«Muskerra», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko ekaina
Muskerra, politez, sano polita da, bere kolore berde eta urdinekaz. Gaur egun, badakigu jakin bereno bakoa dana, baina lehenago, gure herrian ezjakintasunagaitik, bildur handia izaten jakon muskerrari ia-ia subeari bestekoa. Gure zaharren irakatsietatik dakigu muskerra dagoan lekutik hur subea ibilten dala eta kontuz ibilteko esaten euskuen, batez be, udako egun beroetan. Zergaitik ba orduan hainbesteko bildurra muskerrari? Ba, aiko. Gure zaharrei entzuten geuntsan, batez be, egintza txarren bat egin ezkero, muskerrak bernatik ausiki egiten ebala edo samara saltu eta barruan sartu. Haginok soltatu edo samatik aterateko komediak biziten ei ebezan. Kasurako, Gorbeialdean entzunda daukadanez, Bariku Santuz, eleizara barik labegurretan joan zan bati muskerrak haginka egin ei eutsan bernatik eta ezin soltatu ezelan be. Abadegana joan zan eta bedeikazinoa emoteaz gain, zazpi herritako kanpaiak joteko agindu eutsan. Agindu hori bete ebanean, amorruz beterik soltatu eta alde egin ei eutsan musker mantzin demonintruak. Herri-siniskera horregaz, zelan ez euki bildurra muskerrari? Bizitzan beti daukagu zer ikusi eta zer ikasi. Baina «bildurra librea da».