Olabarrietako lehenengo harria gune historikotzat «lehenbailehen» hartzea eskatu dute
Auzoak
BINKE / 2022ko urtarrila
Olabarrietako lehenengo harria gune historikotzat «lehenbailehen» hartzea eskatu dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartea
Olabarrieta auzoaren lehenengo harria 1947an jarri zen, eta dokumentu historikoak omen ditu gordeta bere azpian. Zaintzetik urrun, Udalak kontainer batzuk jarri dituela salatu dute bertako auzo elkartekoek, eta «lehenbailen kentzeko eta gune hori historikotzat hartzeko» eskatu diote.
Olabarrieta auzo galdakoztarreko lehenengo harria 1947ko irailean jarri zen. Harriaren ezartze horretara ez ziren auzokide asko bertaratu, auzoan bizilagunak apenas zeudelako oraindik. Baina bai bertaratu ziren pertsona garrantzitsu asko, besteak beste, auzoa eraikiko zuten beharginak, Udaleko ordezkariak eta garai hartako elizbarrutiko apezpikua. Azken honek harria bedeinkatu ere egin zuen, auzo elkarteak Binkeri utzitako irudian ageri den bezala.
Lagunartean «Firestoneko pobladua» deituko zioten auzoaren lehenengo lan garrantzitsuenak 1949ean amaitu zituzten, urte horretako azaroaren 11n El Correo Español egunkariak argitaratu zuenaren arabera.
Harri haren azpian, «obra horregaz lotutako dokumentu eta objektuak sartu ebezan», Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak adierazi bezala, eta «horregatik da garrantzitsua gure auzoaren historian gune txiki hau». Horrexegatik ere bidegurutze hau zaindu gura dute, eta hala egin dezan eskatu gura diote Galdakaoko Udalari ere.
«Baina ez zaintzeagaz nahikoa ez, eta orain gainera kontainer batzuk jarri dabez horren pare-parean», salatu dute auzokideek, eta gaineratu: «Honegaz, harria ez ikusteaz eta daukan balioa gutxiesteaz gain, hondatu be egin leike edukiontziak jarri eta kentzerako orduan».
Guzti horregatik, «kontainer horreik lehenbailehen kentzeko eskatzen deutsagu Galdakaoko Udalari, eta gune hori herriko gune historikotzat hartu dagiala». Udalak, bere aldetik, ez du oraindik eskaera horren aurrean erantzunik eman.