Perretxikoen 1.109 izen euskaraz batu dituzte lehenengoz, Galdakaon
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Mikologiarekin duen zaletasunean, eta bereziki jakintzan, beste pauso garrantzitsu bat eman du gaur Galdakaok: perretxikoen izenak euskaraz batzen dituen lehenengo liburua kaleratu berri dute Jose Mari Mintegik eta Galdakaoko Udalak. Zenbait laguntzaile izan ditu lan horren argitalpenerako Mintegik, eta hemen kontatu dizugu aurkezpenak gaur eguerdian eman duena.
Ezaguna da Galdakaok perretxikoekiko eta, oro har, mikologiarekiko daukan zaletasuna. Baina ez zaletasuna bakarrik, jakintza handia izan duelako historian zehar herri honek. Horren adibide dira Jardunaldi Mikologikoak —aurten azaroaren 3tik 6ra bitarte antolatuko direnak— eta perretxikoen erakusketa zein lehiaketak, Bizkaiko zaharrenak eta Euskal Herriko bigarren zaharrenak Tolosakoen ostetik.
Baina orain, jakintza horrek beste pauso bat eman du mikologiaren esparruan: perretxikoen izenak euskaraz batzen dituen lehenengo liburua egin baitu Jose Mari Mintegi Zaratamon jaiotako galdakoztarrak. Guztira 176 genero mikologiko batu ditu mikologian adituak, 668 espezie eta 1.109 izen euskaraz. Liburu horrek, Mintegiren beraren sinaduraz gain, noski, Galdakaoko Udalaren zigilua darama.
Eguazten honetan aurkeztu dute prentsaurrean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Olaia Parra Kultura zinegotzia bertan daudela. Alkatearen esanetan, «Mintegi proposamen honegaz etorri jakunean, eta ikusita herri honek mikologiagaz daukan lotura estua, ezinezkoa egin jakun holako proposamen bati ezetz esatea». Era berean, zinegotziak adierazi du liburuak ikastetxeetan, udalerriko liburutegietan eta adinekoen egoitzetan banatuko direla, besteak beste.
«Liburu hau Galdakaoko herriari oparitu gura deutsat», esan du bere hitzartea hasi aurretik liburuaren egileak, adierazita, «euskarazko perretxikoen izenak inon ez dagozala batuta, eta galdu ezean, galdu egingo dira historian zehar». Ondorioz, «mikologiak galduko dau, baina baita euskereak be», azpimarratu du Mintegik.
Lau urte behar izan ditu egileak liburu hau egiteko, eta beste 20 liburu izan ditu informazio-iturri. Lau urteko lan horretan zenbait laguntzaile izan ditu Jose Marik: Manu Etxebarria euskaltzaina, Euskal Filologian doktorea eta Binkeko kolaboratzaile estua batetik, eta Angel Mari Ibarra, Eduardo Madina, Antonio Ansuategi, Ricardo Ibarretxe eta Jose Mari Aizarna bestetik. Liburuko laguntzaileen artean ez da ageri, ordea, baina Mintegik prentsaurrekoan aipatu du beretzako laguntzaile handia izan dena —eta liburuan bere izenik agertzea gura ez duena—: Ane Orue iloba.
Esker ona ere adierazi die egileak Manuela Arrieta 101 urteko galdakoztarrari —Binkek ateratako argazkian ageri dena, Arrietaren alabarekin eta liburuaren bi egile nagusiekin—, Honorio Arrietari, Pedro Arriortuari eta Eusebio Yurrebasori.
Aurretik aipatu bezala, Manu Etxebarriak —argazkian Mintegirekin batera ere agertzen denak (ezker)— asko lagundu du Mintegi lan honen argitalpenean. Eta Etxebarriak berak aurkezpenean azpimarratu ditu lan berri honek dituen hiru balio: balio mikologikoa, etnografikoa eta linguistikoa. Binkeren ohiko kolaboratzaileak azken bietan egin du ekarpena: etnografikoan, herritik jasotakoa ahalik eta txukunen jasotzeko, eta linguistikoan, hizkuntza eta hizkera aldetik egoki egon daiten.