Transilvania)
Nanook (Groenlandia)
Liher (Euskal Herria)


Taldeak ezagutu

Niko Etxart eta Hapa Hapa (Euskal Herria)

Altzürükun  jaio  zen  Niko  Etxart,  eta,  bi  urte  zituela,  gurasoekin  Parisera  joan  zen.  Dena  den,  beste askok ez bezala, haurra zelarik jaso zuen euskara, eta gaztaroan euskal kulturaren berri ere izan zuen, bereziki Parisko Euskal Etxearen bitartez. Eskola utzirik, kantagintzatik bizi nahi izan zuen, eta 1972. urtean musikarekin lehen harreman estua izan zuen.

Handik bi urtera, 1974. urtean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Ordurako ideia ausart bat zuen buruan: rocka egin nahi zuen, euskaraz. Baina giroa ez zen horretarako sobera aproposa, are gutxiago Zuberoan. Kilikas estudioa sortu zuen Altzain (Zuberoa), 1987an, eta harrezkero bertan grabatu ditu bere lan guztiak, baita beste askorenak ere.

Baina euskal rockaren aitzindaria izatearekin batera, euskal kanta tradizionala ere landu du Lan horren lekukotasuna disko batean jaso zuten, Eperra (Elkar, 2004).

1990.urtean sortutako Hapa Hapa taldearekin izango dugu jaialdian. Hauekin bi disko grabatu ditu orain arte, Gili-­‐gilikatzen haüt (Zohardi, 1996) eta Minuette (Elkar, 2005).

Horrez gain, 2007an egin zen hamabosgarren Korrikaren kantua egin zuen.

Xabier Diaz & Adufeiras de Salitre (Galiza)

Xabier  Diaz  betidanik  egon  izan  da  folk  Galizarrari  lotua,  dela  ikerketa  lanetan  dela  irakaskuntzan dela elkarte desberdinetan. 2008an Berrogüeto taldearekin hasi zuen ibilbide oparoan  hainbat  disko  kaleratu  zituen,  Kosmogonias  (2010)  eta  O  pulso  da  terra  (2011)  esaterako.

Hainbat  artistekin  jo  du  diskoetan  zein  zuzenekoetan,  besteak  beste,  Carmen  París,  Xosé  Manuel Budiño, Kepa Junquera, Guadi Galego eta Os Cempésekoekin. Bere musika hainbat herrialdetan  hedatu  du,  hala  nola  Mexiko,  Zimbaue,  Alemania,  Uruguai,  Italia,  Peru,  Danimarka, Frantza, Suitza, Argentina, Noruega, Belgika, Kuba, Eskozia eta Irlandan.

2015eko  azaroan  The  tambourine  man diskoa  kaleratu  zuen  Adufeiras  de  Salitre  kantariekin.  Galiziar diskorik onenaren saria eskuratu zuten Musika Independiente sarietan (2016). Horrez gain, disko honekin 2 hilabetez Europako World Music Charts zerrendetan lehen 10en artean egon  ziren.  2018an  heldu  zen    Noró,  Algunhas  músicas  do  Norte  eta  bi  urte  beranduago,  2020an, As Catedrais silenciadas. Disko honek despoblazioaren, landa eremuen hustearen eta galiziar kulturaren zein identitatearen galerak hausnartzen ditu.

Fanfara Transilvania (Transilvania)

Fanfara Transilvania  Balkan  Gypsy  Brass  banda  zoragarria  da.  Karpato  mendietako  Cugir  hiritik datoz. Bertan sortu zen 2008an. 10 bat musikarik osatzen dute taldea, euren artean, anaiak,  lehengusuak,  eta  aitazeak  dira.  Umetatik  lantzen  dituzte  musikaren  transmisioa  eta  komunitatearen garrantzia, horrela lortzen dute euren kultura mantentzea. Heuren jardunean ohikoa da jaunartze, jaiotza edota ezkontzetan jotzea.

Metalezko  instrumentuekin  ijitu  musika  tradizionala  (romania)  zein  balkanetako  melodia  ritmikoak uztartzen dituzte.

Musikariak,  orohar,  hainbat  musika  estilo  jotzera  ohituak  daude,  eta  gehiengoak  musika  irakurtzen ez dakien arren, edozein melodia jotzeko gai dira behin entzunda bada ere. Erritmo multifazetikoak eta dantza tradizionalen armoniak modu zorrotz eta zuzenean jotzeko gai dira. Ehundaka  kontzertu  emandakoak  dira  Txekia,  Italia,  Polonia,  Frantzia,  Eslovakia  edota  Lituanian.

Nanook (Groenlandia)

Nannok taldea Christian eta Frederik Elsner-­‐ek sortu zuten. Bi anaiak, euren gurasoekin batera, Groenlandiako zigilu diskografiko garrantzitsuenaren sortzaileak dira: Atlantic Music.

Lehen  diskoa  2009an  argitaratu  zuten:  Seqinitta  Qinngorpaatit.  Mik  S  Christensen  ekoizle  danimarkarrarekin grabatu zuten. Urte bat beranduago KODA kudeaketa kolektiboko elkarte danimarkarrak  album  onearen  saria  eman  zion.  5000  ale  salduko  zituen  Groenlandian  eta  urrezko diskoa lortu zuten.

2011an  grabatu  zuten  bigarrena  eta  2013an  hirugarrena.  Urtebete  beranduako,  beste  disko  bat kaleratu zuten, Pissaaneqaqisut, zeinarengatik 2015ean KODAk berriz saritu zuen.

Nanook taldekoak Groenlandian, Islandian, Noruegan, Feroe Irletan, Estatu Batuetan, Kanadan eta  Japonian  izanak  dira  eta  15.000  disko  saldu  dituzte.  Horrez  gain,  heuren  hainbat  abesti  Discovery Channel 4-­‐ko Flying Wild Alaska telesaierako erabili dituzte.

Liher (Euskal Herria)

2015.  urtean  hasi  zuen  ibilbidea  Liher  proiektuak.  Bakarkako  maketa  bat  atera  zuen  orain  taldeko abeslari eta gitarra-­‐jole den Lide Hernandok, Arrazoi gutxi, denbora asko izenekoa. Ondoren talde bilakatu zen proiektua eta egun Iñigo Etxarrik (gitarra, koroak), Joshka Natkek (baxua, koroak) eta Ander Berzosak (bateria) osatzen dute Liher taldea.

2016an Hauts izeneko  lehen  lan  luzea  argitaratu  zuten,  2018an Tenpluak  Erre,  zeinarekin  taldeak rockaren soinu gogorragoetarako bidea hartu zuen. Bide honetatik jarraituz 2020an Hemen  herensugeak  daude liburu-­‐diskoa  argitaratu  zuten,  eta  2021eko  azaroan Eta  hutsa zen helmuga lan berriena. Lau lan hauetan rock musikaren adar ezberdinak nahastuz, estilo  eta  soinu  gero  eta  pertsonalagoa  garatu  du  taldeak,  zuzeneko  indartsuetan  erakusten  dutelarik euren aurpegirik sendoena.