Oroimenaren Bulegoa irekiko du Aranzadik Galdakaon, urriko lau eguaztenetan
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Herritarrek sufritutako «mota eta alde guztietako Giza Eskubideen urraketen testigantzak» jasoko dira datozen lau eguaztenetan Galdakaon, Aranzadiren bitartez. Horretarako, 1936tik edozein biolentzia mota sufritu dutenak animatu gura dituzte Oroimenaren Bulegora jo dezaten. Horren harira, hitzaldi bi ere eskainiko dira urriaren 7an eta 14an.
Joan den ekainean aurkeztu zuen Galdakoko Udalak, egun udaletxean ordezkatuta dauden alderdi guztien adostasunarekin batera proiektuaren lehen zirriborroa. Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera eginiko elkarlana izango da hau, helburu argi batekin: «Memoria osoa berreskuratu eta gure herrikideek sufritutako errealitate guztiei izen-abizenak jartzea». Hala azaldu zuen Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak ekainean.
Gaur egindako prentsaurrekoan ordea proiektuaren nondik norakoak are gehiago zehaztu eta epe motzean zein luzean dituzten helburuak zeintzuk izango diren azpimarratu ditu Hernandok, Aranzadi elkarteko Javi Buces historialariarekin batera.
Urte biko ibilbidea izango duen ikerketa honek bi bide desberdin izango ditu iturri nagusi. Batetik, artxiboetara —tokikoak, militarrak zein estatukoak— jo eta orain arte bildutakoak ere jasoko dituzte. Hala ere, bigarren iturriari eman diote garrantzirik eta handiena. Bada, urriko lau eguaztenetan galdakoztarren testigantzak jasoko dituzte. Konfidentzialtasunaren berme osoz eta nahieran, mota guztietako Giza Eskubideen urraketen testigantzak jasotzeko irekiko dute bulegoa Torrezabal Kultur Etxean. Hilabetez egongo da irekita, eta modu idatzian zein telefonoz ere jasoko ditu Aranzadik lekukotasunak.
Bucesek argitu bezala, testigantza hauetan galdakoztar eta usansolotar orok hartu ahalko du parte, hots, «pairatutako Giza Eskubideen urraketa hori ez da soilik herrian bertan gertatua izan beharko nahitaez, herritik kanpo gertatutako pasarteek ere izango dute lekua proiektuaren baitan» azaldu du, eta zehaztu, «testigantza galdakoztar edo usansolotar baten ahotik datorren heinean ondo etorria izango da».
Ez hori bakarrik. Testigantzen bilketarekin batera bi hitzaldi eskainiko dira Gandasegiko eskolan datozen bi eguenetan 19:00etan.
Testuinguruan, bi hitzaldi
- Urriak 7, eguena, 19:00etan Gandasegi ikastetxeko areto nagusian
Biktimen politikak: azterketa kritikoa
JON MIRENA LANDA, EHU Zuzenbide Penaleko katedradunaren eskutik. - Urriak 14, eguena, 19:00etan Gandasegi ikastetxeko areto nagusian
Atzoko mugak, gaurko hesiak: migrazioak, erbesteratzeak, harrera eta gaitzespena Europa garaikidean
JOSU CHUECA, EHUko Historia Garaikideko doktorearen eskutik.
Proiektuak berak bi urteko ibilbidea izango badu ere, urte bakoitzaren amaieran datuen lehen analisi bat kaleratuko dutela adierazi du Bucesek prentsaurrekoaren amaieran, nahiz eta behin behinekoak izan hauek. Hala, bi urteren bueltan egindako ikerketa behin bukatzean, datu hauek guztiak webgune baten bitartez plazaratuko dituztela nabarmendu du ere bai, «urraketa mota eta testigantza bakoitza bereiziz bertan».
Oroimenaren Bulegoaren bitartez bai Aranzadik eta baita Udalak ere «herri mailako memoriaren argazki integral bat egitea» dute xede. «Horretarako une aproposa orain dela» uste Bucesek, «duela ez askoko gertakariak badira ere, orain batu ezean hauek galdu egingo direlako». Ekainean alkateak azpimarratu zuen bezala, «nahitaezkoa dugu lehengo egia zein izan zen jakitea, bide honetan lortuko baita egia, justizia eta erreparazioa».
Galdakaoko Oroimen Bulegoa
- Datak: Urriak 6, 13, 20 eta 27, eguaztenak.
- Tokia: Torrezabal Kultur Etxeko lehenengo pisuan.
- Ordutegia: 10:00-13:00 eta 15:00-18:30.
Testigantzak uzteko beste bi bide
- Telefonoz: 943 466 142.
- Mezu bidez: memoria@aranzadi.eus