Peru Magdalenak 100 haikuz osotutako liburua aurkeztu du Sormenen: «Tantaka»
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Peru Magdalenak 100 haikuz osotutako liburua aurkeztu du Sormenen: «Tantaka»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Asel Luzarragak Euskal Herritik kanpo bizitakoa kontatu ostean, eguneko azken literatur saioak hasiera eman dio Torrezabalen 19:00etan. Bertan, Peru Magdalena Gotzon Barandiaranekin solasean ibili da «Tantaka» obra Sormeneko publikoari aurkezteko.
Gaurkoan Gotzon Barandiaranek Peru Magdalena elkarrizketatu du Torrezabalen. Magdalena idazle, bertsolari eta margolari bizkaitarra da. Euskal Herriko literaturan poemekin nagusitu da bere ibilbidean zehar, eta, idazleak berenganatu duen ezaugarri bat, batez ere, poema laburrak idaztea izan da. Bestalde, bertsolaritzaren munduan ibilitakoa da, eta neurrian edo sonoritatean badu bere esperientzia. Bere poemek duten arintasuna eta bertsolaritzarekin berenganatu duen neurri eta soinuak kontuan hartuz, gaurkoan euskal literaturaren panoraman estruktura aldetik berria den poema liburua aurkeztu du Sormenen.
Magdalenaren azken obra «Tantaka» deitzen da, eta haiku liburua da: poesia japoniarrean jatorria duen poemen bilduma. Haikuak hamazazpi silaba eta hiru bertso dituzten poema laburrak dira eta idazleak horrelako 100 txertatu ditu bere obran. Idazleak Sormenen azaldu duen moduan, liburuaren izenburuak badu bere zergatia: «Tantaz-tanta eginiko liburua da, haiku bakoitza txikia bada ere tanta bat delako, gure odol tanta batek gure informazioa daroan moduan». Aipatzekoa da ere haikuak berez Japonian aurki daitezkeen elementuetan oinarritzen direla, hala nola Fuji Mendian, baina Magdalenak bere poemak gure kulturan oinarritu ditu. Hori dela eta, haikuetan agertzen diren elementuak Anboto, sugandilak edota perretxikoak dira.
Idazleak Barandiarani adierazi dionez, bi atal nagusitan banatu du liburua; lehenengoa borobil deitzen da eta bigarrena hiruki. Bien arteko ezberdintasun nagusia lehenengo taldeko haikuak horizontalean daudela eta bigarrenekoak bertikalean agertzen direla da. Barandiaran eta Magdalena saioan zehar gehienbat liburuaren inguruko xehetasunez ibili dira solasean, eta liburua esku artean izan dutenez, bertan agertzen diren pasarte batzuk irakurtzera animatu dira. Ikusleak harrituta gelditu dira haikuek dituzten sakontasunaz, modu pertsonal eta gogoetatuan interpretatzeko poemak baitira.
Eguna amaitzeko, Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du Torrezabalen, eta bertan, bakarkako «Irteera argiak» diskoa aurkeztuko du. Gogoratu Sormeneko saio guztiak gure webguneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango direla streaming bidez.