Naizen familia: «Errealitate hau zabaltzea garrantzitsua ikusten dugu»
Transexualitatea
Muniozguren Corrales familia
BINKE / 2021eko apirila
«Errealitate hau zabaltzea garrantzitsua ikusten dugu»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Transexualitatearen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna martxoaren 31n izan zen. Asko dira egun horrekin euren burua islatuta ikusten dutenak, Aintzane, Asier, Ane eta Ekaitza galdakoztarrak bezala.
Gure gizartea gehiago dago eginda besteen pentsamenduak asetzeko norbera zoriontsu izateko baino, eta horrek ez luke horrela izan beharko. Horretaz asko daki Muniozguren Corrales familiak, eta eurekin egon gura izan du Binkek Transexualitatearen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunaren harira.
Zerk eraman zintuen Naizeneko kide izatera? Alaba bi ditugu; nagusia Ane, 13 urtekoa, eta txikia Ekaitza, 8 urtekoa. Ekaitza jaio zenean hanka tartean zakila zuenez mutila zela pentsatu genuen eta hala tratatu izan dugu urteetan. Txiki-txikitatik beste bat zenaren seinale pilo bidaltzen zizkigun, baina gu ez geunden prest horiek ulertzeko. Azkenean, Ekaitzari galdera zuzena egitera ausartu ginen: «Laztana, zu nor/zer sentitzen zara?» eta berak argi eta garbi esan zigun, «ni neska naiz». Urteetan itxaron dugun erantzuna zen eta hortik aurrera beldurraz gainezka Naizen elkartearekin harremanetan jarri ginen.
Gurasoen prestakuntza zein puntura arte da garrantzitsua? Gurasoak inoiz ez gaude prest errealitate honi aurre egiteko. Gure familian betidanik nahiko mentalitate irekia izan dugu, hala ere, guraso bezala inoiz ez duzu nahi zure seme edo alabak bizitzan bide zailago bat izatea; argitu beharra dagoelako inork ez duela bide zailago bat nahita aukeratzen. Zoritxarrez, gaur egun, oraindik horrela dago egoera eta horregatik errealitate hau ahalik eta gehien zabaltzea garrantzitsua ikusten dugu, gizarteak edozein pertsona edo familia modukoak garela uler dezan.
Eta ikastolan, zelan? Gure alabak Eguzkibegi Ikastolara doaz, eta hasieratik laguntzeko prest egon direnez, orokorrean ondo moldatu direla esan dezakegu. Bestalde, argitu beharra dago edozein ikastetxetan kasu bat eman arte zentroak ez daudela prest errealitate honi aurre egiteko. Naizen elkarteak emandako informazioari esker, gurasoak arduratzen gara zentroek jarraitu behar dituzten pausoez. Hau da, Berdindu Eskolak Eusko Jaurlaritza sailekoekin harremanetan jarri behar dira eta eurek protokoloa ezartzen laguntzen diete. Horrekin, zentroko klaustroak doako formakuntza jasotzen du.
Zeintzuk izan dira bidean aurkitu dituzuen oztopoak? Zorionez Euskal Herriko 2012ko legeak Ekaitzari izena eta sexu aldaketa egiteko aukera eman digu, baina oraindik espainiar estatuan ezin izan dugu aldaketarik egin: ez jaiotza-agirian ezta NANean ere. Beste alde batetik, Ekaitza oraindik ume bat da eta zorionez momentura arte oztopo gutxi aurkitu ditu gizarteari dagokionez. Hala ere, garairik latzena nerabezaroa izaten da eta horrek beldurra ematen digu.
Zein gomendio emango zenieke zuen egoeran dagoen familia berri bati? Zaila da beste familia bati gomendioren bat ematea, bakoitzak bere denbora behar duelako informazioa prozesatzeko eta bakoitzak oso esperientzia ezberdina bizi ahal duelako, baina bai esango genieke errealitate hau bizi dugun gero eta familia gehiago gaudela eta beldurra sentiarazi arren merezi duela zure seme edo alabaren begietan islatzen den poztasun eta askatasuna ikustea. Gainera, horrelako egoera baten familiaren artean lortzen den konplizitatea izugarria da.