Osakidetzak kanpo-kontsultetarako eraikin berria sortuko du Usansoloko ospitalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
Osakidetzak 93 milioi euroko inbertsioa egingo du Usansoloko ospitalean kanpo-kontsultetarako eraikin berria sortzeko. Eraikina bederatzi solairutan banatuta egongo da eta bertan kokatuko dira kanpo-kontsultak, administrazio-eremua, irakaskuntza-gelak eta 1.000 plaza baino gehiagoko aparkalekua.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo Donostiako Alde Zaharreko osasun zentro berriaren inaugurazioan adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu Usansolo, Basurtu eta Donostiako ospitaleetako kanpo-kontsulten eraikin berriak eraikitzeko.
Usansoloko ospitalearen kasuan 93 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak eta eraikin berriak bederetazi solairu izango ditu. Bertan kokatuko dira kanpo-kontsultak, administrazio-eremua, irakaskuntza-gelak eta 1.129 plazako aparkaleku handi bat «egungo aparkatze-arazoari erantzungo diona» Metroaren 5. linearen geltokia ezartzearekin batera.
Maila asistentzialean, kanpo-kontsultetarako eraikin berrian 200 gela baino gehiago egongo dira kontsultak eta probak egiteko, eta bost gela balio anitzeko prozeduretarako, urologiatik eta dermatologiatik hurbil.
Era berean, erradiologia-eremuak bi mamografia-gela, bi teleaginte-gela, bi TAC-gela eta sei ekografia-gela izango ditu. Alde horretatik, «eraikin hori diseinatzean aintzat hartu den malgutasuna nabarmendu behar da, behar berrietara egokitzeko aukera ematen baitu, bai diseinu eta eraikuntza-prozesuan, bai gainerako balio-bizitzan», azpimarratu du Osakidetzak.
Era berean, azpiegitura berri horri esker, gaur egungo ospitaleko eraikin nagusian espazioak liberatu ahal izango dira, eta, hala, etorkizunean, endoskopia-eremua zabaldu eta egokitu ahal izango da, bronkoskopiarako eta arnas-errehabilitaziorako pneumologiako ospitale-eremua handitu ahal izango da edo larrialdi-zerbitzua handitu ahal izango da.
Halaber, kardiologia-zerbitzua bateratzea, eguneko ospitale medikoa handitzea, beste ospitalizazio-unitate bat gaitzea eta logistikako beste arlo batzuk hobetzea aintzat hartu dute.
Gaur egun, proiektua garapen fasean dago eta 36 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusten da.