Ondarearen katalogoa bertan behera uztea erabaki du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Irati Alonso García
Ondarearen katalogoaren harira sortu den polemika ikusita, eta «horren arrazoia gaizki ulertzeak direla sinetsita», Galdakaoko Udal Gobernuak atzera egin eta ekimenaren tramitazioa bertan behera uztea erabaki du. Bost puntu jakinarazi nahi izan dizkie herritarrei, hala ere, Galdakaoko Udalak.
Galdakaoko eta Usansoloko kultur ondarea babesteko eta eraisteak saihesteko helburuz Galdakaoko Udal Gobernuak ondarearen katalogoa egiteko abiatu zuen tramitazioa bertan behera uztea erabaki duela iragarri berri du ohar bidez prentsa arduradunak gaur, otsailak 14.
«Galdakaorentzat eta galdakoztarrentzat bere ondarea babestea aberasgarria eta positiboa dela seguru» dago Udala, baina «prozedurak zenbait herritarren artean ezinegona eta urduritasuna» eragin dituela ikusita, erabaki hori hartu du Udal Gobernuak. Ohar horretan adierazi bezala, «horren arrazoia gaizki ulertzeak direla sinetsita» dago Udala, eta, «egindako akatsak onartuta» atzera egitea erabaki du.
Gaiaren inguruan honakoa jakinarazi nahi die Udalak herritarrei, hitzez hitz:
- Osoko bilkuraren erabakia bertan behera geratu dadin tramiteak egiten hasi da Udala.
- Udal Gobernuak herriko ondarea babesteko konpromisoa berresten du. Urteetan, herriko ondare kulturala desagertzen ikusi dugu eta joera hau gelditzeko eta gure ondareari behar duen babesa emateko katalogoa egiteko bidea hasi genuen. Helburua argia zen: eraispen gehiago saihestea.
- Ilusioz ekin diogu, herria aberastu egiten duelako ondare kulturalak eta herriaren izaera eta nortasuna definitu. Horregatik, kezka sortu digu katalogoaren parte den eremu bateko herritar batzuek desadostasuna adierazi izanak.
- Herritar hauen ezinegona ezagutu dugunean informazio prozesu bat jarri dugu abian Parte Hartze Arlotik: bilerak egin dira, eta herritarren zalantza eta galderak aurrez aurre batzeko bestelako baliabideak jarri dira.
- Entzute ariketa hau egin ondoren dator Udal Gobernuaren atzera egiteko erabakia eta hemendik aurrera pauso hauek emango ditu:
- Informazio lanetan sakonduko da.
- Arlo teknikoei buruzko zalantzak argitzeko bi bilera ireki egingo dira: datorren astelehenean, otsailak 20, 18:00etan, Olabarrietako adineko pertsonen lokalean, eta asteartean, otsailak 21, 18:00etan, udaletxean. Bilera horietan udaleko pertsonal teknikoak eta zinegotziek parte hartuko dute egon daitezkeen zalantza teknikoak argitzeko.
- Kultur ondareari buruzko hitzaldia egingo da datorren asteko asteazkenean, otsailak 22, 19:00etan, Torrezabalen. Bertan izango ditugu hizlari Alberto Santana historialari ospetsua, eta Maria Jesus Pacho Artearen eta Arkitekturaren Historian zein Ondare Arkitekturan aditua den EHUko irakaslea. Jesus Muñiz ondare historiko-artistikoan aditua den galdakoztarra arituko da aurkezle eta moderatzaile.
- Asteotan gehien errepikatu diren zalantzen erantzunak idatziz helaraziko zaizkie etxera katalogoak zuzenean eragiten dien Olabarrietako eta Tximelarreko multzo arkitektonikoetako auzokideei. Otsail honetan herritarren ekarpenak jasotzen ari gara, eta katalogo proposamena berrikusiko dugu berriro, antzemandako akats eta ekarpenak kontuan hartuta. Horretarako, indargabetu egingo dugu hasierako onarpena.
- Ordenantza fiskalak prestatuko dira ondare katalogoan dauden etxebizitzentzako onurak onartzeko.
- Katalogoarekin batera adosten den arautegia osatu eta zehaztuko da, eta bertan argiago geratuko da oinarrizko babes mailak zer suposatzen duen.
- Hasierako onarpenaren izapidetze berria ordenantza fiskal hauek onartu eta katalogoa bizilagunen ekarpenekin berrikusi eta osatu ondoren egingo da.
- Izapidetze horrekin hasi aurretik, harremanetan jarriko gara jabe bakoitzari informazio guztia emateko.
- Informazio lanetan sakonduko da.