Ondarroako mural ezaguna Galdakaoko artista berak egin zuen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Street Art Cities
Lian izenez ezaguna den artistak margoztu zuen Galdakaoko udaletxe ondoan dagoen murala. Ondarroan ere ikusi daiteke haren sorkuntza koloretsuetako bat eta honek munduko mural politenaren saria jaso dezake, Street Art Cities webgunearen eskutik.
Urtero ematen du Street Art Cities webguneak mural politenaren saria. Aurten ere munduko ehun sorkuntza aukeratu ditu eta horietako bat Bizkaian dago, Ondarroan zehazki. Lian izenez ezaguna den artistak margoztu du, Galdakaoko udaletxe ondoan ikusi daitekeen murala egin zuenak.
Ondarroako Kamiñazpi auzoan kokatuta dago murala eta saregileei eta herriko emakume guztiei egindako omenaldia da. Koloreetako sareak ehuntzen dituzten bi esku handi irudikatu ditu Lianek horretarako. «Makurtzeari uko egiten dion arketipo bat sinbolizatu nahi du, begi hutsez ikusten dena baino zerbait gehiago ehuntzen duena. Sareak identitate indibiduala eta kolektiboa adierazten du», azaldu dute webgunetik.
Publikoak erabakiko du Lianen murala munduko politena den ala ez. Horretarako, botoa eman daiteke urtarrilaren 31ra arte Street Arte Cities aplikazioaren bitartez.
2019an urte horretako onenen artean izan zen ere Lianen muraletako bat. Zehazki, 46. lekuan jarri zuen Leitzan egina duen murala.
Galdakaoko murala
Lianek Galdakaon egindako murala Juan Bautista Uriarte kaleko 61. atariaren atzealdean dago, Udaletxe ondoko aparkalekura ematen duela. Hiru esku desberdin batzen dira irudian: adineko pertsona batena, gazteago batena eta esku beltz edo mestizo bat.
«Adin eta etnia desberdinetako eskuak daude trentza egiten. Eta koloreak ditu: ikusteko modu diferenteak, izaera eta estilo diferenteak. Denak batzen dira trentza egiteko; esku diferente horiek ileak batzen ari dira zerbait indartsua osatzeko, eta indar horrek kolorea ematen dio ezkerraldean ikusten dugun pertsonaren aurpegiari, bizitza ematen dio. Hori adierazi nahi dut: batzen bagara indartsu egiten garela, eta jendeari, herriari, bizitza emtan diogula, kolorea», azaldu zuen Lianek murala aurkeztu zuenean.
Sorkuntzak harrera positiboa izan zuen herritarren artean eta artistak asko eskertu zuen: «Murala begiratzen dutenean jendearen aurpegia ikustea itzela da; hori da politena: jende nagusiaren, gaztearen, eta jende guztiaren espresioak ikustea murala begiratzen dutenean».